Bost urtez elkartasuna ardatz

Peru Azpillaga Diez

Bost urte bete dira 40 Minutu Rock elkartasun jaialdia sortu zenetik, eta, geroztik, milaka izan dira urtero Durangoko Landako gunean bildu direnak musikaz gozatzeko. Hortaz, asko izan dira urte hauetan bertatik igarotako norbanakoak, bai ikusle eta bai taldeak, eta baita langile eta boluntarioak ere. Izan ere, aurreko lau urteotan 30.000 lagun inguru batu ditu jaialdiak.

Urte hauetan, izena ere aldatu du presoen eskubideen aldeko jaialdiak: Kalera Rock zen lehen, eta 40 Minutu Rock orain, presoen senitarteko eta lagunek egiten dituzten bisitetan haiekin egoteko duten denborari erreferentzia eginez. Aurten, Elkarrekin arnasteko ordua da lelopean, bost urteko ibilbidea borobilduko dute, eta, hori ospatzeko, jaialdia luzatu, eta, lehen aldiz, bi egunetako egitaraua osatu dute.

“Aurten, bosgarren urteurrena izanda, beste erronka bat ezarri genion geure buruari: sarri genuen entzuna nahiz eta musika eskaintza zabala egin jende multzo bat jaialditik kanpo geratzen zela, publiko gaztearentzako zelako batik bat”, azaldu du Aritz Maldonado 40 Minutu Rock-eko antolatzaileetako batek. Horregatik erabaki zuten ostiraleko egitaraua osatzea, jende horrek ere parte hartzeko aukera izan zezan. “Beste publiko bati bideratuta dago ostiraleko eskaintza”, zehaztu du Maldonadok.

Lehenik, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek umeentzako dantzaldia eskainiko dute, 18:30ean. Ondoren, 22:00etan, kultur diziplina ezberdinak nahastuz sortutako ikuskizun berezi bat izango da: Etxerako Giltzak. Preso, Iheslari eta deportatuen ausentziaz. “Durangoko bi dantzarik eramango dute obraren pisua, eta Nerea Ibarzabal eta Miren Amuriza bertsolariek eta Ines Osinaga eta Mikel Urdangarin musikariek jarriko diote doinua ikuskizunari. Gidoia Gotzon Barandiaranek prestatu du”, adierazi du Maldonadok. Hala, musika jaialdiak “urrun” geratzen zaizkion jende horrek edota bestelako kultura espresioak ere gustuko dituztenek izango dute 40 Minutu Rock jaialdian parte hartzeko aukera.

Gaurko ikuskizunen ostean, bihar, urtero bezala, kontzertuak izango dira egun osoan, 10:30etik aurrera. Jada lau urte daramatzate jaialdia hala antolatzen, baina, Maldonadok azaldu duenez, ez da beti horrela izan. Lehenengo urtean laburragoa izan zen, arratsaldez soilik, baina, izandako “arrakasta” ikusita, bigarren urtean jada goizetik egitea erabaki zuten. “Baimen kontuengatik, ezin ginen gauez gehiago luzatu, eta ikusten genuen bai kontzertuak ikustera etorritako jendeak eta bai artistek parte hartzeko gogoa zutela; horregatik erabaki genuen luzatzea”.

Bost urte hauetan jaialdiaren musika estiloa ere aldatu dela aitortu du Maldonadok: “Jaialdiak bilakaera propioa izan du. Lehenengo urtean oso rock markatuarekin hasi ginen, eta aurten, berriz, oso kartel heterogeneoa osatu dugula esango nuke, estilo asko uztartuz”. Rock, rap, oi, reggae, folk… zenbait estilotako taldeak batu dituzte bosgarren jaialdirako, eta aurtengo abestia egin duen taldea ere aniztasun horren adibide garbia dela deritzo Maldonadok: “Bad Sound talde iruindarrak egin du abestia. Egun oso modan dagoen estilo bat darabilte haiek, dancehall eta hip-hop erritmoak nahastuz, eta oso aukera aproposa iruditu zitzaigun”. Hasieratik “oso prest” agertu zirela erantsi du, eta denak geratu direla pozik emaitzarekin. “Bideoklipean, esaterako, jende askok parte hartu zuen, artista batzuek ere egin zituzten kolaborazioak, eta, oro har, grabazio prozesu guztia oso polita izan zen; giro aparta sortu zen guztion artean”.

Elkarlana oinarri

Aritz Maldonadok azaldu duenez, bera hasieratik dabil egitasmoa aurrera ateratzeko lanetan murgilduta; hain zuzen ere, orain dela bost urte baino gehiago musikazaleak ziren zenbait lagun bildu eta jaialdia antolatzea erabaki zutenetik. “Presoen eskubideen aldeko eta sakabanaketaren kontrako dinamikari musikaren bidez gure ekarpena egiteko aukera genuela ikusi genuen, eta buru-belarri hasi ginen jaialdia prestatzen”.

Lehenengo jaialdiak izandako arrakastaren ostean, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten, eta “arazoa” mantentzen den bitartean jarraitzeko prest daudela baieztatu du.

Hogei laguneko taldetxo bat hasten da urtero uda baino lehen batzen eta hurrengo jaialdirako xehetasunak prestatzen. Data hurbildu ahala gero eta jende gehiago inplikatzen dela dio. “Egunean bertan, laurehun pertsonak baino gehiagok hartzen dute parte hainbat txanda eginez: segurtasuna, sukaldea, barra… Haien ekarpena funtsezkoa da”.

Urteek aurrera egin ahala, jaialdia gero eta “egonkortuago” dagoela deritzo. “Urte batean izan ezik, beste guztietan ia sarrera guztiak saldu ditugu”. Taldeak ere bertan jotzeko prestasun handia izaten dutela erantsi du, “plaza ona” bilakatu delako. Maldonadok musikak jendea batzeko duen indarra azpimarratu du. “Ez dakit ondo zelan azaldu, baina musikak badu jendea batu eta mugiarazteko gaitasun berezi hori”. Argazkiak ikustea besterik ez dagoela deritzo: “Gazteak, elkartasun leloak aho batez abesten; hori da jaialdiaren lorpen nagusia, aldarrikapen hori zabaltzea eta egunak berak jendearengan uzten duen arrasto positiboa”.

Durangoko Landako gunean antolatzen den 40 Minutu Rock jaialdiak bi eguneko egitaraua izango du aurten.

Gaur

18:30. Umeentzako dantzaldia Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin.

22:00. Etxerako Giltzak. Preso, iheslari eta deportatuen ausentziaz ikuskizuna.

Bihar

10:30. Hesian.

12:40. Nogen.

13:45. Brigade Loco.

14:50. Ezetaerre.

15:55. Huntza.

17:10. IRA.

18:15. Parabellum.

18:30. Gorpuzkingz.

19:30. Bad Sound.

21:55. Rude Pride.