“Etxekoekin nahi dugu saiatu, denak herriko taldekoak dira”

“Etxekoekin nahi dugu saiatu, denak herriko taldekoak dira”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Nagore Osoro Larrañagak (Ondarroa, 1994) arrauna alde batera lagata eduki du azken hiru urteotan. Orain, baina, kirol ibilbidea hasi zuen tokira bueltatzeko aukera eman dio Ondarroa Arraun Elkarteak. June Aranbarrigaz batera, emakumeen traineru sortu berria zuzentzeko ardura hartu du.

Ondarroak emakumezkoen trainerua osatzeko nahia zuen aspalditik. Zer deritzozu?

Ondo! Gure kasuan, kanpora joan behar izan genuen, hemen arraunean jarraitzeko talderik ez genuelako. Eneritz Alkorta, gure entrenatzailea zena, Zumaian zebilen trainerua osatzen, eta beragaz joatea erabaki genuen.

Zelan sortu zen entrenatzaile izateko aukera?

Elkartekoen deia jaso nuen, eta asko poztu nintzen proiektua aurrera ateratzeko nigaz akordatu zirelako. Pentsatu egin behar nuela esan nien. Udan sorosle lanetan ibiltzen naiz, eta ezingo dut arduraren ehuneko ehun nire gain hartu. June Aranbarri eta ni betidanik taldekideak izan gara, eta hari komentatu nion ea ni laguntzera animatuko litzatekeen.

Erabaki erraza izan da?

Arraun mundutik kanpo egon naiz hiru urtez. Entrenatzaile izateko deitu zidatenean, eta trainerua osatzeko aukera bazegoela ikusita, proposamena onartzea erabaki nuen.

Entrenatzaile lanetan estreinakoz ari zara. Aurretik beste inondik jaso duzu eskaintzarik?

Arrauna utzi nuenetik hainbat dei jaso ditut; baina, betiere, patroi modura aritzeko. Nahikoa erreta amaitu nuen Zumaian, eta ez nuen asmorik patroi modura bueltatzeko. Telebistako saio batean parte hartzeko aukera eduki dut, eta hortik oso motibatuta etorri naiz; lehiatzearen falta sumatzen nuela konturatu nintzen. Saioa grabatu eta bueltan, hain justu, deitu zidan herriko taldeak, eta gogo handiagaz ekin diot proiektu berriari.

Taldea entrenatzeaz gain, arrauna eskuetan ikusiko zaitugu?

June eta biok taldeko beste bat gehiago gara. Orain, hasiera batean, June traineru barruan joaten da, guk transmititu nahi dugun arraunketa modurik naturalenean transmititu ahal izateko. Ni ere entrenamendu erdietan patroi joaten naiz. Biotako bat traineru barruan joatea taldekideentzako lagungarri dela deritzogu; konfiantza handiagogaz egiten dute arraunean.

Zenbat arraunlarik osatzen duzue taldea?

22 gara denetara; horietatik bi patroiak gara.

Talde hasiberria izateko asko zarete.

Oraingoz, denek esan digute udako denboraldian aritzeko asmoa dutela, eta hori pozgarria da. Taldea oso-oso gaztea dugu. Senior mailako zortzi gara, eta beste denak gazte mailakoak dira.

Inor fitxatu duzue?

Denak herriko taldekoak dira. Ate batzuk jo ditugu: hasieran, esperientzia duen jendea taldean edukitzea ere beti eskertzen delako; baina, azkenean, gaudenokin aurrera egingo dugu. Etxekoekin nahi dugu saiatu; izan ere, eurengatik egongo da trainerua uretan. Bestalde, June eta ni Ondarroan arraunean ibili ginenean gurekin ibili ziren Janire Yanez eta Oihana Goikoetxea etorri dira; taldea indartzeko, ongi fitxatuak izan dira. Arrauna utzita zeuden, eta, entrenatzaileak gu ginela ikusita eta esperientzia probatzeko gogoa zutenez, buelta egitea erabaki dute.

Zer helburu duzue?

Urte batzuetarako proiektua da. Taldea mantentzea eta sendotzea da gure helburua, datorren urtean ere uretan jarraitu ahal izateko. Horretarako, talde giro ona edukitzea ezinbestekoa da.

Lehenengo lehian parte hartzeko aukera ere eduki duzue. Portugaleteko jaitsieran, zelan ikusi zenuen taldea?

Ondo! Taldea osatzen duten arraunlariak orain arte bateletan ibili dira, eta, gehienez, mila metroko estropadak egin dituzte. Traineruan, berriz, lau mila metro egin behar izan zituzten, eta, espero barik, nahikoa emaitza dotorea lortu genuen. Oro har, traineru estropada bat zer den, eta berau amaitzea zer den probatzeko aukera eduki zuten.

Herriko taldeak harrobi oso handia du.

Aurtengoa ez sinesteko modukoa da. Pozgarria da hainbeste ume arraunean ikustea. Ez dakigu zergatik den, mutilak goren mailan daudelako, zaleak gehitu direlako edo arraun eskolak udan lan ona egin duelako, baina ume asko daude aurten.

Zaleak ere asko dira.

Ondarroa beti izan da oso arraunzalea. Taldea nora joan, zale asko hurreratzen dira taldea animatzera. Arraunean gabiltzanoi ere ilusio handia egiten digu.

Zure kirol ibilbidean hainbat lorpen dituzu. Titulu horien artetik, zeinek egin dizu ilusiorik gehien?

2012ko ligagaz geratzen naiz. Eta urte horretako Zarauzko Ikurrina era berezi batean gogoratzen dut.

Eta momenturik gaziena?

2015eko Zarauzko Ikurrina. Estropada galdu egin genuen, eta, egun horretan pasatu ziren gauza batzuengatik, arrauna uztea erabaki nuen.

Zelan ikusten duzu gaur egun emakumeen arrauna?

Gero eta talde gehiago daude, eta atzetik datozen gazteak oso indartsu datoz. Baina elitearen gorengoko mailan dauden taldeak betiko neskekin ari dira lanean. Nire ustez, beste pare bat urte falta dira benetan indartsuak diren taldeak elkarren artean lehiatzen egoteko.

Berdintasunaren bidean zer egitea falta dela deritzozu?

Nire ustez, lehen mailako ligan lau talde egon beharrean gehiagok egon behar lukete, baita beheko ligan ere; baina, horretarako, talde gehiago sortu behar dira. Berdintasunaren bidean, bestalde, aurrepausoak eman dira: nesken bigarren liga bat egotea, play-offak edo Kontxan zortzi talde sartzea lortu da, besteak beste; baina oraindik ere asko dago egiteko.