Ukatutako bidaian, etsipenik ez

Peru Azpillaga Diez

Eguzkia ezkutatu da itsasoak marraztutako zeru-mugan. Etxeetako argiak piztu, eta lantegiak hustu egin dira. Mugimendua nabari da kaleko isiltasunaren erdian. Pertsona isilen pausoak. Gauero, iluntasunaren babesean, beren helmugara iristeko ahalegina egiten duten pauso mutuak; horretarako, arantzaz jositako bidea zeharkatu behar badute ere.

Halaxe igarotzen dituzte gauak Mateo eta Jonak Zierbenan. Albaniako etxeak utzi, eta etorkizun baten bila abiatu ziren aspaldi. Geroztik, ukatutako bidaia egiten saiatzen dira; desertuaren erdian galduta, aurrera egitea beste aukerarik ez duenaren antzera. Oztopoak ez dira makurrak. Lehenik eta behin, inguruan poliziarik ez dagoela bermatu behar dute, eta, hala bada, portuan eraiki zuten bost metroko harresiari egin behar diote aurre. Hura gainditu ostean, hurrengo egunean Ingalaterrarako ferryan sartuko diren ibilgailuen artean sigi-saga ibili, eta isil-gordeka kamioiren batean ezkutatu behar dira. Hor, haien etorkizuna zoriaren esku geratzen da. Kamioi guztiak itsasontzira sartu baino lehen berrikusten dituzte, eta, beraz, soilik poliziaren batek huts egiteak ematen die barrura iristeko aukera.

Behin barruan, zirkinik egin gabe eman behar dute gau bat edo bi iraun dezakeen bidaia; momien antzera: mutu, geldi. Behin Portsmouthera (Ingalaterra) iritsita, ezezaguna duten portutik isil gordeka egin behar dute ihes berriro ere. Astro guztiek bat egiten badute soilik dute ukatutako bidaia burutzeko aukera.

Mateok nekatu aurpegia du. “Atzo ozta-ozta ez nuen lortu; honengatik baino ez”, dio kafetegian jesarrita, eskuko atzamar lodi eta erakuslearen artean tarte milimetriko bat utzirik. Gau osoa kamioi batean ezkutatuta eman du, goizaldean ferryra sartu baino lehen egindako kontrolean Guardia Zibilak topatu duen arte. Nekatu aurpegia du, baina ez du irribarrea galdu: “Ez dut etsiko. Pertsona guztiek dute noizbait zortea, eta egunen baten niri tokatuko zait”.

Jona alboan du. Berak ez zuen hainbesteko zorterik izan atzo, baina, hala ere, argi du behin eta berriz saiatu egingo dela: “Gauero lau edo bost saialdi inguru egiten ditugu. Oso gogorra da, baina ez dugu beste aukerarik”. Lau hilabete inguru daramatzate Bilboko Portutik Portsmouthera doan ferryan ezkutuan sartu nahian. 25 eguberri baino ez badituzte ere, aspaldi utzi zituzten biek haien Albaniako etxeak helburu berberaren bila abiatzeko: Erresuma Batua. Herrialde anglosaxoiek ez die albaniarrei bisarik ematen, eta, beraz, era ilegalean baino ezin dira sartu. Bestalde, han senitartekoak dituzte biek, eta egina dute nola edo hala heltzeko hautua. Han, ahal beste lan egin eta etxera diru apur bat igortzeko esperantza dute.

Jaioterriko komeriak

“Gure adineko albaniar guztiak, herrialdetik kanpo bizi dira”, baieztatu du Mateok. Berak 18 urterekin utzi zuen jaioterria, eta, Londresen hiru urte lanean eman ostean, paperik ez izateagatik deportatu zuten. Orain, itzultzea baino ez du buruan. “Gure herrian ez dago lanik, ez dirurik, ezta aukerarik ere; ustelkeria da nagusi”. Azaldu dutenez, ikasketak ez dira lanpostu bat lortzeko berme, nahierara kontratatzen baitute jendea, entxufez. Horrez gain, lanbidearteko gutxieneko soldata 280 euro inguru da, baina produktuek hemen duten prezio bertsua dute; lanaldi amaiezinak izan arren, nola edo hala irautera kondenatuta daude han gazteak.

“Esklaboak gara; lan asko egin arren, oso diru gutxi irabazten dugu. Gure familiak laguntzea da gure helburu bakarra, kanpoan lan egitea eta diru pixka bat bidali ahal izatea; Erresuma Batuan, senitartekoei esker, badakigu zeozer topatuko dugula eta etorkizun bat eraikitzeko aukera izan dezakegula”, erantsi du Jonak.

