Itsaso sorginduaren atzaparretan

Itsaso sorginduaren atzaparretan

Uxue Gutierrez Lorenzo

D iotenez, tabu bat dute arrantzaleek: itsaso zabalean daudenean, ez dute sorgina berba inoiz esaten. Horren ordez, olatuen kontrakoak, pendulen kontrakoak eta halako esapideak baliatzen dituzte izaki mitologikoak izendatzeko. Zabaldu den ustearen arabera, itsas gizonek eta emazteek ere muzin egiten diote seme-alabei sorginen inguruko istorioak kontatzeari. Izan ere, itsasoaldiaren arrakasta edo porrota horrekin lotu izan da: sorginak ageri dituzten ipuinak kontatuz gero, arrantzarik ez da izango. Sinismenek han eta hemengo kostako herrietako elezaharrak elikatu dituzte, itsasoaren harroaldien azalpen bila. Bermeon olatu bihurtu ziren hiru sorginen kondaira aski errotua dute herrian. Toti Martinez de Lezearen Euskal Herriko Leiendak liburuan ageri da kondairaren bertsioetako bat.

Bazen, behinola, Bermeon besteek zekartena bereganatzea oso gogoko zuen sorgin bat. Goiz batez, Matxin arrantzalearekin egin zuen topo sorginak, itsasotik bueltan zetorrela. Matxin saski bete antxoa hartuta zihoan bidean sorgina gurutzatu zitzaionean. Sorginak, jakin-min susmagarriz, arrantza ona izan ote zen galdetu zion Matxini. Baiezkoa erantzun zion hark, lan gogorraren emaitza izan zela arrain sorta. Matxin urduritzen hasia zen ordurako, ondo baitzekien sorgin batekin berbetan aritzea ez zela komenigarria izaten. Jakin-mina eskari bihurtu zuen orduan sorginak, eta Matxinen ihesaldia eten. Antxoak emateko eskatu zion. Arrantzaleak, asaldatuta, ezezkoa erantzun, eta mespretxuz bertatik ospa egiteko ihardetsi zion: “Alde nire bidetik, atso zahar hori!”. Andreari bultza egin, eta bideari ekin zion berriz Matxinek. Sorgina sutan jarri zen orduantxe. Arrantzalea madarikatu eta mehatxatu egin zuen, haserrealdia ezkutatu ezinik.

Emakume zaharra, suminduta, alabarengana eta adiskide zuen beste sorgin batengana joan zen, laguntza bila eta mendeku egarriz. Gertatutakoaren berri eman zien bi sorginei, eta mendeku plana ehuntzen hasi ziren hirurak. Hurrengo egunean Matxinek itsasorako bidea hartzen zuenean olatu erraldoi bilakatuko zirela adostu zuten. Zereginak banatu zituzten: aurreneko olatuak kezkatu egin behar zuen arrantzalea; bigarrenak, ikaratu; eta azkenak, hondoratu. Plana zehaztu, eta hondartzarako bidea hartu zuten hiru sorginek, Matxin akabatzeko prest.

Eta hala izango zen Takio Matxinen lagunak sorginen arteko elkarrizketa entzun izan ez balu. Arrapaladan jo zuen lagunarengana Takiok, entzundakoa kontatzera. Matxinek beldurtuta begiratu zion adiskideari, baina ez zuen atzera egin. Hurrengo goizean, egunero egiten zuen legez, sareak prestatu eta itsasorako bidea hartu zuen. Takio ere harekin itsasoratu zen.

Txalupan ziren bi marinelak lehen olatua bertaratzen ikusi zutenean. Gainera joan zitzaien olatua, eta ontzia gora altxatu zuen. Lehena pasatu, eta berehala heldu zen bigarrena. Indartsuagoa zen, aurrekoa baino askoz handiagoa. Ezker-eskuin astindu zuen txalupatxoa olatuak, eta bi bidaiariak beldurtu. Hala ere, hura ere pasatu zen, eta onik ziren Matxin eta Takio. Bigarrena pasatu berri, hirugarrena parez pare zuten dagoeneko. Erraldoia zen, beltza eta izugarria. Okerrenerako prestatu ziren.

Erdi-erdian jo

Matxin, baina, olatuari aurre egiteko prest zen. Alboan zuen arpoiari estu heldu, eta olatuaren bihotzera jaurti zuen indarrez. Ura txalupa irenstear zen, baina bete-betean jo zuen Matxinek, eta olatua odol putzu erraldoi bihurtu zen. Oihu lazgarria bota zuen olatuak desagertu aurretik. Matxinek eta Takiok, pozaren pozez, elkar besarkatu zuten.

Biharamunean, sorgin famako emakume bitxi hura non sartu ote zen galdezka hasi ziren herritarrak. Hondarretan azaldutako lepoko zapia salbu, arrastorik utzi gabe desagertu zen andrea. Alaba eta laguna, beltzez jantzita, negarrez ari ziren itsas bazterrean. Ordutik, beti segidan agertu ohi diren olatuei Hiru Mariak deitzen diete Bermeon, istorio zaharra gogoan hartuta.