Norabidea galdu gabe

Natalia Salazar Orbe

Paparreko kolore gorria bereizgarri duela, Euskal Herriarekin lotura estua duen hegazti gisa identifikatzen da txantxangorria. Euskararekin ere lotura handia dauka. Neguan Bizkaiko txoko gehienetan ikusten diren txantxangorriek, ordea, euskararik gutxi dakite. Gehienak Itsaso Baltikoaren inguruko herrialdeetatik etorritakoak dira. Hala azaldu du Edorta Unamuno Urdaibai Bird Centerreko teknikariak. Hegaztiei jarritako eraztunei esker jakin dute hori. “Negua igarotzera etorri dira Lituania, Letonia, Suedia eta Finlandiatik”. Gautegiz Arteagan, Urdaibairen bihotzean dauden paduren gaineko begiralekuko adituek hori eta bestelakoak argitu dituzte urteetan egin dituzten ikerketei esker.

Indar, ospe eta garrantzi handia hartu du naturaren begiraleku horrek. Ikerkuntzaren esparruan egiten duen lanak ez ezik, bisitarien gorakadak ere aitortza egin dio. Iaz, ia 40.000 lagunen bisita izan zuen: 39.292, zehatz esateko. Duela lau urte halako bi, ia. Bisitariak gehitu arren, ordea, erakundeen babesa galduz joan dira: 200.000 euroko diru saila jaso zuen zentroak hainbat urtetan —euren proiektuetarako hitzartuta zeukaten diru hori—; duela hiru urte, erdira murriztu zieten kopuru hori; eta, azken bi urteetan, laguntza oro kentzeko arriskuan izan dira. “Zaila egiten zitzaigun ulertzea, baina, azkenean, lortu dugu zerbait ematea”. Aurten, 60.000 euro emango dizkio foru aldundiak, eta beste 40.000 BBKren gizarte ekintzak.

Uste dute babesa murriztu dietela unean uneko arduradunek lehentasunak ezartzeko dituzten irizpideak aldatu direlako. “Ulergarria izan daiteke, baina badakigu nondik egiten diren murrizketak beti: kultura eta ingurumena izaten dira normalean zartakoa hartzen dutenak”. Hala ere, motibazio handiko lantaldeari esker, aurrera egin dute.

LAN ILDOAK

Urdaibai Bird Center bisitari zentro bat da. Irabazi asmorik gabeko Aranzadi zientzia elkarteak kudeatzen du. Hegaztiak, haien migrazioa eta bizi diren habitatak ezagutzeko zentroa da. Leku aproposa du horretarako; paduraren erdi-erdian baitago. Gai nagusi horren inguruan, hiru lan ildo ditu: ikerkuntza eta kontserbazioa, dibulgazioa eta ingurumen hezkuntza, eta turismoa.

Ikerkuntza eta kontserbazioa da ildorik garrantzitsuena. Hegaztiei jarraipenak egiteko hainbat proiektu darabiltzate esku artean. Eraztunketa bidezkoak dira batzuk, eta hegaztien kontserbazioa dute ardatz beste batzuek; arrano arrantzalearena, kasurako. Zientifikoki garrantzitsuak diren hainbat datu eskuratzen dituzte hala, baina informazioaren bestelako zabalkundeari ere garrantzi handia ematen diote: “Gure nahia da ikerketetatik ateratzen ditugun datu horiek jendeari modu erraz batean erakustea”.

Asmo horren bidez lantzen dute bigarren ildoa: “Jendearen aurrean modu erraz batean egiten dugu dibulgazioa”. Hegaztiak nondik nora dabiltzan ikus dezakete bisitariek, eta haien migrazioak ulertu. Gautegiz Arteagakoa bezalako Europa eta Afrikako beste 26 zentrorekin harremanetan daude, gainera; sarean konektatuta. Urdaibai Bird Centerren kamerak dituzte, eta paduretako irudiak grabatzen dituzte 24 orduz. Suedia, Frantzia eta Ingalaterrako zenbait zentrok ere gauza bera egiten dute. Bateko eta besteko irudiak ikusgarri dituzte zentro horietan. “Hala, hona etorri eta Suediako moduluari begiratzen badiogu, ikusiko dugu zero azpitik 16 gradu dituztela eta lakua izoztuta dagoela. Oso modu erraz eta bisualean erakuts diezaiekegu bisitariei zergatik dauden hemen hegazti asko eta ez Europa iparraldeko leku horietan”. Udaberri aldera, eguna luzatzen denean, aldaketak ikusiko dira: “Hemendik hegazti asko joango zaizkigu Europa iparraldera ugaltzera; eta hegoaldetik etorriko dira beste asko gurera. Horrelako gauzak erakusteko oso baliagarria da”.

Hirugarren hanka turismoari begira dago. Bisitari ugari erakartzen du zentroak. Hala ere, ez dute turismo masiboa bultzatu nahi. “Inguru honek bisitariak hartzeko ahalmen mugatua dauka. Espero dut ez gertatzea beste leku batzuetan gertatzen dena. Gaztelugatxeren adibidea hor dago. Hori ez da jasangarria”.

