Aldi baten erradiografia

Aldi baten erradiografia

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lehena bukatu aurretik iragarri zuten beste bat egongo zela. Ezbairik gabe, aztarna utzi du Euskaraldiak Euskal Herrian. Euskararen erabilera bultzatzeko orain arte egin den ariketa kolektiborik handiena izan da, eta, egitasmoaren “arrakasta” nabarmenduta, bigarren aldirako zita eta ezaugarriak finkatu dituzte: norbanakoengan ez eze, entitateetan ere jarriko da fokua, erakunde publikoek, eragileek eta enpresek euskararen erabilera areagotu dezaten bultzatzea baita bigarren aldiaren xede nagusia. Zehazki noiz egingo duten ere iragarri dute: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra. Hortaz, lehen ekitaldia 11 egunekoa izan zen, baina hurrengoan, berriz, hamabostaldi bat izango da euskararen erabilera bultzatzea asmo duen ariketa kolektiboa.

Helmuga jarrita, bidea urratzen hasi beharko du Bizkaiko euskalgintzak datozen hilabeteetan; eta, besteak beste, lehen Euskaraldiaren datu eta esperientzietatik abiatu beharko du horretarako. Aurtengoaren parte-hartze datuekin, txosten bat ondu du Gaindegiak, eta Bizkaian jasotako datuek agerian utzi dute euskaldunen artean espero baino gutxiago sustraitu dela egitasmoa Bizkaian, zortzi euskalduneko batek parte hartu baitu Euskaraldian.

Xehe-xehe aletu ditu Gaindegiak datuak: lurraldeka, eskualdeka eta herrika. Bizkaiko 113 herrietatik 94tan eratu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak; eta hutsunea dago mapan horregatik. Horrek ez du esan nahi daturik ez duten hemeretzi udalerrietako herritarrek ekitaldian parte hartu ez dutenik, inguruko herrietara jo baitute askok izena ematera. Nolanahi ere, batzorderik eratu ez izanak eman lezake udalerri edo eremu horietako euskalgintzak duen osasunaren berri.

Euskaldunen parte hartzea

Datu orokorrei dagokienez, Bizkaian herritarren %8,12k parte hartu dute Euskaraldian: 80.036 pertsonak. Horietatik 55.025 (%68,75) ahobizi rolean jardun dira; eta 25.011 (%31,25), berriz, belarriprest moduan. Lurralde gehienetan, desoreka nabarmena izan da rol bien artean: gehienek ahal den guztietan euskaraz aritzeko ahobizi rola aukeratu dute, eta gutxiago jarri dira belarriprest rolean, beraiekin euskaraz jardun daitezen gonbidapena eginez. Zergatien artean, rolak ondo ulertu ez izana eta euskaldunak ez diren herritarrengana iristeko zailtasunak eduki izana aipatu dira azken hilabeteetan. Horra datorren urteko ariketa lantzean aintzat hartu beharreko beste aldagai bat.

Euskal Herriko lurralderik populatuena da Bizkaia —Eustaten azken datuen arabera, 1.140.662 biztanle ditu—; eta, euskaldun direnen eta euskara ulertzen dutenen baturak erdaldun elebakarren kopurua gainditzen du. 2016ko Eustateko datuen arabera, %56tik gora dira euskaldun edo ia euskaldunak, eta ia %44 erdaldunak, euskara ulertzeko gai ez direnak. Zehazki, 486.498 herritar (%43,67) ziren erdaldun 2016an, 407.859 (%36,61) euskaldun, eta 219.598 (%19,71) euskara ulertzeko gai direnak.

Nolanahi ere, euskararen erabilera datuetatik urrun daude zenbaki horiek, %8,8koa baita lurraldeko euskararen erabilera, Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako kale neurketaren emaitzen arabera. Portzentaje horretan eragitea da, besteak beste, Euskaraldiaren helbururik behinena, baina 2016an lurraldean zegoen euskararen erabilera kopurutik gertu geratu da parte hartzea.

Bada, azpimarratzekoa eta datorren aldirako aintzat hartzekoa den aldagai oinarrizko bat: parte hartu duten %62 emakumeak izan dira. Adinaren araberako banaketa eginez gero, gazteen adin taldeek parte hartu dute gehien: 16 eta 29 urte bitartekoak izan dira parte hartzaileen %24,4, eta 30 eta 44 urte artekoak, berriz, %37,4.

Hirigunearen hutsunea

Bilbo Handia deitzen zaion eremuan izan du Euskaraldiak hutsunerik nabarmenena; lurraldeko populaziorik handiena biltzen den eremuan. Eustaten datuen arabera, 857.343 lagun bizi da han, eta %30,12 dira euskaldun. Lur eremu hori osatzen duten herritarren %6k parte hartu dute Euskaraldian: 45.064 lagunek.

Ehuneko horretara gerturatzen da hiriburua bera ere; bilbotarren %5,7k eman baitzuten izena Euskaraldian. Eustaten arabera, Bizkaiko hiriburuko biztanleen %49 dira euskaldun edo ia euskaldun. Baina, euskaldunen proportzioaren araberako portzentajeari begiratuz gero —euskaldun bakoitzeko zenbat parte hartzaile izan diren—, Bilbon hamar euskalduneko batek eman du izena. Datuak aztertuta, ondorioztatu liteke euskalgintzak hiriguneetan ahalegin berezia egin beharko duela datorren urteko ekinaldiari heltzeko.

Izan ere, Bizkaian, eremu euskaldunetan errotu da, batik bat, Euskaraldia: %25eko parte hartzea gainditu duten hamabi herrietatik gehienak UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean parte dira, eta ezaugarri antzekoak dituzte. Oro har, udalerri txikiak dira, eta baita arnasguneak ere: euskara nagusi den gune geografikoak, alegia. Aulestik jaso du ehunekorik handiena: 662 biztanle ditu, eta %88 dira euskaldun, Eustaten datuen arabera. %40k parte hartu dute ekitaldian han. Besteak beste, antzeko datuak jaso dituzte Areatzak eta Larrabetzuk ere.