Bost testigantza

Bego Nuñez (Etxez etxeko langilea)
“Beharrezko zerbitzua da zaintza.
Ez digute ematen daukagun balioa”

Natalia Salazar Orbe

Sektore ahaztua da etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileena. Mobilizazioetan ari dira. Euren egoeraren berri eman du Bego Nuñezek (Bilbo, 1966).

Zer lan egiten duzue?

Mendekotasun legearen barruan, aldundiak ezartzen du erabiltzailearen mendekotasun gradua, eta horren araberako artatze lanak finkatzen ditu. Eguneroko oinarrizko jarduerak dira. Finkatzen du astean zenbat egunez eta orduz izango duten gure laguntza eta zer lan egin behar ditugun pertsona horien etxean.

Zer-nolako lan baldintzak dituzue?

Krisiaren ondorioz, behera egin du ematen den zerbitzuak. Askoz denbora gutxiagoan lan bera egin behar dugu. Lehenago, hiru etxetara joaten ginen; orain, berriz, lau edo bostera joan behar dugu. Arreta pertsonala da bereziki egin behar duguna. Erabiltzailea garbitu behar dugu, besteak beste. Beraz, egiten dugun zerbitzu bakoitzean, hasieratik hasi behar dugu. Gurean ez da goizean goiz hasi eta apurka erritmoa erlaxatzerik. Zerbitzu bakoitza hasi eta bukatu ostean, hurrengoari heldu behar diogu. Esfortzu bera egin behar dugu etxe guztietan. Bakarrik gaude haien etxeetan. Gaixotasun psikikoak dituzten erabiltzaileak ere badaude. Babesik gabe daude pertsona horiek guztiak. Guri dagokigunez, enpresek babesa ematen digute, baina guk egin behar diegu aurre egoerei.

Zerbitzua kudeatzen duten udal batzuetan, mugikortasunik ez duten erabiltzaileengana bi langile joateko eskatu dugu, eta ez digute ezetzik esan. Baina zerbitzua egiteko ordubete eman ordez, ordu erdian egin behar duzula esaten dizute. Zerbitzu partekatua nahi dut, baina ordubetekoa, erabiltzailea behar bezala artatzeko. Garbitzeko denbora bera behar baitugu pertsona bakarra edo bi egonda. Esfortzu fisikoa besterik ez da murrizten.

Zaintza gizartearen erantzukizuna izanik, behar bezala heltzen zaiola uste duzu?

Erakundeek ez. Pribatizatu egin dute. Beharrezko zerbitzua da. Eta ez digute ematen daukagun balioa. Erakundeek eurek ez badiote ematen garrantzia adinekoen eta mendekotasun egoeran dauden herritarren zaintzari, nora goaz? Gizarte Ongizateko ardura izan duen politikari batek esana da garbitzeko lanak egiteko oso garesti ateratzen ginela. Merkeagoa zela enpresa pribatu bati deitu eta etxeetan garbiketa orokorra egitea. Baina zeri buruz ari gara hizketan, bada? Ni ez noa garbiketa egitera. Erabiltzailearen behar batzuk asetzera noa.

Sektore feminizatua izatea lotuta al dago lan baldintzei eta aitortzarik ezari?

Bai. Adinekoak ere ez dituzte hartzen kontuan. Ez dizkiete beharrak asetzen. Zerbitzuetatik ateratzen zara ahal zenuen guztia eginda, baina ikusten duzu gabezia asko daudela.Erakundeek ez gaituzte hartzen kontuan. Baina noizbait daukagun garrantzia emango digutela pentsatu nahi dut. Erabiltzaileek, berriz, eskertu egiten dute gure lana.

 

Tamara Claveria (Amuge-ko kidea)
“Diskriminazio hirukoitza
bizi dugu emakume ijitoek”

Amuge Euskadiko Emakume Ijitoen elkarteak urteak daramatza emakume ijitoak ahalduntzearen alde lanean. Tamara Claveria (Bilbo, 1984) bertako kide da.

Zer ondorio ditu urteetan egin duzuen lanak?

