Herensugea herrenka

Herensugea herrenka

Uxue Gutierrez Lorenzo

Mari izango da, seguru asko, euskal mitologiako pertsonaia gorenena, kondaira ugariren protagonista. Izadiaren amarekin batera, baina, haren ahaideak ere egin dira ezagun. Izan ere, esaten denez, Anbotoko Damak senarra eta bi seme Mikelats eta Atarrabi ditu Euskal Herriko zenbait txokotan gordeak.

Mari emakume gorputza eta aurpegia dituen izaki bat da, eta haren senarra herenguse gisa irudikatu ohi da. Sugoi, Sugaar, Suar edo Maju esaten zaio, eta herensuge gorputza du izaki mitologikoak. Suzko igitai bat balitz bezala zerua zeharkatzen duela diote, hegan, eta hainbat bizileku dituela. Lurpeko munduaren jauna esaten diote; gainera, euri jasa eta haize erauntsien sortzailetzat ere hartzen da. Diotenez, ostiralero lur barnetik irten, Mari emaztearekin batu, eta ekaitzak sortzen dituzte elkarrekin.

Izen adina bizileku izanda, tokian tokiko kondaira zahar askoren protagonista da sugetzarra: Mundakako alegiaren arabera, esaterako, Sugoi Eskoziako printzesa batekin ezkondu zen, eta Bizkaiko lehen jauna sortu zuten: Jaun Zuria. Betelun (Nafarroa), Suar deituraz dute ezaguna, eta, Ataunen (Gipuzkoa), ostera, bi bizileku ditu: Agamunda eta Atarreta leizeak.

Kondaira honek Gorbeialdean kokatzen du Sugoi, Dima herriaren inguruetan, Baltzolako leizean ezkutatua Mikelats semearen bizileku dela ere esaten da. Euskal idazleek elezaharraren bertsio ezberdinak jaso badituzte ere, Bargondian auzoko bi anaik Sugoirekin izandako liskarra du oinarri kontakizunak. Toti Martinez de Lezea idazleak jaso du elezahar hau Euskal Herriko Leiendak liburuan. Eta berak Joxe Miguel Barandiaranen Diccionario Mitologico eta El Mundo en la Mente Popular Vasca liburuetan argitaraturiko kontakizunak baliatu ditu.

Behinola, Joxe eta Xanti anaiak Baltzolako haitzuloen inguruan zebiltzan, paseoan. Joxe, anaia zaharra, gizon serioa zen; eta Xanti gaztea, berriz, ero samarra. Jakin-minez, apurka-apurka leizearen atarira bertaratzen hasi zen Xanti. Haren esanetan, laminak bizi omen ziren han, altxor eder baten zaindari. Joxek kobatik aldentzeko agindu zion anaiari, oihuka. Anaiak, berriz, algara artean eta gelditu barik, aurrera segitu zuen eta zuloaren sarrerara gerturatu zen.

Bertan zen Sugoi, bare, begiak itxita lozorroan. Batere kikildu gabe, Xantik, sutondotik harri handi bat hartu, eta herensugeari jaurti zion, indarrez. Buruan jotzea zuen helburu, baina buztan zati bat moztea besterik ez zuen lortu. Sugeak, azkar, leizearen barrunbeetara alde egin zuen, ezkutura. Joxek, ostera, errieta egin zion anaia gazteari, etxera alde egiteko esanez.

Sugea zena, gizon

Pasartea ahaztu eran, urteak pasatu ziren, eta garai gogorrak heldu ziren bi anaien familiarentzat. Beste erremediorik ezean, anaia zaharrak etxetik alde egin behar izan zuen, lan bila. Urrutirako bidea hartu zuen Joxek, eta lana ere aurkitu zuen. Sosak aurrezteko adina pilatzeko aukera eman zion beharrak, baina kezka bat zuen buruan bueltaka etengabe: senideak, etxea eta herria zituen faltan.

Herriminak jota zegoen egun horietako batean, gizon dotore bat bertaratu zitzaion, herrenka. Hanka bakarraren gainean zebilen, baina, besotik heldu, eta hegaz eraman zuen Joxe, Baltzolako koben atariraino. Joxe sinetsi ezinik zebilen, gizonari zur eta lur begiratuz. Orduantxe, gizonak, besoa luzatu, eta urrez beteriko kutxatxoa eskaini zion Joxeri. Segituan, gerriko gorri bat atera zuen patrikatik, eta hura ere eman egin zion. Bigarren oparia anaia Xantirentzat zen. Ondoren, arrastorik utzi gabe desagertu zen gizontxoa.

Joxek etxerako bidea hartu zuen, gertatu berri zena burutik kendu ezinik. Anaiari jazotakoa kontatu, eta gerrikoa eman zion berehala. Xantik, pentsakor, galdetu zion anaiari: “Eta gizon horri hanka falta zitzaiola diozu?”. Baiezko keinua egin zion Joxek, eta erantsi zuen makilarik ez bestelako euskarririk ez zuela erabiltzen. Gazteak, gerrikoa esku artean hartu, eta etxe aurreko intxaurrondora lotu zuen. Korapiloa egin, eta su hartu zuen arbolak. Kiskali, eta errauts bihurtu zen segundo bakarrean. Anaiek elkarri begiratu zioten, gertatutakoa ulertzen hasita. Biak, gizon herrena eta kobazuloko herensugea, bat ziren: Sugoi, Baltzolako gizon sugea ezagutu berri zuten.