“Prekaritate kroniko batean” ikusten dute beren burua Ezkerraldean

“Prekaritate kroniko batean” ikusten dute beren burua Ezkerraldean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Etorkizuna ilun sumatzen dute Ezkerraldeko gazteek. “Prekaritate kroniko batean” murgilduta ikusten dute bere burua; “bizitzako alor guztietara” hedatu den prekaritate egoeran. “Gure bizitzen parte da eta gelditzeko etorri da”, adierazi du Ezkerraldeko Ernaik bertako gazteen egoeraren berri emateko agerraldian. “Ziurgabetasuna, heldulekurik eza, ezegonkortasuna, segurtasun falta… Bizirautera kondenatzen gaituzte”.

Alarma hotsak entzuten dituztela diote; sirena hotsaren deiari jarraituta lanera joaten zirenen oinordeko direnek, alarma adierazten duten sirena hotsak soilik entzuten dituztela orain. “Larrialdi egoeran gaude”.

Ezkerraldea ezaugarritzen zuen industria desagertuz joan da. Labe Garaiak, Babckok eta General Electric enpresa handien itxierak gogoratu dituzte gazteek. “Gaur, Navalen txanda dugu”. Desindustrializazio prozesua bururaino eramateko nahiarekin arrazoitzen dute Navalen egoera. Ez dute bestela ulertzen: “Nola itxi lana duen enpresa bat? Duela hamar urte Espainiako Gobernuak Naval pribatizatzea erabaki zuen, eta orain, kudeaketa txar baten ondorioz proiektua hiltzen uztera behartu nahi gaituzte”.

Gainera, Naval ixteak eragingo lukeen egoerari buruzko azterketak egiten direnean bertako 177 langileak soilik hartzen direla kontutan salatu dute. “Langile zuzenak direnen egoera baino ez dute aztertzen, zeharkako langileak kontuan hartu gabe”. Eta ontziolaren inguruko enplegu sareak ia 2.000 pertsona hartzen dituela ohartarazi dute. Ez hori bakarrik; horietako gehienak azpikontratetan daudela: %80. Guzti horiek ere aintzat hartu behar direla aldarrikatu dute.

Ontziolen aldeko apustua egin dute gazteek. Euskal industriaren sektore estrategikoa dela diote, eta bizirautea bermatu behar dela. Hartarako, Ezkerralderako etorkizuneko industria plan “erreal” bat eskatu dute. Agintean den EAJ, ordea, “interes kapitalistei” lotuta ikusten dute, eta “mekatuaren diktaduraren” bidez, bizitzak negozio iturri bihurtzen ari dela. “Kapitalismoaren erritmo itogarriak” herritarren burujabetza galera bilatzen duela esan, eta horri aurre egitera dei egin dute: “Ez gaude prest beste batzuek markatutako koordenaden arabera bizirauteko”.