“Asko aldatu da ludopaten profila; orain gazteagoak dira”

P. Azpillaga

Iceberg baten gisan, adituek diote gaur egun jokoaren hazkundearen ondorioen punta ikusteko baino ez garela gai. Oraingoz azaleratu dena lagin txiki bat baino ez dela. Eta, hala ere, Javier Cuevas (Barakaldo, 1953) Ekintza Aluviz Bizkaiko ludopatentzako laguntza elkarteko ordezkariak argi du arazo hori”esponentzialki” haziko dela.

Orain dela hamazortzi urte izan zuen berak elkartearen berri. Bere adikzioari aurre egin eta errehabilitazio prozesua burutu ostean hasi zen arazo bera zuten pertsonei laguntza ematen. Nabarmendu duenez, errehabilitazioa egin arren, ludopatia bizi osorako gaitza da, beste edozein adikzio bezala.

Nola murgiltzen da pertsona bat jokoan?

Zaila da esatea. Nire garaian, makina txanponjaleetan ibiltzen ginen batik bat. Inor ez da behartzen jokoan murgiltzera, inor alkoholiko izatera behartzen ez den bezala. Bakoitzak bere aitzakiak sortzen ditu, eta, azkenean, biderik errazena hartzen du.

Nola eragiten dio ludopatiak pertsona baten bizimoduari?

Pentsatzen bada ere arlo ekonomikoa dela larriena, orokorrean ez da hala. Hori erraz konpondu daiteke. Agian, denbora behar duzu; baina konpontzeko modukoa da. Oinaze psikologikoa gainditzea, ordea, askoz zailagoa da. Familiari eta zeure buruari egin diezun kaltea onbideratzea oso zaila da: autoestimu baxua, erruduntasuna… Familiako kideei ere asko kostatzen zaie egoera ulertzea: nola gertatu den dena haiek ezer jakin gabe…

Prozesu luzea da, hortaz.

Beste adikzio batzuekin gertatzen ez den bezala, ludopatoi ez zaigu nabaritzen; fisikoki ez du eraginik izaten. Baina, hori bai; badugu ezaugarri berezi bat: ludopata bihurtzen zarenean, gezurti konpultsibo bihurtzen zara. Gezurretan hasten zara adikzioa ezkutatzeko, eta horregatik da hain luzea gero familia eremua eta eremu pertsonala berreraikitzea. Horrez gain, jokoak ardura kentzen dizu, galdu egiten duzu zeure burua kontrolatzeko gaitasuna.

Nola egiten zaio aurre halako egoera bati?

Garrantzitsuena laguntza eskatzea da; ia ezinezkoa da zeure kabuz egoerari aurre egitea. Normalean, ez zara goiz batean altxatzen pentsatuz ludopata izateari utzi nahi diozula; izan ere, normalean zeure burua engainatu egiten duzu lehenik. Horregatik, arlo ekonomikoak leherrarazi ohi du egoera: bat-batean, ez dago nondik jo, eta hor jada gezurrek ez dute balio. Elkartera heltzen zarenean, familiakoak baino erlaxatuago zaude, azkenik arazoa kontatu egin duzulako eta zure motxila haiei pasatu diezulako.

Zuk hamazortzi urte daramatzazu ludopatekin lanean. Asko aldatu da egoera?

Izugarri. Elkarteak 30 urte ditu, eta gero eta jende gehiago etortzen da. Joan den urtean, 256 pertsona etorri ziren laguntza eske. Horri familiakoak gehitzen badizkiozu, esan daiteke seiehun pertsona baino gehiago artatu genituela.

Baina batez ere erabiltzailearen profila aldatu da: gero eta gazte gehiago daude. Lehen, 40 eta 55 urte bitarteko gizonak jasotzen genituen gehienbat, eta, egun, 20 eta 30 urteko gazteak dira nagusi.

Zergatik uste duzu gertatu dela hori?

2014ko joko araudiaren eraginez, ikaragarri hazi da jokoa: joko aretoak, kirol apustuak, online jokoa, Internet… Apusturako aukerak asko handitu dira. Gainera, publizitatearekin arazo itzela dago; neurrigabea da. Erasokorra da oso, eta gizartearen segmentu jakin batentzat egina dago.

Zein da apustu etxeek publizitatearen bidez helarazten duten mezua?

Oso mezu arriskutsua erabiltzen dute. Apustuak dirua erraz irabazteko modu bat direla diote. Dirua ematen dizute hasieran, eta haien mezua argia da: apusturik egiten ez baduzu, tontoa zara. Hala ere, ez du inork irabazten. Inor ez da aberats bihurtzen jokoaren bidez: hasten zarenetik amaitu arte, partida batean murgiltzen zara, eta, azkenean, saldoa negatiboa da beti. Ezin dute jokoa hala saldu. Horren aurrean, gizartearen ardura da gazteak heztea eta prebentzioa sustatzea. Mapa bat hartzen baduzu, ikus daiteke nola joko aretoak ez dituzten edonon zabaldu: institutuen parean daude. Oso ondo dakite zer egiten duten. Joan den urtean, Euskal Herrian dauden hiru apustu etxek 300 milioi euro gastatu zituzten publizitatean soilik.

Beraz, zure ustez, jokoari mugak jarri beharko litzaizkioke.

Guk beti diogu ez gaudela jokoaren kontra, baina bai haren ondorioen aurka. Kirol partida bat ikusten baduzu, atsedenaldian 30 iragarkitik 26 apustu etxeenak dira. Gainera, egun edonork egin dezake apustu; adin txikikoak ere erraz sartzen dira joko aretoetan, edo apustu egiten dute tabernetako makinetan. Neurri gehiago behar dira.

Zergatik ez dira neurriak hartzen?

Diru asko mugitzen duelako. Soilik bi aldek irabazten dute zerbait jokoarekin: apustu etxearen jabeak eta zergak jasotzen dituen estatuak. Nola debekatu zen tabakoaren publizitatea? Gizarteak eskatzen zuelako, eta estatuak ikusi zuelako merkeagoa zela tabakoari mugak jartzea osasun arloan eragiten zituen gastuei aurre egitea baino. Apustuekin gauza bera gertatuko da. Arazoa esponentzialki haziko da, eta, noizbait, guk existitzeari utziko diogu, arazoa osasun sistemaren bidez kudeatu beharko delako. Gizartearen indarra da neurririk eraginkorrena.