Jakintsuetan jakintsuen

Jakintsuetan jakintsuen

Natalia Salazar Orbe

Ongiaren eta txarraren arteko norgehiagoka. Maltzurrak egin dezakeen keinu edo eskaintzen beldurrez bizi izan dira hainbat belaunaldi, dikotomia hori oinarri zuen moralitatearen baitan. Gaiztakeria deabruak irudikatu izan du leku asko eta askotan. Beharrak edo botere nahiak bultzatuta, diruaren truk arima deabruari saldu zioten herritarrei buruzko hainbat kontakizun zabaldu dira batean eta bestean. Baita maitasuna lortzeko gauza bera egin dutenei buruzkoak ere.

Norbere arimaren ordez denbora luzez haurdun geratzerik lortu ez eta laguntzekotan, izango duten seme edo alaba hori eskaini diotenei buruzko kondairak ere badira. Beste batzuetan, mesedea egin bai, baina asmakizun bat igarri behar zuen gizakiak trukean. Elezahar horietan guztietan, zailtasunei aurre egin, eta gizakiak beti gailendu zaizkio deabruaren trikimailuei. Hala gertatu zen Resurreccion Maria Azkuek jasotako hurrengo kondairan ere. Mañarian gertatu zena ipuin moduan zabaldu izan da. Txerren izenez ageri da deabrua hor. Euskal mitologian hartu izan dituen hainbat izenetako bat da.

Toti Martinez de Lezeak jaso duen istorio horren protagonista oso garai txarra bizi zuen gizon bat da. Behar handia zeukan, eta, egoera hartatik ateratzeko, arima saldu zion deabruari. Deabruak bost urteko epea ezarri zion zorra kitatzeko. Akordioa jasotzen zuen kontratua sinatu zuten biek.

Urteak joan ziren, eta, epea agortzear zela, deabrua azaldu zitzaion gizonari. Zor ziona gogoraraztera joan zitzaion. Baina arima eman beharraz libratzeko aukera bat proposatu zion: “Hain gaiztoa naizela esan ez dezaten, eskuzabal jokatuko dut. Zenbat urte ditudan asmatzen baduzu, aske utziko zaitut. Ez baduzu asmatzen, ez duzu berriro zure ingurukorik ikusiko”.

Hori esan ahala desagertu zen deabrua. Eta gizona larri eta estu utzi zuen, bizia galdu behar zuela sinetsita. Nola asmatuko zuen haren adina? Edozein izan zitekeen eta.

Batetik bestera aritu zen, erantzuna emango zionaren bila; jakintsuak, sorginak zein aztiak, denak bisitatu zituen. Baina inork ez zekien zenbat urte zituen deabruak. Nola asmatuko zuen bada, orduan, berak? Ezinezkoa zen.

Etsita zegoen. Bi egun besterik ez ziren geratzen deabruarekin zuen zorra kitatzeko. Lur jota zegoen hartan, amona zahar batekin egin zuen topo. Zer gertatzen zitzaion galdetu zion emakumeak, aurpegi txarra ikusi ziola eta. Negarrez erantzun zion ipuineko protagonistak: “Diru premia larrian nengoela deabrua agertu zitzaidan, eta diru mordoa eskaini zidan arimaren truk. Zorrak kitatzea beste ardurarik ez neukan orduan, eta hura egin behar nuela pentsatu nuen”. Orain zein egoeratan zegoen azaldu zion orduan. “Etzi bukatzen da epea, eta, adina asmatzen ez badiot, galdua naiz betiko”.

Emakumeak barreari eman zion. Eta ez kezkatzeko esan. “Zoaz etxera, eta utzi nire eskuetan arazo hori. Ni arduratuko naiz”.

Andreak Txerren deabrua bizi zen kobazulorako bidea hartu zuen. Haitzuloaren sarreraren parean jarri zen, hari bizkarra emanda, eta gonak jaso zituen ipurdia agerian utziz. Hala zegoela, aurrealderantz makurtu, eta burua hanka artean sartu zuen, buruz behera kobazulora begira jarrita. Oihuka hasi zen orduan: “Txerren! Txerren! Non zaude?”, egin zuen garrasi, deabruak barrualdetik entzun ziezaion.

Deika ari zitzaizkiola entzunda kobazulotik atera zen Txerren, eta, begien bistan zuen ikuskizunari erreparatuta, ezin izan zion eutsi barreari. “Nire bi mila eta bat urteetan horrelakorik ikusi gabe nengoen”, bota zuen barre algaraka ito beharrean.

Emakumea berehala jaiki, jantzi eta deabruarekin zorretan zegoen gizonarengana abiatu zen korrika. Harengana iritsi bezain laster, Txerrenek zenbat urte zituen jakinarazi zion.

Ez zen denbora askorik igaro Txerren zordunaren aurrera agertu zen arte. Halaxe hitz egin zion: “Ederki, ederki. Zorra kitatzera etorri naiz. Zure arima niretzat izango da! Hala ere, lehenago, ea eman nizun aukera aprobetxatzen dakizun. Esadazu: zenbat urte ditut?”. Gizonak, orduan: “Bi mila eta bat urte dituzu; ez gehiago eta ez gutxiago”. Deabrua harrituta geratu zen. Ezin zuen sinetsi. “Ez dakit nola asmatu duzun, baina libre zara!”, esan eta desagertu egin zen. Luzaro bizi izan zen gizona, baina inoiz ez zuen beste traturik egin deabruarekin.