Emaitzak ikusten ari gara. Ez dira nik nahiko nituzkeen bezain handiak, baina hezkuntzaren alorrean nabarmenak dira. Emakume ijitoak goi mailako graduetan daude. Trebatzen ari dira. Ahalduntzeari dagokionez, hainbat emakumek ikasteari ekin dio berriz, utzita eduki ostean. Otxarkoagan 150 lagun baino gehiago izan dira. Azken bost urteetan, garapena izugarria izan da. Aldaketa izugarria gertatzen ari da, gazte ijitoen artean bereziki.

Zer aldaketa ikusi nahiko zenuke zuk?

Emakume gehiago egon beharko lirateke kargu politiko eta publikoetan. Gure kulturari balioa ematea nahiko nuke, eta esparru guztietan presente egotea: ijito medikuak eta abokatuak egotea, besteak beste.

Non egin behar da indar horretarako?

Alde bietan. Lan handia egin behar da hezkuntza sisteman. Ghettoak saihestu behar dira auzoetan eta ikastetxeetan. Autoestimu apala arrastatzen dugu aspalditik. Ijito askok ez dute sentitzen eskolako espazio inklusiboa beraiena denik. Gure aldetik ere, eroso egotera ohitu gara: oinarrizkoa jakitea nahikoa dela pentsatuta. Hala ere, diskurtso hori aldatzen ari da.

Emakume ijitoek zapalkuntza bikoitza bizi al dute?

Diskriminazio hirukoitza sufritzen dugu emakume ijitoek: bat, gurea gizarte heteropatriarkala izanik balio maskulinoak nagusi diren mundu batean emakume izateagatik. Ijito ez den sistema batean ere bizi gara. Horren barruan, gizarteak txarrentzat duen etniako kide izateagatik bizi dugu bigarren diskriminazioa. Azkenik, lan merkaturako eta hezkuntzarako aukera gutxiago dugulako.

Zer dago egiteko emakumeek dagokien lekua hartzeko?

Gauza asko. Feminismoak markatzen dizkigu erronkak. Ardatz nagusiak hauek lirateke: emakume ijitoen maila akademikoa hobetu eta lan merkaturako prestakuntza hobetzea. Lehentasuna da guretzat. Horrez gain, gure kulturaren balioa handitu beharko litzateke. Emakume ijitoen errealitatearekin bat datorren irudi bat proiektatu behar da. Dauzkagun estigma sozialak desagerrarazi behar dira. Emakume ijitoei buruzko imajinario kolektiboa ez da erreala. Badirudi ezinezkoa dela ijitoa eta feminista izatea. Eta nola ez, indarkeria matxistak bukatzea ere bada feminismo ijitoaren erronka.

Askorentzat, ezinezkoa dirudi feminismoa ijitoekin lotzea.

Hala uste du jendeak. Baina ni banaiz feminista. Garrantzitsua da jakitea feminismoa emakumeen eskubideen alde borrokatzen dela. Eta gu emakumeak gara. Gizatasuna kentzen digute: badirudi ijitoak garela pertsonak izan aurretik. Horren alde borrokatzen ari gara.

 

Leia Zarate (Athleticeko jokalaria)
“Futbolean ere emakumeok
askoz traba gehiago izan ditugu”

Natalia Salazar Orbe

50.000 zale elkartu ziren San Mamesen, urtarrilean, Athleticeko emakumeen taldearen Kopako partida ikusteko. Leia Zaratek (Lezama, 1998) denboraldi osoan babes horren falta sumatu du .

Berdintasunaren alorrean aurrerapausorik egon al da kirolean azken urteetan?

Bai, azken urteetan baietz esango nuke, aurrerapausoak egon direla. Telebistan emakumeen partida gehiago ikusteko aukera dago. Prentsan ere hasi dira emakumeen kirola mugitzen. Hala ere, oraindik asko dago egiteko, eta, futbolean ez ezik, beste hainbat kiroletan ere emakumeak egunero lanean ari dira, eta ez dira horrenbeste ikusten.

Urtarrilean San Mamesen jokatu, eta 50.000 zale erakarri zenituzten. Zergatik ez duzue gehiagotan jokatzen zelai horretan?

