Txorrota nondik eta nork elikatu

Natalia Salazar Orbe

Nazio Batuen Erakundeak azpimarratuta dauka ur baliabideak behar bezala kudeatzearen garrantzia. Aurreikusi du 2050erako gutxienez munduko populazioaren laurdena biziko dela ur garbiaren falta kronikoa izango duten herrialdeetan. Gizakiak behar horretaz jakitun egon dira hasieratik, eta ur emarietatik gertu kokatu eta hazi dira zibilizazioak. Garatutako herrialdeetako herritarrek, ordea, behar horren perspektiba galdu egiten dute sarri, ura lortzeko txorrota zabaltzea besterik ez baitute. Faktura ordaindu eta kito: ez dute izaten informaziorik ur hartuneen eta naturako elementu hori lortzeko eredu eta lanen inguruan.

Bizkaian bertan, ura kudeatzeko hainbat eredu daude. Bi partzuergo eta zenbait herrik euren kabuz kudeatutako ereduak bizi dira parez pare. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan integratuta daude lurraldeko herri gehienak. Egun, 81 dira, eta datozen hiletan beste bat sartuko da: Nabarniz. Orozkok eta Arrankudiagak ere eskaera egin dute.

Busturialdeko Ur Partzuergoa, berriz, hamasei udalerrik osatzen dute. Mapa hori aldatzeko, baina, bi erakundeak pausoak ematen hasi dira. Udan jakin zen Busturialdeko Ur Partzuergoak proposamena egin ziela nahi zuten udalerriei Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan sartzeko beharrezko tramite eta negoziazioak hasteko. Urte hasieran, berriz, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko batzarrak estatutuak aldatu zituen, eta bide eman zion partzuergoa oso-osorik integratzeko aukerari, udalerriak banan-banan sartu beharrean.

Pedro Barreiro Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko kudeatzailearen esanetan, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko lege batera egokitzeko aldatu dituzte estatutuok. “Aldaketa hori ez dugu egin Busturialdeko Ur Partzuergoa barnean hartzeko berariaz, nahiz eta aldaketak horretarako bidea ematen duen”. Zehaztu du Busturialdeko erakundeak ez duela egin, oraingoz, Bilbo Bizkaikoan sartzeko eskaera formalik. Sinetsita dago onurak izango lituzkeela erakunde handiago horretan integratuko balitz: “Baliabide gehiago izatea ahalbidetzen du, hartara, hiriko uren kudeaketan sortzen diren erronkei aurre egiteko”. Batak eta besteak ura kudeatzeko eredu desberdinak dituzte, eta kontrako ahotsak zabaldu dira.

Busturialdeko Ur Partzuergoa likidatu eta Bilbo Bizkaiko Ur Partzuergoan integratzeko aukeraren berri izan bezain laster, hainbat talde ekologistak, sindikatuk eta eragilek Ure Urre plataforma sortu zuten eskualdean. EH Bildu, Ahal Dugu, Izartu, Guzan eta Murueta eta Ibarrangeluko plataforma independenteek ere bat egin dute mugimenduarekin. Aurrez aurre dute partzuergoan gehiengoa duten EAJ eta Euzko Abertzaleak alderdiek babestutako proposamena. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren bestelako eredu bati eutsi nahi diote plataformakoek. Hala azaldu du Jon Bernat Zubiri kideak. Bi arrazoi eman ditu aldaketaren kontra azaltzeko: “Ez dugu bat egin nahi azpikontratazioan oinarritutako eredu pribatizatu batekin. Ardura publikoko kudeaketa pribatuaren eredua darabilte”. Busturialdeko Ur Partzuergoa erakunde publiko bat da 2011z geroztik. LABek ere salatu berri du hainbat zerbitzu kudeatzeko azpikontrataziora jotzen ari dela Bilbo Bizkaia partzuergoa. “Bestetik, uraren kudeaketa Oka ibaiaren arrotik alboratuko litzateke. Eta Europako zuzentarauak dio ura ibaiaren arroaren inguruan kudeatzea dela egokiena”, azaldu du Zubirik. Bilbo Bizkaian integratuz gero, Busturialdera ura Zadorrako urtegitik (Araba) iritsiko litzatekeela erantsi du, “bereziki udan gora egiten duen uraren beharra asetzeko. Horretarako, 15 milioi euroko inbertsioa egin beharko lukete”. Ur kudeaketa publiko, ekologiko eta sozialaren defentsa egin du.

