“Auzoetan antolatzen diren gauzen berri ematea da helburua”

“Auzoetan antolatzen diren gauzen berri ematea da helburua”

Uxue Gutierrez Lorenzo

Iker Elorriaga (Bilbo, 1987) praktikak egiten hasi zen Bilboko Uriola hedabide digitalean, kazetaritzako gradua ikasten ari zela. Urte erdia eman zuen bertan, eta beste proiektu batzuetan ibili zen gero. Orain, komunikabideak bost urte bete ditu, eta Elorriaga du arduradun. Deustu auzoan dute egoitza, eta arduradunak azaldu du hasierako helburu eta baliabide antzekoak dituztela. Oro har, hedatzea eta lan taldea egonkortzea dituzte erronka nagusi.

Zergatik eta zertarako sortu zen Bilboko Uriola?

Bilbok euskarazko hedabide digital bat falta zuelako. Izan ere, Tokikomek baditu halako hedabideak Gipuzkoako hainbat herritan; Bilbon, ordea, ez zegoen. Bageneukan irrati bat Bilbo Hiria, bazeuden auzoetako aldizkariak Prest, Berton, Zorrotz Morrotz, baina ez atari digital bat. Orduan bildu ziren zenbait eragile: BLB kooperatiba, Berton, Prest, Berbaizu euskara elkartea, Santutxuko euskara elkartea, Kafe Antzokia, Bilbo Hiria irratia, eta abar; eta hala, denon artean, eta Tokikomen laguntzarekin, proiektua aurkeztu zuten orain dela bost urte, Kafe Antzokian.

Hutsune bat betetzeko jaio zinetela diozu. Bost urteren ondoren, helburua bera da?

Bai, mantentzen da. Horretan saiatzen gara, gutxienez. Bilbon egiten diren gauza txiki horietan jartzen dugu fokua. Tokiko hedabide txiki bat izanik, saiatzen gara beharbada hedabide handiek argitaratzen ez dituzten gauzei plaza bat ematen.

Plaza hori, baina, bera da auzo guztientzat?

Hedabide txikia izanda, zailtasunak ditugu batez ere alboan ez ditugun auzoetara iristeko. Lantaldea Deustukoa eta Santutxukoa da batik bat, eta, Zazpikaleak eta Bilbo erdia ere hemen alboan daudenez, erraz daukagu haien jardunaren berri; baina ez da horrela gertatzen periferiako auzoekin. Hori da gure erronka datozen urteetarako: lantaldea apurtxo bat gehiago indartzea eta ahal dugun leku gehienetara heltzea. Gure lehentasuna hori da: auzoak. Ez udalak egiten duen edo enpresa handi batek egiten duen zeozer. Auzoetan antolatzen diren gauzen berri ematea da xedea.

Eta euskaraz egiten duzue hori guztia.

Euskara da gure lan tresna. Euskarazko mundu txiki horretan badakite, gugan konfiantza daukate, eta gu gara haien lehentasuna. Bilboko eta euskarazko komunikabide bat garenez, guregana jotzen dute. Bilbon euskaldun pilo bat dago Euskaraldian ikusi zen bezala, eta horretan jarraitu behar dugu.

Bost urte egin dituzue; bidea ez da oso luzea. Halere, dagoeneko aldaketak egin dituzue lantaldean.

Hasieran, lantaldea Nimbe Morenok, Lur Malleak eta hirurok osatzen genuen. Ni praktiketan nenbilen, eta beste biak, lanean. Praktikak bukatu ostean, ni joan egin nintzen. Egun, Lur eta Nimbe beste toki batzuetan ari dira lanean. Nolabaiteko jarraipen logikoa izan zen nik lekukoa hartzea: funtzionatzeko era ezagutzen nuen, Uriolaren tripak ezagutzen nituen. Etxekoekin funtzionatzen dugu; orain, Jone Gartziak eta biok osatzen dugu lantaldea, eta Jone ere praktiketan ibilitakoa da. Hedabide txikia izanda, guk eskaintzen ditugun aukera, soldata, ordenagailua, kamerak eta abar ezin dira beste hedabide batzuetakoekin alderatu. Segur aski horregatik aldatu da lantaldea.

Eta, oro har, nolakoa izan da lekukoa hartzea?

Pozarren hartu dut ardura. Hemendik alde egin nuenean, ohartu nintzen gaur egun kazetaritzan lan egitea ez dela batere erraza. Zenbait lekutan ibili nintzen lanean, baina ez kazetaritzaren munduan. Aukera hau heldu zenean, nahiz eta gutxiago kobratu, pentsatu nuen honetarako ikasi nuela, eta gustura egin nuen ahalegina.

Lantaldea txikia da, baina eginbeharrak, askotarikoak: bideoak, idatziak, argazkiak…

Unibertsitatean esaten digutena aplikatu daiteke gure jardunean: gaur egun kazetariak denetarik egin behar duela, kazetari totala izan behar duela. Albisteak idatzi behar ditugu, bideoak egin, editatu, Photoshopekin aritu, argazkiak atera, kamera erabili, fakturak egin, publizitate lana, bazkide kanpainak sortu, bannerrak jarri, gure irakurleen nahiak eta beharrak ulertu, ikasi eta eragin…

Hedabide digital bat izanik, ezin gara mugatu prentsa oharrak hartu eta bolkatzera. Interneteko ikustaldiak 10-15 segundokoak dira, eta jendeak gauza ikusgarriak nahi ditu, ez albiste luzeak irakurri.

Eta denera heltzen zarete?

Agian ez dugu esparru bakoitza ederki kontrolatzeko aukerarik, baina, azkenean, denetarik apur bat badakigu. Hemen lan egiteko hori behar da: jende motibatua, azkarra dena eta denetarik egiten dakiena.

Horrez gain, nola egiten diozue aurre gastuei?

Finantzaketa, gehienbat, publizitatearekin eta diru instituzionalarekin lortzen dugu. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen diguten diru laguntzarekin eta lortzen dugun publizitate apur horrekin. Bazkideak baditugu, baina ez hainbeste. Gure kontabilitatean, gutxiengoa dira.

Nahikoa da horrekin?

Bideragarria da. Gaur egun, bi langile ordaintzeko dirua daukagu; eskasa da, baina bideragarria. Gainera, gero eta diru gehiago sartzen ari da publizitatean. Auzoko eta Bilboko enpresak sartzen dira batez ere. Azken finean, publizitate hori ikusten dutenak auzokoak dira, edo Bilbokoak; enpresa horientzat ona da.

Bost urte beteta, zeintzuk dira zuen erronkak?

Hedatzea. Bilbo osora heltzea, orain heltzen ez garen tokietara iristea. Bost urte hauetan egin dugun azterketan, hori ikusi dugu. Konturatu gara beti jorratzen ditugula gai berak, baita auzo eta talde berak ere. Saiatu behar dugu hori zabaltzen; enpresa, lantalde edo auzoetako euskarazko taldeak lortu behar dira, elkarrekin lan egiteko. Horiek Uriola-n parte hartzea nahi dugu. Izan ere, proiektu honen xedea parte hartzailea izatea da; edonork idatzi dezake Uriola-n. Auzoetan gauza piloa egiten dira, eta, askotan, auzoetan geratzen da.