Zaila da, mutilek hor jokatzen baitituzte partidak bi asteburuan behin. Antolakuntza aldetik zaila izango dela pentsatzen dut. Gure aldetik ez litzateke egongo inongo arazorik beti San Mamesen jokatzeko. Gustatuko litzaiguke beti horrenbeste jende ikustea gure alboan. Indar handia ematen du eta.

Lehenengo mailan arituta, futboletik bizi zaitezkete?

Gure kasuan, behintzat, ez; gaur egun, ezinezkoa da.

Gizonek, aldiz, bai.

Desberdintasun handia dago; egia da. Mutilek urte gehiago daramatzate futbolean jokatzen. Lehenagotik hasteko aukera izan dute. Futbolean ere emakumeok askoz traba gehiago izan ditugu. Gaur egun dagoen aldea oso-oso handia da, eta, gauza guztiekin esaten den bezala, kasu honetan ere konparazioa egitea ez da logikoa.

Lehenago esan duzu bide luzea falta dela berdintasuna lortzeko. Zer falta da?

Lehenengo eta behin, jendeak partidak ikustera joan beharko luke. Askotan esaten da emakumezkoen eta gizonezkoen futbola ez dela berdina, edo emakumeek ez dutela gizonen bezain joko azkarra. Agian ez; baina desberdina da, eta ikusi egin behar duzu jakiteko zer daukan emakumezkoen futbolak mutilenak ez daukana. Hainbat pertsona ezagutu ditut gure partidetara etorri direnak eta gustura geratu direnak. Probatu ostean, behin baino gehiagotan joatea erabaki dute, gozatu egiten dutelako. Jendea animatu nahiko nuke gu ikustera Lezamara; edo beste noizbait San Mamesen jokatzeko aukera badugu, baita bertara ere. Ikus dezatela zer-nolakoa den emakumezkoen futbola. Futbola ez den beste kiroletan ere jendea mugi dadila. Eta konturatu gaitezen denok izan behar ditugula eskubide berak.

 

Ana Galarraga (Zientzia dibulgatzailea)
“Sarri gertatzen da emakume asko
egon arren zuzendaria gizona izatea”

Elhuyar fundazioko Ana Galarragak (Zarautz, 1970) azaldu du zientziaren alorrean emakumeek zer-nolako trabak eta oztopoak aurkitzen dituzten.

Aurrerapausorik egon al da zientzian berdintasunaren alorrean?

Ez asko. Oso erakunde zientifiko eta ikerketa zentro gutxitara iritsi dira berdintasun planak. Horrez gain, apenas dago emakumeen presentzia areagotzeko neurri jakin eta eraginkorrik. Ingurumenarekin eta zaintzarekin lotutako arloei prestigioa eman behar zaie. Horietan ohikoa da emakume ikertzaile gehiago egotea gizonezkoak baino. Soldata eta baldintza okerragoak dituzte, eta prestigio eta lidergo gutxien aitortzen zaien eremuak dira. Gainera, sarri gertatzen da emakume asko egon arren zuzendaria edo burua gizonezkoa izatea.

Ezkorra zara.

Pausoak eman dira nesken bokazioa bultzatzeko orduan. Hainbat programa daude neskak zientzia ikasketak aukeratzera bultzatzeko, baita maskulinitatearekin lotzen diren esparruak ere: ingeniaritza, informatika, fisika… zientzia gogorrak deritzenak, alegia. Ikasketa batzuetan behintzat igo da emakume ikasleen portzentajea. Hala ere, nire ustez, beharrezkoa da gizonezkoak ere zaintzarekin lotutako arloetan eta gizarte zientzietan murgiltzea.

Badirudi ingeniaria ingurumen teknikaria baino gehiago dela. Eta biak dira teknikari. Baina bat ingeniaritzan jarduten da, eta bestea, ingurumena zaintzen. Ikuspegi hori aldatzeko oreka beste aldera ere etorri behar da.

Egia da zientzia gogorretan erreferenteak falta direla. Eremu gogorra eta arrotza egiten zaio emakumeari, gutxiengoa delako; baita oso eremu lehiakorra delako ere.