Eskualdean 56 ur hartune daude, eta Oiz mendiko ura ere badarabilte. Mendiko azpiegiturak berritu behar dira, eta kalkulatu dute horretarako zortzi milioi euro beharko dituztela. “Gutxienez, epe laburrean beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko”. Bizkaiko Hitza Busturialdeko Ur Partzuergoaren iritzia jasotzen saiatu da, baina ez du lortu.

Bizkaiko milioi bat biztanlek baino gehiagok jasotzen dute Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren zerbitzua; herrialdeko biztanleen %90ek. Lehen mailako hornidura eta saneamendu zerbitzuak eskaintzen dituela azaldu du Barreirok. “Horrez gain, bezeroen arteko ekitatea bermatzen du. Hau da, pertsona guzti-guztiek, Getxoko erdigunean eta Galdamesko baserri batean direnek, zerbitzu bera jasotzea. Horrenbestez, funtsean, edateko ur jarraitua eta hondakin uren tratamendu egokia eskaintzen ditugu, guztientzako kalitate eta prezio berean”.

Zubirik, berriz, uste du kontuan hartu behar dela uraren erabilera: “Ur gehiegi erabiltzen duenari ordainarazi egin behar zaio, ikuspegi ekologikoa erabilita. Baina, ikuspegi sozialetik erreparatuta, ura gutxi, ondo eta egoki erabiltzen duenari berme sozial batzuk ezarri behar zaizkio”.

Bilbo Bizkaia partzuergoak Uribarri Ganboa eta Santa Engrazia urtegietatik hartzen du erabiltzen duen uraren %90. Biak dira Zadorraren sistemaren barnekoak. Bolumen hori osatzeko, bigarren mailako beste ekarpen batzuk ere baditu: Artiba eta Nocedal urtegiak, Cadaguaren sisteman; Lekubaso eta Zollo, Nerbioi eta Ibaizabalen arroan; San Kristobal, Arratian; Oiz mendiko lur azpiko baliabideak; eta, duela urtebetetik hona, baita Ordunte urtegikoak ere.

Iratxe Arriolak agerian utzi ditu partzuergo batek eta besteak kudeatzen dituzten eremuen arteko desberdintasunak. Eako alkatea da, eta, 2011 eta 2015 artean, Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea izan zen. Ure Urre plataformako kidea ere bada: “Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa Bilbo handiari zerbitzua emateko sortu zen. Hor, populazio handia dago, eta lur eremu eta ur gutxi. Hemen, aldiz, lur asko dago (Bizkaiaren %10) eta jende gutxi. Horrez gain, ur hartune ugari ditugu: 56, hain zuzen. Eta 90 biltegi eta 250 kilometro sare. Hau beste kontu bat da”. Zubirik aurrez aurre jarri ditu bi ereduak: “Busturialdeko Ur Partzuergoa Zadorrara entxufatzeko hamabost milioi euroko inbertsioa aurreikusten dute. Guk proposatzen dugun berme ekologikorako eta tokiko kudeaketarako, zortzi milioi euro behar dira. Eredu talkaren aurrean, gurea merkeagoa da, sozialagoa, ekologikoagoa eta tokian tokiko kudeaketan oinarritutakoa”.

Arriolak salatu du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa bertan behera utziz joan dela eskualde bakoitzak eskaintzen zituen natur baliabideak. “Bakoitzak bere baliabideak optimizatu behar ditu”. Jakitun daude Busturialdean ur defizita sortzen dela, udan bereziki. Baina gogora ekarri dute posible dela Vegan (Gernika-Lumo) kutsatu zen akuiferoko ura industriarako edo kaleak garbitzeko erabiltzea; segundoko 60 ur litro ematen ditu.

Arriola ere sinetsita dago ura eskualdeka kudeatu behar dela. “Eskualde bakoitzean erreka bat dagoelako. Europako zuzentarauak ere hori dio, baina bultzatzen duten ereduak lurraldeari buruz hitz egiten du”.

