Kontu kontari

Igor Elordui Etxebarria

Aitzinsolasa: Euskadi Irratian entzun diot Adolfo Arejita euskaltzainari esaten hobe dela, bere uste pertsonalean, erabiltzea errelatore, eta ez kontalari, kontari edota kontatzaile. Hau da, maileguaz baliatzea, mementoz behintzat, zehatzago eta zuzenago lotzen zaiolakoan moda-modan dagoen gaztelaniazko relator delakoaren adierari. Nire ustez, hor hasten gara galtzen (baina hori beste baterako).

Lehenengo errelato edo kontaera: 2003. urteko otsailaren 20a. Eguerdi tristea Donostiako San Jeronimo kalean. Aurreko gauean Bilboko Kafe Antzokian, 13. Korrikaren Korrika Kulturalaren ingurumarian, Jai Alai Katumbi Express. Edo bestela esanda: Fermin Muguruza eta Manu Chao. Goiz joan nintzen, ordea, etxera, ze, hurrengo egunean, Donostian, Metxa antzezlana (hura ere Korrika Kulturalaren barruan) aurkeztu behar genuen, prentsa agerraldian. Eta hala eta guztiz ere, sekula izan dudan eta, segurutik, inoiz izango dudan bestondorik txarrenarekin itzartu nintzen. Irratiz albistea: “Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi du. Atxilo eraman dituzte Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Joan Mari Torrealdai…”. San Jeronimo kaleko orduko argazkia, hurrengo egunean publikatu zena: Metxa obrako zuzendaria eta aktoreak (Eneko Olasagasti, Jose Ramon Soroiz, Ramon Agirre…), aurpegiera ilunez egun horretako Egunkaria-ren ale bana, alegia, azken alea, eskuetan zutela.

Bigarren errelato edo kontakizuna: 1998. urteko uztailaren 15a. Kanadako kontsulatua, Kuba. Utziak genituen aurreko astean Habanan hara eramandako botikak eta bestelako gauzak, eta egonak ginen hainbat jenderekin. Motxilak hartu eta Santiagora bidean bidaiaz gozatzea bazegokigun. Baina, latzak ziren udak sasoi hartan Euskal Herrian, haraino heldu zitzaigun albiste baten oihartzuna. Pasa ziguten abisua egiaztatzearren eta, bide batez, kafe bana hartzeko asmotan, Kanadako kontsulatuko tabernan sartu ginen. Han zegoen piztuta Televisión Española Internacional eta ikusi genituen handik Espainiako Poliziak Egin zarratu eta Oraineko arduradunak preso eraman zitueneko irudiak. Hogei urte geroago espoliazioak dirau.

Egin nezakeen errelatoa edo kontaketa beste hainbat gauzari buruz: nerabe nintzela etxean pairatu genuen jazarpen poliziala; intsumiso izateagatik kartzelatu nindutenekoa; epaitegiko aginduak gaztelania hutsez heltzeagatik desobedientzia praktikatu eta kalabozoan sartu nindutenekoa; etxeko atarian auzoko zinegotzi baten bizkartzainak pistola atera zidanekoa; irakasleria propioa eskatzeagatik Leioako unibertsitatean ertzainek jipoitu gintuztenekoa; egindako gose grebak, Garzonek AEKren kontuak blokeatu zituenekoa… Egin nezakeen, baita ere, ume nintzela etxeko leihotik bonba batek eztanda egin eta polizia bat txikituta, literal, ikusi nuenekoari buruz. Egin nezakeen horrenbeste gauzari buruz! Ez denak harro egoteko modukoak, halere. Gomendagarria egitea, gerora maileguan hartu behar ez ditzagun.