Etxez etxeko langileek beste bost lanuzte egun iragarri dituzte

Aitziber Laskibar Lizarribar

Urtebete baino gehiago daramate mobilizazioetan Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileek. 21 greba egun egin dituzte dagoeneko. Baina haien egoerak ez du hobera egin, eta langileen eskaerak aintzat hartuko diren zantzurik ez da sumatzen oraingoz. “Zerbitzua ematen duten patronalek eta zerbitzuaren titularrak diren udalek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute”, salatu dute Veronica Medinak eta Carmen Rodriguezek, ELA, LAB, UGT eta USO sindikatuetan afiliatutako langileen izenean. “Egoera horren aurrean, beste behin ere, mobilizazio eta grebetara deitzera behartuta ikusten dugu gure burua”.

Datozen bi asteetarako iragarri dituzte mobilizazioak. Datorren asteko asteartean eta asteazkenean, otsailaren 26an eta 27an, egun osoko grebak egingo dituzte. Hurrengo astean, berriz, asteartetik ostegunera bitartean egingo dute greba: martxoaren 5, 6 eta 7an. Hurrengo egunean, Martxoaren 8ko greba feministarekin bat egiteko deia ere egin dute lau sindikatuek elkarrekin egindako agerraldian.

Ez da kasualitatea Martxoaren 8ko protestekiko atxikimendua. Erabat feminizatua dagoen sektore bat da etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duena. Eta ez da kasualitatea emakumeen bizkar gainean egotea baliorik ematen ez zaien laguntza lan horiek. Argi dute langileek: “Emakumeok zapaltzen gaituen sistema oso bat dago gatazka honen guztiaren atzean”, adierazi dute ELAko Medinak eta LABeko Rodriguezek, lau sindikatuetako langileen izenean. “Sistema kapitalistak zaintza lanak hutsaren truke egitera behartzen gaitu emakumeok, sistemak berak iraun dezan, eta, horregatik, lan merkatuan eta, kasu honetan, etxez etxeko laguntzan uzten diguten lekua bigarren mailakoa da. Zaintza lanak inolako aitortzarik gabe eta oso modu prekarioan egiten dira”.

Prekaritate hori, arindu ordez, areagotzen ari dela diote, gainera, eta lan baldintza txar horiek okertu egiten dutela laguntza behar dutenei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea.

Sindikatuek azaldu dutenez, beharrizan egoeran daudenen kopurua etengabe hazten ari da, eta, beraz, laguntza zerbitzuak gero eta beharrezkoagoak dira. Baina premia dutenen kolektiboa handitzen ari den arren, horiei ematen zaien babesa gutxitzen ari da. Zerbitzu orduak gutxitzen ari direla eta ordu horietan egin beharreko lanak gehitzen ari direla salatu dute langileek; eta horrek kalte egiten diola zerbitzuaren kalitateari.

Lan baldintzei dagokienez, duela bost urtetik soldata izoztuta dutela azaldu dute, eta lan eskubideak galdu dituztela: “Enpleguaren behin-behinekotasun tasa handia da, eta lanaldi partzialak, ugariak. Malgutasuna gero eta handiagoa denez, lanaren eta norbere bizitzaren arteko kontziliazioa oso zaila bihurtu da. Labur esateko, gure lan baldintzak prekarioak dira”.

Egoera irauli nahian, mobilizazioak hasi zituzten duela urtebete, eta gatazkan zerikusia duten alde guztiak interpelatu dituzte. Bizkaiko udal nagusietan mozioak aurkeztu dituztela azaldu dute, eta etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko neurriak jasotzen dituzten mozio horiek udal askotan onartu direla. Halaber, alderdi politikoekin bildu dira; Bilboko Udaleko aurrekontuei ekarpen zehatzak egin dizkiete; sektore feminizatua izanik, euren egoera Emakunderi helarazi diete; eta patronalak ere zuzenean interpelatu dituzte.

Udalak eta patronalak

Hitz on batzuk entzun bai, baina ekintza zehatzik ez dute ikusi, ordea. Eta argi izendatu dituzte “gatazkaren arduradun zuzenak”: batetik, mozioak onartu arren gauzatu ez dituzten Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, horiek baitira laguntza zerbitzuen erantzuleak; eta, bestetik, “negoziatzeko gogorik ez duten patronalak”, horiena baita zerbitzua emateko zeregina.

Ez batzuei eta ez besteei ez diete asmorik ikusten egoerari aterabidea bilatzeko, eta hargatik ekingo diote, beste behin, grebari: presio egiteko. Egoera desblokeatu eta negoziatzera esertzeko oinarriak zeintzuk diren badakitela esan diete: galdu duten erosteko ahalmena berreskuratzea, muturreko malgutasuna amaitzea, eta lan gaixoaldi guztiak aitortzea.