Zorrotzako auzokideek zuhurtziaz hartu dute trena lurperatzeko erabakia

Zorrotzako auzokideek zuhurtziaz hartu dute trena lurperatzeko erabakia

Peru Azpillaga Diez

Zorrotzatik igarotzen den Feve trenbidea lurperatzeko akordio bat lortu dute Espainiako Gobernuak eta Bilboko Udalak. Hala, Bilboko Zorrotza auzoa bitan zatitzen duten trenbidea eta hura egin zenetik 21 pertsona hil diren bi trenbide-pasabideak desagertzeko bidean egon litezke.

Akordioa, ordea, ez da egunetik gauera gauzatu den kontua. Orain dela pare bat aste, Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroak Bilbora egindako bisitan eman zuen akordioaren berri. Adierazpenak hautsak harrotu zituen. Izan ere, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak horri buruzko informaziorik ez zuela azaldu zuen. Asier Abaunza Bilboko Udaleko zinegotzi jeltzaleak ere bat egin zuen Atutxarekin, eta gogora ekarri zuen haiek orain dela urtebete igorri ziotela Espainiako Gobernuari hitzarmen batera heltzeko proposamena; “oraindik ez dugu erantzunik jaso”.

Horren ostean, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok Madrilera bidaiatu du eta, Abalosekin bildu ostean, Zorrotzako trenbidea lurperatzeko protokoloa hitzartu dutela jakinarazi du: “Akordio irmoa eta sendoa egin dugu, atzera bueltarik ez duena”. Adostutakoaren arabera, proiektua erdibana finantzatuko dute Espainiako Gobernuak eta Bilboko Udalak. Martxoaren 30era bitarteko lizitazio epea duen ikerketa bat ere egingo da, funtsezkoa izango dena lanen nondik norakoak zehazteko.

Lanak aurrera eramateko hitzarmena ekainaren 30a baino lehen sinatu beharko dute. Hori dela eta, udalak Sustapen Ministerioari eskatu dio hitzarmena lehenbailehen sina dezan; “Madrilen eman daitezkeen aldaketek eraginik izan ez dezaten”.

Zorrotzako auzo elkarteak urteak zeramatzan trenbidea lurperatu dezatela aldarrikatzen, eta, beraz, berri ontzat hartu dute protokoloan jasoa geratu den adostasuna. Hala ere, “zuhur” mintzatu dira, eta hitzarmena sinatu bitartean ez direla “erlaxatuko” nabarmendu dute.

“Hurbiletik jarraituko dugu”

Komunikatu bidez azaldu dutenez, prozesua “hurbiletik” jarraituko dute, egindako akordioak bete arte. Izan ere, duela urtebete akordioa egingo zutela baieztatu zieten, baina orain arte ez dute horren berririk izan. Gainera, urte hauetan guztietan egindako “borroka eta presioaren garrantzia” aipatu dute, eta auzoak 2011. urtean adostutako proiektua amaiera arte defendatuko dutela azaldu: trenbideak lurperatzea, geltokia mantentzea, eta igogailu bidezko lotura auzo garaiekin.