Pertsona beste nortasun

Pertsona beste nortasun

Natalia Salazar Orbe

Bi emakume: Elisa eta Marcela. Debekatutako maitasun istorio bat, 1901ean, Galizian. Debekuei aurre egin, eta ezkondu ere egin ziren, Elizatik. Horretarako, Elisa gizon jantzi zen, eta nortasun berri bat asmatu. Herrian berehala jabetu ziren gertatutakoaz, ordea. Eta era guztietako mespretxu eta errepresaliak jasan behar izan zituzten biek. Horra hor aurtengo Zinegoak jaialdiaren abiapuntua: Elisa y Marcela, Gena Baamondek zuzendutako A Panadaria konpainiaren antzezlana. Benetako gertakari baten kontakizun errebeldea egingo dute Arriaga antzokian, astelehenean, Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Nazioarteko jaialdiaren inaugurazio ekitaldian.

Lumaz harro leloa hartu du aurten Zinegoak jaialdiak. Pau Guillen zuzendariak azaldu du zergatia: “Norberak bere identitatea modu naturalean adieraztea aldarrikatu nahi dugu. Lumaz harro gaude, ez da lotsatzeko kontu bat. Bakoitzak eskubidea izan behar du, naturaltasunez, nahi duen moduan bere generoa adierazteko, eta lau haizeetara zabaltzeko. Lumak indartsu egiten gaituelako”.

Aurtengoa 16. edizioa dute, eta berritasunez josita dator. Batetik, arte eszenikoek indar handiagoa hartuko dute. Inaugurazio ekitalditik bertatik geratuko da agerian apustu berria. Normalean, zineak hartu du indar handien, baina aurten arte eszenikoetako zazpi lan taularatuko dituzte. Kepa Errastiren Lur da horietako beste bat. Biologikoki neskarena den gorputz batean katigatuta dagoen mutiltxo baten istorioa kontatzen du antzezlanak.

Ertz asko ukituko ditu bi astez iraungo duen jaialdiak. Sexu aniztasunarekin lotutako hainbat gai jorratzen dituzte ikusi ahalko diren lanek: intersexualitatea, LGTBI+ pertsona nagusien ikusgarritasuna, umeak zein LGTBI+ errefuxiatuek euren jaioterrian, bidaian edota bizitzera joan diren herrialde berrietan duten errealitatea.

Sail ofiziala hiru kategoriatan bereizi dute. Horra hor beste berezitasunetako bat. Denera, 25 film luze aurkeztuko dituzte FIK, DOK eta KRAK kategoriatan sailkatuta. Fikzioa, dokumentalak eta zinema apurtzailea eta ez-komertziala jasoko ditu bakoitzak, hurrenez hurren.

Oscar Wilderen azken urteak kontatzen dituen Happy Prince aurkeztuko dute, besteak beste, FIK kategorian. Baita Rafiki ere. Eduki lesbikoa duen Keniako lehen filma da.

Kategoria berean eskainiko dituzten lanek erabat desberdinak diren gaiak plazaratuko dituzte. DOKen, esaterako, Ez Eva ez Adam. Kontakizun intersexual bat filmak intersexualitatearen errealitatea ezagutaraziko du. Kartzela Bollerak dokumentalak, berriz, espetxeetako sexualitate disidenteen errealitatea kontatuko du.

Film luzeen ondoan laburrek ere lekua izango dute. Mundu osoko 47 lan erakutsiko dituzte hiru sailetan banatuta: orain arte jaso dituzten Emakumea eta Haurtzaroa eta Nerabezaroa egongo dira, batetik. Eta Indarkeria eta Errefuxiatuak gehituko zaizkie aurten.

Euskal Herriko lanei txoko berezitua eskainiko die Zinegoak jaialdiak: Erroak. Horretarako beharra sumatu dute, kontuan hartuta LGTBI+ edukia duten produkzioek gora egin dutela Euskal Herrian. Otsailaren 25, 26 eta 27an hiru saio eskainiko dituzte Bilborocken, doan. Denera bertako hamahiru lan egongo dira ikusgai jaialdian: hamar film labur —gehienak Erroak kategorian emango dituzte—, dokumental bat eta bi arte eszeniko.

Bi asteko iraupena eta hainbat agertoki izango ditu jaialdiak. Lehenengo asteko film guztiak Azkuna zentroko Golem zinema aretoetan eta Bilborocken proiektatuko dituzte. Gainera, BilboArten ere zertzelada bat ikusi ahalko da, doan. Lehenengo aste horretan, pelikula guztiak proiektatuko dira. Bigarren astean, Bilborock eta BilboArte izango dira egoitza nagusiak, baina beste hainbat eremutara ere hedatuko da Zinegoak. Bilborocken bigarren aldiz proiektatuko dituzte hainbat film eta DOK saileko programazio osoa eskainiko dute.

Ohorezko saria, Indiara

Sridhar Rangayan zinemagile, ekoizle eta ekintzaile indiarrari emango diote Zinegoak 2019 ohorezko saria. Antolatzaileek nabarmendu dute giza eskubideak eta sexu aniztasuna landu dituela azken bi hamarkadetan, eta haren lanek ahotsa eman dietela zentsuratutako eta ofizialki baztertutako istorioei. Iaz aurkeztu zuen azken lana: Evening Shadows “pelikula familiarra”, zuzendariak berak definitu duen bezala. Istorio homosexual bat jasotzeaz gain, Indiako emakumeen errealitatea ere kontatzen du. Indiako gizartearen LGTBI+ kolektiboarekiko begirada aldaketa eta legeetan eman diren aurrerapausoak Sridharren eta bera bezalako mila ekintzaileren lidergoari eta konpromisoari esker gertatu direla uste dute Zinegoaken sustatzaileek. Igandean ikusi ahalko da, BBK aretoan. Gaur eta bihar ere izango baitira zenbait jarduera, jaialdiak Bilboko kultur, elkarte, erakunde eta mugimenduekin elkarlanean antolatutakoak.

Martxoaren 3an bukatuko da Zinegoak, baina haren arrastoak herriz herri jarraituko du. 60 lan baino gehiago emango dituzte Hego Euskal Herriko 44 udalerritan. Batean eta bestean hedatuko dute izateko zein norbere burua adierazteko modu anitz daudela.