“Hori da kontua: uste dute ez direla inor”

“Hori da kontua: uste dute ez direla inor”

N. S. O.

Gazte eta arduragabe gisa ageri dira sarri LGTBI kolektiboko kideak. Baina adineko jende asko ere badago. Horien errealitatea erakusten du Visibles film laburrak. Zinegoak-en emango dute, hilaren 25ean. Ainhoa Urgoitia (Bilbo, 1976) da gidoilaria.

Zer erakusten du filmak?

LGTBI kolektiboko adinekoek duten egoera tamalgarria erakusten du. Ikusgarritasuna eman nahi genien. Izan ere, badirudi egungo gizartean zerbaitetaz hitz egiten ez bada ez dela existitzen. Beti hitz egiten dugu gaur egun ditugun eskubideei buruz, lortu ditugun aurrerapen guztiei buruz, nola gizartea pixkanaka zabaltzen ari den eta errealitate desberdinak onartzen dituen. Badirudi dena lortu dugula orain. Hori ez da egia. Gure aurrekoek bidea zabaldu digute, eta ez diegu eman euren espazioa. Hori da zineman erakutsi nahi duguna: zergatik adin batera iristean ikusgarritasuna galtzen den. Eta, zehatzago, LGTBI kolektiboko gure nagusiekin zer gertatzen den.

Gizarteak zergatik egiten du ikusezin kolektibo hori?

Proiektu honekin hasi ginenean, konturatu ginen zineman ez dela hitz egiten adinekoei edo zahartzaroari buruz. Badirudi zahartzaroa ezkutatuta dagoela, ez duela inporta; ez da gustukoa. Gainera, zeri esaten diogu zahar? Nori esan diezaiokezu zaharra dela? Egungo sistema kapitalista honetan badirudi aktibo ez bazaude ez duzula balio ezertarako. Jarrera horrek oso gaizki hitz egiten du gaur egungo gizarteari buruz. Azken batean, gure nagusiengatik gaude hemen. Badirudi jakituriaren transmisioa ere ez dela hartzen kontuan. Dena egiten da azkar, dena teknologiaren mende… Gure nagusiek daukaten jakituria alde batera uzten dugu; ez dugu hartzen kontuan. Pertsona bat ez bada aktiboa eta ez badago sartuta sisteman, ez du ezertarako balio. Bada, guk ikusgarritasuna eman nahi diegu.

LGTBI kolektiboan, gainera, izugarrizko karga izan dute: ezin izan dituzte bizi beraien sexualitatea, beraien maitasuna eta beraien izaera. 60 urtetik gorako askok ez dute onartzen euren izaera. Oraindik ez dira ausartzen senideei esaten zein den euren izaera sexuala. Ezkutatu egiten dute. Homofobia hain barneratuta daukate, ezen oraindik ez dira beren buruaz harro sentitzen; ezkutuan jarraitzen dute.

Zer ondorio du LGTBI kolektiboaren inguruan osatu den estereotipoak?

Ez dakit nork sustatu duen estereotipo hori. Zinean zein publizitatean adineko pertsona bat irudikatzen dutenean —ez bakarrik LGTBI kolektibokoa— gazteago bat jartzen dute, ez adineko bat. Badirudi kolektibo horretako kideak izugarri dibertitzen direla, ondo pasatzen dutela eta 40 urtera artekoak baino ez direla. Adin horretatik aurrera ez dira existitzen. Gure dokumentalean Federico Armenteros agertzen da, 26 de Diciembre fundazioko zuzendaria. Berak esan zigun behin Madrilgo udaletxean bilera bat egin zutela zenbait kolektibok. Hango psikologo batekin hitz egiten ari zela, hark esan zion ez zuela pentsatzen adineko homosexualik zegoenik. Oso esanguratsua da, zerbait gaizki dagoen seinale. Estereotipo bat sortu da. Komunikabideetan soilik agertzen dira gay harrotasunaren eguna eta antzekoak, baina ez da agertzen eguneroko bizitza. Hori falta da.

Eta non daude adineko horiek?

Beraien etxeetan sartuta. Askok ez du familiarik. Kontuan izan behar dugu gizartea ez eze, lehengo familiak ere oso zapaltzaileak zirela. Rol gogorra betetzen zuten askotan. Lagunen zirkulua ere murritza dute. Homofobia hain barneratuta dutenez, gainera, etxean sartu dira. Askok ez dute nahi zaharren egoitza batera joan, uste dutelako berriz sartu beharko dutela armairuan. Izugarrizko beldurra daukate erakusteko benetan zer diren. Fundazioak edo beste kolektibo batzuek ematen diete soilik ateratzeko aukera.

Ezagutu genuen pertsona bat hamazazpi urte egin zituena etxean sartuta. Udaleko gizarte langileek 26 de Diciembre fundaziora deitu zuten pertsona haren egoera azaltzeko, ez zuelako nahi haien laguntzarik. Fundaziokoak joan ziren, gizonak ikusi zuen kolektibokoak zirela eta laguntza onartu zien. Ordurako, osasunez oso gaizki zegoen. Fundaziokoei esan zien orain ez zuela hil nahi; haiek ezagutu zituela eta. Lasai egoteko esan zioten, beti egongo zela euren bihotzean eta euren lehenengo zentroari bere izena jarriko ziotela. Hark, berriz: ‘Baina ni ez naiz inor’. Hori da kontua: uste dute ez direla inor. Homofobia hain barneratua dute, ezen beraiekin lan egitea eta burbuila horretatik ateratzea oso zaila baita. Gizartea oso gogorra izan da beraiekin; baita familia asko ere.

Hausnartu behar dugu zer egiten ari garen gure nagusiekin. Gizarte batek modernoa, aurrerakoia, soziala eta demokratikoa izan nahi badu ezin du utzi pertsonak beraien etxeetan bakarrik egotea. Kolektiboko pertsonek ez dituzte landu beraien maitasunak eta maitatzeko harremanak. Ez diete utzi egiten.

Sariak ere jaso ditu lanak.

Madrilgo LesGayCineMad jaialdian saritu zuten. Saria jasotzera joateko deitu ziguten. Protagonistak bidali genituen. Haietako bati izugarrizko bizitza eman dio joan eta saria jasotzeak. Indar handia eman dio jendea gerturatu eta esateak bere lekukotzak benetan hunkitu duela. Hori da saria.

Badirudi hitz egiten ez den hori ez dela existitzen, eta gizarteak ahalmen berezia du horretarako. Horretarako egon behar du zineak, azaleratzen ez den guztia ikusarazteko. Ez dugu ahaztu behar egungo eskubideak atzoko herritarrei esker ditugula. Gainerakoan ez genituzke izango. Gizarte anitz eta justu batek ez lituzke ahaztu beharko adinekoak, inoiz.