Zergatik

Nerea Ibarzabal

Belarriak zulatu zizkizutelako jaio berritan inork ez zintzan mutiltzat hartu, ilerik ez zeneukanean ere diademak jartzen zizkizutelako helburu berberarekin, ahul eta eder izateko hezi zaituztelako, neurritsu, alai baina ez marizoro, serio baina ez haserreti; akademikoki fin-fina izan zaren arren bizitza osoan, zure kideei baino gutxiago ordaintzen dizutelako lanean; normaltzat hartzen hasi zarelako parrandan ezezagunek ipurdia ukitzearena, bortxatu egin zaituztelako, hil egin zaituztelako. Tragedia bat delako zu loditzea, edo gehiegi argaltzea, edo erakargarri ez izatea. Bollera zikin bat zarelako, etorkin alu bat, puta zahar bat, tuntun bat, zatar bat.

Zure amona zure aitonarekin ezkontzera behartu zutelako jaio zarelako mundura, eta zure amak bere ibilbide profesionalari uko egin ziolako ere bai. Eta zu haurdun geratzeko adinean bazaude, ez zaituztelako kontratatuko leku horretan. Zure lanaren balioa ez delako kontuan hartzen. Bakarrik zaharrei fardelak aldatzea delako, bakarrik portalak garbitzea delako, bakarrik umeak zaintzea delako, kontraturik ere ez duzulako behar horretarako. Zuk ez baduzu etxea jasotzen, inork ez duelako jasoko. Zuk ez badituzu zaintzen, inork ez dituelako zainduko.

Kuotak ez direla beharrekoak esango dizulako, “merezimendua” dela kontua. Osorik mutilez osatutako ekimenek ez gaituztelako harritzen, generoa bakarrik zuk daukazulako. Ez dizulako aurpegira begiratzen taldean hitz egiterakoan. Esateko daukazunak ez diolako inporta. Ez jartzeko horrela esaten dizulako, nola borrokatu beharko zenukeen esaten dizulako, ez duelako nahi bere matxismoa errebisatu. Ez dakielako isilik egoten, hori zuri erakutsi dizutelako, ez berari.

Zure gorputza gorrotatzen ikasi duzulako. Sexu-harreman askeak izatea lan zaila delako zuretzat. Izan dituzun harreman heteroetan larru-aldia amaitutzat eman izan delako zu orgasmora iritsi gabe ere. Kondoirik gabe egin izan duzulako berak eskatu dizulako, kondoia kendu duelako zuri abisatu gabe, gustatzen ez zaizkizun gauzak egin izan dituzulako besteagatik. Ez zarelako ausartzen zure plazera aurretik jartzera.

Zure eskubideak ez daudelako bermatuta ez kalean, ez etxean, ez epaitegian. Ezer ez dagoelako zuretzat egina. Ez dizutelako sinesten. Zeuk ere zalantzan jartzeraino zeure burua. Zure bizitzak ez duelako berdin balio eta zure heriotzak ez duelako inporta. Eskuin muturrak dauden babeserako lege apurrak deuseztatu nahi dituelako. Okerragoa izan daitekeelako hau guztia.

Arrazoiak soberan dituzulako, ez zaudelako bakarrik, feminista zarelako, mundu injustu honen aurka altxatu nahi duzulako, martxoaren 8a borrokarako egun bat delako, hau ez delako gure bakea, hau ez delako gure sistema, hau ez delako nahi dugun bizi-eredua, bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako, hau ez delako konpontzen hitz politekin bakarrik. Honengatik guztiarengatik, gaur kaleak elkarrekin hartuko ditugu, laguna.