Momentu horretan, Erza sartu da kafetegian. Bera ere ferryan sartzeko helburuarekin etorri zen Zierbenara, baina bere kideek ez bezala, etsitzea erabaki du. “Saiatzeari utzi diot. Londresen nituen senitartekoek alde egin dute, eta, beraz, errealitate berdina dut han eta hemen”. Zazpi hilabete eman zituen Erzak kanpin denda batean lo egiten, eta, orain, Santurtzin bizi da, laguntzera hurbildu diren pertsonetako batekin. Lan bila dabil, baina paperik ez izateak muga asko jartzen dizkiola aitortu du, eta alokairu bat topatzea ere ezinezkoa dela dio: “Nik hemen bizi nahi dut, lan egin; baina paperik gabe, ia ezinezkoa da”.

Bizi bainoago, bizirik iraun

Erzak 2013an utzi zuen Albania, 18 urterekin, eta, geroztik, Europa erdia ezagutu du. Hiru urte eman zituen Frantzian, eta, han egonik, birritan lortu zuen Londresera heltzea; baina deportatu egin zuten. Ostera Alemanian, Belgikan eta Herbehereetan ibili izan da, betiere Erresuma Batura ailegatzeko esperantzarekin. “Lagun batzuek esan zidaten hemendik erraza zela Erresuma Batura heltzea. Hortaz, autobus bat hartu eta saiatzea erabaki nuen”.

“Harresia eraiki zutenean, baina, dena aldatu zen”, azaldu du. Orain, “ia ezinezkoa” omen da ferryan sartzea: “Polizia gehiago daude, txakurrak, kamioi guztiak berrikusi egiten dituzte…”. Hala ere, Erzak adierazi du behin Portsmoutheraino iritsi zela: “Kamioian ezkutatu, eta ferryan sartzea lortu nuen. Zoritxarrez, ez nengoen ondo prestatuta; hotz ikaragarria pasatu nuen itsasontzian, eta ez nuen jateko ezer”. Portsmoutheko portura heltzean, gaua izan arte itxaron zuen, eta, kamioitik irtetean, korrika egiteko indarrik ez zuela ikusi zuen. “Portutik ezkutuan atera behar nintzen, baina ezin nituen hankak mugitu ere egin; pentsa, lau gau neramatzan ia jan eta lo egin barik, kamioi batean uzkurtuta, geldi. Hango poliziek, harrapatu, eta hona bidali ninduten berriz ere”, esan du, triste.

Mateok dioenez, hilean 100 edo 200 eurorekin irauten dute; familiek bidaltzen diotenarekin edota urteetan zehar aurreztutakoarekin. Gauak lorik egin gabe ematen dituztenez, goizean deskantsatu egiten dute, eta arratsaldean, Santurtzi aldera joaten dira erosketaren bat egiteko edota kafetegiren batean sartu eta mobila kargatu eta berotzeko aukera izateko. “Saltxitxak baino ez ditugu jaten”, aitortu du Jonak. Kanpin dendan bizitzea “latza” dela diote hirurek; “hotz handia” jasaten dela: “Minimoa baino ez dugu, baldintzak muturrekoak dira, eta egunean zehar ez dugu inongo egitekorik”.

Zenbait migrantek harresia igaro nahian hankak eta besoak apurtu dituztela jakinarazi dute. Ferryra sartu nahian Guardia Zibilak harrapatzen dituenean, atxilotu egiten dituztela, eta bitartean “harrokeriaz” denetarik esaten dietela, “umiliatu” egiten dituztela eta “markarik utzi gabe” jo ere egiten dituztela: “Garai batean, haietako batek pistola ere ateratzen zuen”, kexatu da Erza.

Gau osoa kalean bustita eman ostean, dendara itzultzean ezin dira berotu ere egin, diotenez, sua eginez gero Poliziarekin arazoak izan ditzaketelako. Izan ere, Poliziak hainbat aldiz hustu zuen Zierbenan zegoen kanpalekua.

“Jada ez dago kanpalekurik”, errepikatu du behin eta berriro Merce Puig Zierbenako Harrera Sareko kideak. Elkarrizketa hasi baino lehen ere, hainbat aldiz errepikatu du. “Garrantzitsua da esatea, jendeak eta zenbait hedabidek gezur asko zabaldu baitituzte horren inguruan”, salatu du. Kanpalekurik ez dagoela dio, eta portuaren inguruko bazterretan sakabanatuta lo egiten dutela migranteek. “Egia da lehen kanpaleku bat zegoela, baina Poliziak behin eta berriro hustu egiten zuen, eta horregatik daude orain sakabanatuta”. Taldetxoak egiten dituztela azaldu du; “gehienez, lau edo bostekoak”.

