Laminen lihoari tiraka

Laminen lihoari tiraka

Peru Azpillaga Diez

Itsaslaminak aski ezagunak dira Europa osoko mitologia zabalean. Marinelen kondairen erreginak diren fikziozko pertsonaia horiek, gainera, istorio adina forma dituzte. Euskal Herriko mitologian ere leku berezi bat izan dute. Gurean, ordea, itsasoan ez ezik, erreketan eta leizeetan topa daitezke maiz laminak. Itsaslaminek ez bezala, ez dute arrain buztanik izaten, eta marinelen istorioetan ez baizik nekazarien istorioetan agertu ohi dira; gehienetan, ahate oinak dituzten emakume eder modura. Izaki mitologiko horien aztarna zenbait leku izenetan ere aurki daiteke; Bizkaian, esaterako, Lamiako (Leioa), Lamiaran (Mundaka) eta Lamera (Bermeo) toki ezagunak daude.

Laminen jardunari buruzko iritzi eta kondairak ere askotarikoak dira. Batzuen arabera, gizakiekin hartu-emana izaten zuten: tratuak egin eta opariak trukatzen zituzten. Beste batzuen esanetan, ordea, gizakiak bahitu egiten zituzten, menpean hartu, eta askaria egiteko baliatzen zituzten. Horretaz gain, urrezko orrazi bat erabili ohi zuten, eta irutea zuten ogibide nagusietako bat.

Besteak beste, hala ematen zituen egunak Laminakuk, Elantxobe alboko Ogoñoko koban. Laminaku, ordea, ez da inondik inora lamina arrunt bat. Izan ere, begi bakarra du kopetaren erdian, Tartaloren antzera, eta, Europako itsaslaminek bezala, arrain isatsa du, ahate oinak izan beharrean. Laminakuk, Ogoñoko koban iruten ematen ditu egunak, bere urrezko goruarekin, irun eta irun. Hori bai, kondairaren arabera, ez zen gizakiekin harremana izaten zuen lamina horietako bat, eta, Elantxobeko herrian esan ohi dutenez, garai jakin batez geroztik ez dio inori uzten bere haitzulo aurretik pasatzen. Norbait ausartzen baldin bada, Laminakuk morroi bihurtzen du betiko; eta hori, lehenago afaltzeko jaten ez badu.

Hala jaso zuen Toti Martinez de Lezeak Euskal Herriko Leiendak liburuan. Eta nola izan du hark Laminakuren berri? Bada, esaten denez, Elantxobeko bizilagun batek, behin, Laminaku topatu, eta haren atzaparretatik ihes egiteko azerikeria izan zuen. Nola? Martxoko oilarraren kukurrukuari eta lihoaren penak kontatzeari esker.

Lihoaren penak

Kondairaren arabera, Elantxobeko herrian bazen apustuak oso gustuko zituen gizon bat. Hain zen apustuzalea, non edozer jokatzeko prest agertzen baitzen beti, eta ez zuen inoiz atzera egiten. Baina, behin, herritarrek bere ausardia kolokan jartzeko moduko erronka bat bota zioten: “Zekor bat jokatuko dugu ezetz Ogoñoko haitzulo aurretik pasatu gaueko hamabietatik ordu bietara bitartean”. Herrian denek ondo zekiten tarte horretan pasatuz gero Laminakurekin bereak eta bi ikusi beharko zituztela.

Gizonak, ordea, ez zuen birritan pentsatu, eta gau horretan bertan abiatu zen kobara. Barrura sartzera zihoanean, Laminaku agertu zitzaion, pozik, bere begi bakar izugarriarekin, eta aldez aurretik dastatu zuen gau hartan izango zuen otordu berezia. Hori izan zen Laminakuren akatsa; izan ere, gizonak, egoeraren larritasunaz jabetuta, onik ateratzeko burutapen bat izan zuen: lihoaren penak banan-banan kontatzea.

Laminaku jakinguratsua zenez, eta haitzulo hartan egiteko askorik ez zuenez, gizonak proposatutakoa entzuteko prest agertu zen. Gizona, orduan, astiro-astiro, lihoak sortzen dituen pena guztiak azaltzen hasi zen banan-banan: “Lehenik, sorotik atera; gero, lehortu; gero, samurtu, eta berriz lehortu; gero, arbatu; gero, makilaz jo; gero, ezpatatu; gero, txarratu…”. Denborak aurrera egin ahala, gizonak eginbeharrak bata bestearen atzetik katramilatzen jarraitzen zuen; eta, azkenik, Laminaku gogaitu egin zen.

Orduan, erabaki zuen ez zuela gehiago itxaron nahi, eta heldu zela hura jateko garaia. Momentu hartantxe, ordea, oilarraren kukurrukua aditu zen kobazuloan durundaka, gaueko ordu biak zirela gogorarazten zuena. Hori entzunda, Laminaku, haserre, haitzuloan sartu zen ahal bezain azkar, eta oilarra madarikatu zuen: “Martxoan jaiotako oilar gorria! Afarirako neukan legatza kendu didak”. Gizona, beraz, onik itzuli zen herrira, eta aurrerantzean ez zituen apustuak onartu birritan pentsatu gabe.

Lihoa Bizkaiko soroetatik desagertua dago orain, baina, garai hartan, egundoko lana ematen zuen ereitetik ehuna osatu bitarteko prozesuak. Eginbehar neketsu hori emakumeek betetzen zuten batik bat. Diotenaren arabera, hain luzea zen prozesua, non, euskaraz, lihoaren penak kontatzea esan ohi zaion amaierarik ez duen istorio bat kontatzeari.