Ontzia egin, eta itsasoa kendu

Ontzia egin, eta itsasoa kendu

Aitziber Laskibar Lizarribar

Atunontzia zen lehen. Baina jabeek saldu, eta erosle berezia izan zuen Aita Mari-k, 32 metroko luzera duen itsasontziak: Europara iristeko ahaleginean Mediterraneoko uretan noraezean diren migratzaileei laguntzeko lanean aritzen den boluntario talde bat. Diru laguntzak bilatu, itsasontzia konpondu eta egokitu, eta migratzaileak itsasoan ito aurretik salbatzeko prest dago Aita Mari. Tripulazioa eta boluntario taldea ere bai. Abiatzear zen duela hiru bat aste. Baina Bilbon dago, Itsas Museoaren ondoan, itsasadarrean lotuta. Espainiako Gobernuak ukatu egin dio Mediterraneoko uretara abiatzeko baimena, argudiatuta ez dituela beharrezko baldintzak betetzen. Itsasontziaren kudeaketaz arduratzen den Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak baldintza guztiak betetzen dituela dio, hartarako prestatu dutela beren-beregi. Helegiteak aurkezteko lanean ari dira orain. Eta, bitartean, ez daude geldirik.

Salbamendu lanetara joan ezin, eta egin nahi dutena ikusarazteko baliatu du elkarteak geldialdia. Aita Mari-ren ateak zabaldu, eta bere txoko guztiak erakusten ari dira boluntarioak; txoko guztiak, eta bertako tramankulu bakoitzaren egitekoak.

“Laguntza lana egin duen ontzia alde honetara etorriko litzateke erreskatatutako pertsonekin”, hasi du bisitaldiaren azalpena istriborretik Iñigo Mijangosek, Itsas Salbamendu Humanitarioko presidenteak. “Ate hau zabaldu egiten da, eta erreskatean joan den txalupa motorduna hemen geratuko da”. Migratzaileen bila txalupa txikiekin joatea hobe dela dio, noraezean dabiltzanek salbamenduko itsasontzi handira korrika joateko joera dutelako; “horrela, haien txalupak oreka galtzen du; arriskutsua da”.

Erreskatatutako pertsonen harrera istriborrean hasi, eta ordena zehatz bati jarraituko dio prozedura guztiak. “Eromena izan liteke bestela”. Lehenengo harrera ate ondoan egin, eta medikuek azterketa egingo diete iritsi berriei. Bistako arazorik ez dutenek aurrera jarraituko dute. Salbamendu jantzia utzi, eta ilaran jarraituko dute aurrera, beste aldera iritsi arte.

Pare bat dutxa dituzte ababorrean. “Normalean, gasolina arrastoak izaten dituzte, eta kresalak eta txizak azido bat sortzen die, azala erretzen diena”. Hargatik dutxak. Pare bat komun ere badaude ondoan. Aurrera segitu, eta popan geratuko dira itsasontzira igotako pertsonak. Elkarren ondoan eseri, eta han egingo dute lehorrera arteko bidaia, itsasontziaren bizkarrean.

Osasun arazoak dituztenak erizaindegi izateko prestatutako gelara eramango dituzte. Sarrerako ate ondoan dago hori. Pare bat ohatila gurpildun, eskuekin eramateko beste pare bat, desfibriladoreak eta zaurientzako sendagaiak daude bertan. Zaintza Berezirako Unitate mugikor baten azpiegitura du.

Ondoan, sotora jaitsita, biltegi bat. Janaria izaten dute bertan; bi hozkailu eta izozkailu ere badituzte. Baina, horrez gain, haurrentzako eta emakumeentzako gunea da. Zainketa berezia egiten zaie horiei, eta bidaia osoa, kanpoaldean egin beharrean, sotoan egiten dute. 15-20 bat lagun sar daitezke bertan. Guztira, 120 bat lagun sartzen dira itsasontzian; hartarako baimena du Aita Mari-k.

Eskaileretan gora igo, eta salbamendurako baliabide gehiago daude. Metalezko bidoi itxura dutenak, esaterako, erreskaterako txalupak dira; uretara botatzean puzten dira. 20 eta 25 pertsonarentzakoak daude; guztira, 120 pertsona hartzeko adina.

Gune horien guztien funtzionamendua herritarrei azaltzen ari dira egunotan boluntarioak; migratzaileen salbamendurako sarrera gunean hasi, eta botoi, irrati, pantaila eta radarrez jositako kapitainaren kabinara arte.

Hitzorduak, telefonoz

Hala egingo dute, martxoaren 5era arte, egunero-egunero. Doakoak dira bisitak, eta 17:00etatik 19:00etara egin ohi dituzte. Baina bertan egongo direla ziurtatu eta boluntarioak bisitari kopurura egokitzeko helburuz, Mijangosek ohartarazi du aurrez telefonoz deitu behar dela (666 34 54 27). Gobernuz kanpoko erakundeen lanaren berri eman, Europaren jarrera ikusarazi eta kontzientzia astintzea dute helburu bisita horiek. Eta laguntzeko aukera ere zabalik dute; besteak beste, jertseak eta kamisetak erosita.

Tripulazioa martxoaren 5ean itzuliko da. Dena prestatu, eta Greziara abiatuko dira. Han emango diete, batez ere, osasun laguntza migratzaileei, Mediterraneoan nabigatzeko baimena lortu bitartean. Mesfidati dago Mijangos, halere. Orain arte ikusitakoak ikusita, eta helegiteei erantzun behar diena baimena ukatu dien bera izanik, berriro ere ezezkoa jasoko duten beldur da. “Antolaketa aldatu beharko genuke orduan, eta Grezian geratuko ginateke, Aita Mari laguntzarako gune egonkor bihurtuta”. Horri begira ari da, eta, esaterako, erizaindegian haginak kentzeko dentista zerbitzua gehitzeko lanean ari da.