Pribatizatzeko mehatxua

Mugimendu horien guztien atzean, Ure Urre plataformak uraren pribatizazioaren mehatxua ikusten du. “Zergatik ez zaie interesatzen beste eredurik egotea? Erabiltzaileek tasak eta kudeaketa konparatzeko modurik izan ez dezaten”. Tasek gora egingo dutela sinetsita baitago Iratxe Arriola. Enpresa handien interesak ere tartean sartu direla esan du. “Oso zentralizatua dagoen eredu bakarrarekin obra handiak proposatuko dituzte; diru asko mugituko da, eta ponpaketa estazio gehiago diseinatuko dituzte”.

Orain arteko zerbitzu publikoari eustearen garrantzia azpimarratu du. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak onartu du inbertsioen amortizazioa tasetan jasotzea. Busturialdeko Ur Partzuergoak ere urtarrilean iragarri zuen azpiegiturak berritzeko lanek eragingo zituzten gastuak erabiltzaileen fakturan aplikatu beharko liratekeela. Tarifak garestituko zirela aurreratu zuen. “2016. urtearekin alderatuta, 2021ean uraren prezioa %21,7 igo beharko litzateke, eta 2030erako, %24″.

Ure Urre plataforma ez dago ados neurri horrekin: “Inbertsioen kostua ere tarifetan sartzea onartzen duzunean, onartzen ari zara azpiegitura horiek kudeaketa pribatua izango dutela, erabiltzaileak ordaindu beharko dituelako egindako inbertsioak. Nire ustez, mantenu gastuak bai, hori ordaindu behar dute erabiltzaileek. Baina inbertsioen gastu guztiak berreskuratzea eskatzen dute. Hori ez zaie eskatzen beste zerbitzuei: ez Supersurri, ez Bizkaibusi… Ez da onargarria”, esan du Arriolak.

Alegazioak

Plataformak salatu egin ditu Busturialdeko Ur Partzuergoak Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoan integratzeko orain arte egindako mugimenduak. Izan ere, estatutuak aldatuta —hark ere aldatu ditu— hala erabakitzen badu, Busturialdeko Ur Partzuergoa, oso-osorik, Bilbo Bizkaikoan sartuko da. Eta udalerriren batek atera nahi badu, integratuta dagoela egin beharko du eskaera. Hala, erabakiaren aurkako alegazioak aurkeztu ditu Arriolak. “Salatu dugu agindu horrek kalte egiten diola autonomia lokalari”. Horrez gain, Busturialdeko Ur Partzuergoaren bideragarritasuna azpimarratu du: “2019rako 6.351.765 euroko aurrekontua onartu da; inbertsioetarako saila 1.295.475 eurokoa da”.

Partzuergoko estatutuak aldatzeko arrazoia ondokoa dela uste du: desegingo balitz, udal guztien adostasuna lortu beharrean, gehiengoak erabakitzen duenarekin nahikoa litzateke ondasun guztiak beste erakunde batera lekualdatzeko. “Hala, bertoko araztegi eta sareak Bilbo Bizkaikora pasatuko lirateke bertan integratu aurretik. Eta gero, herri bakoitzari emango liokete hitza integratu nahi duen esateko. Horri joko zikina esaten zaio”. Auzitara jotzeko prest daude jokabide hori geldiarazteko.

Barreirok esan du Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa Busturialdeko azpiegiturak zer-nola dauden aztertzen ari dela. “Erakunde berri bat partzuergoan sartzen denean, lehenik eta behin erakundearen azpiegiturak aztertzen ditugu, nola dauden eta zer inbertsio egin behar den jakiteko. Hartara, mahai gainean programa jakin bat jartzeko. Leku batzuetan, sareak ondo daude, baina beste batzuetan nabariak dira hutsuneak”.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen emaitzek zeresana izango dute prozesu horretan guztian, mapa alda baitaiteke herriz herri zein alderdi nagusitzen den. Indar korrelazio horrek irudikatuko du etorkizun hurbila, pauso eta erabaki zehatzak lehenago hartzen ez badituzte bederen.