Gazteentzat erreferente izateko apustua berretsi du Bilborockek

Gazteentzat erreferente izateko apustua berretsi du Bilborockek

Aitziber Laskibar Lizarribar

Berezia da Bilborock aretoa. XVII. mendeko eliza zenak hasierako itxura barrokoa du, baina gaztetua du barrualdea azken urteetan; gero eta gazteago, gainera. Bilboko Udalak 1990eko hamarkadan erosi zuen, eta azken 22 urteetan gazteei begirako espazio gisa erabili du. Apalago lehen urteetan, eta gero eta indartsuago 2016. urtetik, udal ordezkariek eta hainbat gaztek osatzen duten talde eragile bat duenetik. Sendotuz doa eskaintza, eta sendotuz erabilera. Urtetik urtera gora egiten ari dira zenbakiak, eta, iaz, 349 jarduera egin ziren Bilborocken; aurreko urtean baino %9 gehiago. Erabiltzaileei dagokienez, %82 izan ziren, iaz, 16 eta 25 urte bitartekoak. Gazteentzako erreferente bihurtu da Mesedeetako eliza zena, eta bide horretan sakondu nahian ari da talde eragilea. Urteari begira, bi berrikuntza aurkeztu ditu hartarako.

Bilborock aretoaren azpiegiturak eta baliabideak gazteen esku uztea erraztuko duen neurri bat da lehenengoa: Bilborock Gazte Egunak. Gazteei eta taldeei hilean bi asteartetan edo asteazkenetan erabilera askotarako aretoa erabiltzeko aukera emango die egitasmoak. Bertako ekipo eta teknikariak ere baliatu ahalko dituzte. Hainbat arlotako ekitaldiak egin ahalko dituzte gazteek han: musikarekin, arte eszenikoekin, teknologiarekin, diseinuarekin, sorkuntzarekin eta berrikuntzarekin lotutakoak. Batez ere 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako aukera bat da. Hori dela eta, taldean aurkezten direnen erdiek, gutxienez, adin tarte hori izan beharko dute.

Bestalde, gazteen musika banden aldeko apustuan sakonduko duela jakinarazi du Bilboko Udalak. Hasiberrientzako kontzertuak antolatuko ditu, hartarako, lau egunetan. Edozein musika estilotako taldeek parte hartu ahalko dute kontzertuetan, baina gutxienez kideen erdiek 18 eta 35 urte bitartekoak izan behar dute. Izena ematen dutenen artean aukeraketa egingo du udalak; kontzertu bakoitzerako, hiru talde.

Gainontzean, oraingo bidetik jarraituko du Bilborockek. Egonkortuta dauden Bilbo Hiria pop-rock lehiaketari, Aste Nagusiko programazioari, Zinegoak jaialdiari eta Traking Bilbao jardunaldiei eutsiko die, adibidez, eta bestelako kultur jardunei ere zabalduko dizkie ateak.