PROIEKTUAK

Hainbat proiektu dituzte martxan hegaztiei jarraipena egiteko eraztunak jartzeko. Deigarriena Izaroko irlan darabiltena da. Boluntario batzuek aste osoa ematen dute uhartean, txoriei eraztunak jartzen. Habitat askotako txoriekin ari dira lanean. Batez ere, txori txikiekin. “Hegaztiak harrapatzen ditugu, identifikatu, eta eraztun bat jartzen diegu. Hegazti bakoitzak bere zenbakia eta helbidea dauzka. Guk Aranzadi helbidea jartzen diegu”. Urtean 6.000 hegaztiri jartzen dizkiete eraztunak. Datu horiek Aranzadira bidaltzen dituzte, eta handik Europan dagoen zentral handi batera bideratzen dituzte. Europan ia bost milioi hegaztiri jartzen diete eraztuna urtero.

Eraztunak jartzeari esker, hainbat informazio lortzen dute. “Gure eraztunak dituztenei dagokienez, zenbat denbora bizi diren edo noiz etortzen diren jakin dezakegu, besteak beste”. Beste nonbaiteko eraztunak dituzten txoriak ere aurkitzen dituzte, ordea: “Kasu horietan, informazioa trukatzen dugu [eraztuna jarri dien zentroarekin]. Urteetan, apurka, datuak bildu ditugu. Hegazti horiek nondik nora ibiltzen diren aztertu dugu, eta, besteak beste, ikusi dugu migrazio prozesuetan zeintzuk diren haientzako leku garrantzitsuak”.

Hegazti horien kontserbazioan lan egiteko oso informazio baliagarria lortzen dute hala. Proiektu espezifikoak izaten dituzte horretarako; besteak beste, galzorian dagoen ur benarriza espeziearen kontserbazioari begira. “Oso txori txikia da, paduretan eta antzeko inguruetan ibiltzen da, eta Europan galtzeko arrisku handiena duten hegaztietako bat da. 9.000 bikote inguru bakarrik geratzen dira. Habiak egiten dituzte Polonia, Ukraina eta Errusiako inguru batzuetan. Afrikara bidean ateratzen dira leku horietatik. Eraztunei esker jakin da populazioa murriztu egin dela eta bizitzeko eta migratzeko padurak eta antzeko inguruak behar dituztela”.

Bertako eta inguruetako baserritarrek eta herritarrek biribiltzen dute hegaztien eta zentroaren arteko harremana. Baserrietako elaiak protagonista izan dituen proiektu bat garatu dute. “Udazkenean joaten ziren baserrietatik, baina ez genekien non pasatzen zuten negua. Baserritarrek ere jakin-mina zuten, familiako beste kide batzuk baitira hegazti horiek etxeetan”.

Urdaibain habia egiten ari ziren 25 bikote aukeratu zituzten, eta nondik nora zebiltzan aztertzeko gailu bat jarri zieten. Elaiak baserrietara itzuli zirenean, gailua zuenik bazegoen begiratzera gerturatu ziren. Informazio baliagarria aurkitu zuten. “Ikusi genuen Urdaibaiko elaiak bereziki Afrikako hiru herrialdetara joaten direla: Boli Kostara, Liberiara eta Angolara”. Istorio bitxi bat ere aurkitu zuten. “Muxikako baserri batera arra eta emea, biak etorri ziren bueltan. Guk dakigula, lehenengoz egin zitzaion jarraipena bikote bati, ikusteko elkarrekin egiten ote zuten bidaia. Bada, ikusi genuen elkarrekin ibili zirela. Biak joan ziren bide beretik Boli Kostako baso batzuetara. Negua elkarrekin pasatu zuten han. Arra emea baino astebete inguru lehenago itzuli zen Muxikara, lekua hartzera”. Bitxia izan zen. Izan ere, ordura arte pentsatzen zuten bakoitza bere aldetik ibiltzen zela migrazio sasoi horretan, eta gero baserrian elkartzen zirela.

Nazioarteko harremanari eta saretzeari oso garrantzitsu deritze Urdaibai Bird Centerrek. Ikasle gazteentzako proiektu interesgarri bat darabilte esku artean orain. Lanean ari dira Norvegiako delta batekin, Ingalaterrako bisitari zentro eta ingurune natural batekin, eta Portugalgo beste zentro batekin. Ikerkuntzari begira izan ditzakeen onurez gain, hezeguneek klima aldaketari dagokionez zer eginkizun duten aztertuko dute. “Batxilergoko bertako ikasleekin ari gara lanean. Aukera izango dugu Norvegiara joateko, eta hangoak hona etorri ahalko dira gure esperientzia ezagutzera”. Horrez gain, hainbat hezkuntza proiektu dituzte esku artean. Martxoan hasiko dira berriro Euskal Herri osoko ikastetxeetako ikasleak hartzen.

LANTALDEA

Egoera ekonomiko berriak baldintzatu egin du Urdaibai Bird Centerren funtzionamendua. “Urte osoan egunero zabaldu beharrean, egun batzuetan ixtea erabaki behar izan dugu. Langileriari dagokionez ere, murrizketak egin behar izan ditugu”. Hala ere, lanean buru-belarri jarraitzeko asmoa dute Gautegiz Arteagako zentroan. Umorerik ere ez dute falta: “Esaten dugu noizbait ateak itxi behar baditugu arrakastaz gainezka hilko garela”.