Poliziak migranteei egiten dien lehenengo gauza pasaportea kentzea dela dio Puigek, itzultzera behartzeko. “Batez beste 22 urte dituzten gazteak dira, profil guztietakoak daude, askok ikasketak dituzte, baina ez etorkizunik. Hori dela eta, senitartekoren bat badute beste aldean, hil arte saiatuko dira ferryan sartzen; oso kementsuak dira, eta ez dute galtzeko ezer”.

Hiru migratzaileen alboan jesarrita dago Puig. Berak elkartu ditu kafetegian, eta isilune luze baten ostean hartu du hitza. Aspalditik ezagutzen ditu, ferryra sartzeko asmoarekin heltzen diren pertsonak bere bizitzaren muin bihurtu baitira. “Frantzian Calaiseko kanpalekua hustu zutenean hasi zen guztia, 2016ko abenduan”, hasi da azaltzen Puig. “Han, 10.000 pertsona inguru bizi ziren: migranteak, errefuxiatuak, leku guztietatik etorritako jendea”.

“Gauza da pentsatzen zutela hura hustuta jendea desagertu egingo zela… Pertsona horiek, ordea, Europan zehar bidaiatzen hasi ziren, betiere Erresuma Batura iristeko modu baten bila”. Hala, migrante horietako asko Bilboko Portura heltzen hasi ziren 2017ko apirilean. “Orain, batik bat, Albaniatik datorren jendearekin egiten dugu lan, baina hasieran denetarik zegoen: kurduak, siriarrak, afganiarrak… hasieran kurduekin hasi ginen harremanetan, arropa eramaten edota jateko zerbait eskaintzen”, erantsi du Puigek.

Denborak aurrera egin ahala, hotza ere heldu zen. “Astero jatordu bero bat prestatzen hasi ginen, eta, gutxinaka, hiru egitea lortu dugu, betiere jendearen elkartasunari eta eskuzabaltasunari esker”. Antolatu egin zirela azaldu du, jatorduez gain bestelako laguntza ere eskaini ahal izateko: kafea, dendak, lege babesa… “Besteak beste, toki bat lortu dugu, eta, hor, dutxatu eta, gau batez bada ere, ohean lo egiteko aukera dute”. Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko jendeari eta norbanako askoren parte hartzeari esker, pertsona horien bizitza latza “leuntzen” saiatzen direla plazaratu du Puigek.

“Arazo guztien erdigunean”

Orain gaia nahiko baretuta badago ere, haserre agertu da Puig, batez ere udan zabaldutako “gezurrekin”, baita administrazioek erakutsitako jarrerarekin ere: “Herritarron elkartasunari esker soilik lortu dugu pertsona hauei laguntza ematea; instituzioek ez dute ezer egin”. Gainera, “demagogia asko” ere egon dela kritikatu du: “Pertsonak dira, eta, noski, denetarik dago”.

“Kriminalizatzen saiatu dira behin eta berriro, jendeari beldurra sartzen; arazo guztien erdigunean jarri dituzte, eta arazo moduan izendatu dituzte beti”, kexatu da. “Arazo itzela, 50 pertsona ferryan beste toki batera joatea eragingo dutenak. Erotuta gaude?”, galdegin du Puigek. “Ferrya joaten bada, haiek ere atzetik joango dira, behar den tokira”, adierazi du. “Harresi bat egin zuten orduan, guztion diruarekin eraikitakoa”.

Azaldu duenez, 300.000 eta 500.000 euro inguru gastatu dituzte harresi bat altxatzeko eta segurtasuna indartzeko. “Eta zenbat gastatu dute pertsonen ongizatean? Euro bat ere ez. Kontra egiteko nahi adina diru dago, baina jendea laguntzeko zentimo bat ere ez; lotsagarria da”, nabarmendu du, suminduta. Pertsona migranteentzat “trabak” baino ez daudela deritzo. “Berdin egin dute mafien argudioarekin. Zeinek ordaintzen dio mafia bati kalean botata bizitzeko? Hirugarren batek emandakoari esker bizirik irauteko?”. Migranteak etorkizun baten bila datozela gogoratu, eta ironia erabili du: “Ez al gara kezkatuta agertzen gure gazte ekintzaileak atzerrira alde egin behar dutelako? Ba, hauek berdin egiten dute; arazo bakarra da beste herritartasun bat dutela”.