Amatasunak ba al du eraginik?

Bai. Gizonak baino gehiago dira doktoretzara aurkezten diren emakumeak. Baina, gero, behera egiten du emakumeen kopuruak, eta gizonezkoena nagusitzen da. Bereziki nabarmena da doktoretzaren ondorengo urteetan, 30 eta 35 urte inguruko adin tartean. Hainbat azterketak erakusten dute hautagaiak aukeratzeko orduan ama den emakume batek dauzkala aukera gutxien; aukera gutxien daukan hurrengoa emakumea da; hurrengoa, gizona; eta aukera gehien daukana aita den gizonezkoa da. Alegia, umeak izatea penalizatu egiten da emakumea bazara, eta, aldiz, puntuak ematen ditu gizona bazara. Orekarekin lotzen delako, arduratsua izatearekin.

Txikitatik barneratua dugu desberdin jardun behar dugula. Sei urterekin, neskek uste dute saiatuak izan behar dutela. Argiak eta azkarrak, berriz, mutilak direla. Neskei txukunak eta saiatuak izan behar direla transmititzen diegu.

 

Marina Urkidi (Ernaiko kidea)
“Iragarkiak askoz errealagoak
bilakatu behar dira”

Bilboko Ernaik publizitatean nagusi diren emakumeen estereotipoen aurkako kanpaina bat abiatu du. Marina Urkidi kideak (Bilbo, 1995) azaldu du zergatia.

Zer edertasun kanon dira nagusi?

Edertasun kanon horien arabera, emakumeak argalak gara, baina ipurdi markatua daukagu; altuak gara, eta hanka luzedunak, eta ez daukagu azalean inolako orban edo zauririk. Hipersexualizatu egiten gaituzte. Badakigu emakume argal mordoa dagoela. Baina argaltasun horren barruan ere argala izateko mila era daude, eta bakarra erakusten dute. Hori dela eta, uste dugu abanikoa zabaldu behar dela. Gorputzak mila eratakoak dira, askotarikoak. Iragarkiak askoz errealagoak bilakatu behar dira .

Zer ondorio dute estereotipo horiek?

Kanon horiek itxaropenak sortzen dituzte emakumeekiko. Horrek presio handia eragiten du neska gazteongan. Gaztaroan eraikitzen dugu gure identitatea, eta eredu hegemoniko horren parte ez izateak kanpo uzten zaitu. Hortik abiatuta, zeure buruarenganako zalantzak edota segurtasun falta eragin ditzakete. Muturreko kasuetan, elikadura nahamenduak sor ditzakete. Besteak beste, anorexia. Nahasmendu horien %90 emakumeek pairatzen dituzte, eta gero eta gazteago hasten dira pairatzen, gainera: 9 eta 10 urteen artean.

Bilboko Udala interpelatu duzue zuzenean. Zergatik?

Haren esku dago espazio publikoan era horretako iragarkiak eta kanpainak agertzearen aurkako neurriak hartzea. Espazio pribatuan, muga dezake Bilboko kaleetan erakusleihoek zer-nolako irudiak proiektatzen dituzten. Gaur egun, esaterako, ezin da edozein gauza jarri. Alkohola, esaterako, ezin da erakutsi erakusleihoetan. Beraz, eskatzen diogu lanketa feminista askoz sakonagoa egin dezala eta neurriak har ditzala. Europako hainbat udaletan egin duten bezala, egoera horren aurrean neurri benetan feminista sakonagoak har ditzala eskatu dugu.

Beste hainbat esparrutan egin den bezala, publizitatearen alorraren inguruko lanketarik antzeman al duzue?

Ez dugu uste era horretako kontzientziaziorik dagoenik gaur egun publizitatearen alorrean. Hain dago barneratuta multinazional hauek haien kanpainetan erabiltzen dituzten emakumeen ereduak, ikusten dituzten edertasun kanonak, ezen oraindik ez baitago batere landuta ikuspegi hori ez dela batere erreala. Guztiz normalizatuta daukagu, eta horrexegatik hasi behar dugu neurriak hartzen.