Urtebetean

Nerea Ibarzabal

Elkarrengandik geroz eta urrunago bizi garelako agian, edo dagoeneko aterik ez diogulako inori zabaltzen, ezta zabaltzeko eskatzen ere, edo baserritarren alaba kaletartua izatearen traumak jaten nauelako barrutik. Ez dakit zehazki zergatik gustatzen zaidan hainbeste santa eskea, baina horrelako arrazoi mordo baten arteko nahasketa dela uste dut. Amallon irteten gara zapatuz, eta 30 baserri inguru igarotzen ditugu urtero, eguraldia dena delakoa izanda ere —normalean, beti txarra—.

Baten bati tontakeria irudituko zaio beharbada, alferrikako neke bat, ia zazpi orduz ibiltzea txingorpean kopla-kantuan atariz atari; auzorako dirua biltzeko modu eraginkorragoak egongo dira, seguru. Baina honek erritual baten pisua dauka, eta erritualek zerbaiten parte egiten dute jendea. Auzo baten parte, familia baten parte, historia baten parte. Zure auzotarrak zeure ateraino datoz trikitixa jotzera eta esatera zein leku ederrean bizi zaren, zer familia jatorra daukazun, zer txakur polita eta zer limoiondo ederra gin-toniketarako. Seguru badaudela atzetik istoriotxoak eta ezinikusiak, baina hala ere aitortzen zaizu auzotar bat zarela eta inguruak zainduko zaituela, hala beharko bazenu. Geroz eta leku gutxiagotan gertatzen den zerbait da hori.

Urtean behin ikusten ditugun tokiak eta pertsonak dira asko, eta otsailetik otsailera dena alda daiteke. Lehen atea zabaltzearekin bat negarrak ihes egiten zion aitona hura ez dago orain. Gutxien espero zenean joan zen nire lagun minaren ama ere, sanblasak, kafea eta esnea ateratzen zizkiguna hurrengo baserrira joan aurretik. Lehen umeak zirenak geroz eta altuago eta granotsuago daude, eta zaharrak ahulago. Eta nolabait sozializatu egiten dira hutsune horiek, pena horiek, eta baita pozak ere, etxeko gazteak bat-batean bikotekide berriarekin eta irribarretsu zabaltzen digunean atea.

Ingurukoak zaintzeko modu bat delako gustatzen zait santa eskea, eta galtzear dagoen jakintza izugarri bat —hizkuntza, natura, bizitzari… dagokiona— auzo txikietan bizi delako, oraindik ikas dezakeguna. Bizitza osoa pasatu dut nabasaia pentsu klase bat dela pentsatzen, gure etxean beti irain bezala erabili izan delako —”hi haz hi nabasaixe”—, eta aurten jakin dut lau hortzeko golde arraro bat dela, baserri baten horma kontran ikusitakoan. Pentsa zein landatar sentitzen garen herri txikietan bizitze hutsagatik, eta zeinen gutxi dakigun gero benetan.

Eskuak izoztuta eta urritx makilei azpian txapelak aterata iritsi ginen bazkaltzera, eta nekeari buelta emateko hiru egun behar izan ditut nik behintzat. Baina leku gutxitan kantatzen dut hain gustura eta hain benetan. Ea zer dakarren hurrengoan bizitzak, otsailetik otsailera.