Talde “oso egonkorrarekin” doa Bidaideak BSR Txapeldunen Ligara

Talde “oso egonkorrarekin” doa Bidaideak BSR Txapeldunen Ligara

Natalia Salazar Orbe

Igogailuaren metaforarekin azaldu du Txema Alonsok, Bidaideak BSR klubeko presidenteak, gurpil gaineko Bilboko saskibaloi taldearen ibilbidea: “Urte batzuetan, ohorezko mailan egon da; gero, lehen mailara jaisten zen; geroago, berriro igo…”. Hala ere, azken denboraldietan jokalariek eta talde osoak gustua hartu diete gorengo solairuei, eta ez dute haietatik jaisteko asmorik. Indartsu daudela erakutsi zuten joan den asteburuan, Kanaria Handian, ACE Gran Canaria aise menderatuta. Asteburu honetan, berriz, Italiara begira jarrita daude: Txapeldunen Ligako kanporaketan lehiatuko dira han. Maila handiko taldeak izango dituzte aurkari; baliabide handikoak, gainera. Bilbokoek bestelako indarra dute, ordea: “Talde oso egonkorra dugu, elkar oso ondo ezagutzen duten taldekideak”. Sinetsita daude horrek eta “sistema eraginkorrak ezagutzeak” lagunduko diela Europako eliteko taldeei aurre egiten.

Hanburgoko BG Baskets izango dute aurkari gaur goizean bertan. Arratsaldean Medako (Italia) Briantea Cantu taldearen aurka ariko dira. Bihar goizean, berriz, Nevski Aylanseko errusiarrekin aritu beharko dute lehian. Eta, arratsaldean, Istanbulgo Galatasaray izango dute aurrez aurre, Euroliga I-eko egungo txapelduna. Haren kontra erori ziren bilbotarrak iaz, Euroligako finalean.

“Izen handiak dira. Kirolaren elitea dago hemen. Ohiko saskibaloiko erreferentziazko taldeak dira. Klub profesionalen sekzioak dira. Beraz, haiek ere profesionalak dira”. Alonsok gogora ekarri du eurek askoz baliabide gutxiago dituztela kategoria eta txapelketa askotan aurkari izaten dituzten taldeen aldean: “Borrokan aritzen garen edozein taldek gure aurrekontu eta egituraren bikoitza du. Guk, ordea, barru-barrutik, muinetik hazten den talde baten aldeko apustua egin dugu. Besteek urtero aldatzen dituzte hainbat jokalari, eta horrek zailago egiten du aurrera egitea”.

Bost talde horiek bata bestearen aurka ariko dira asteburuan. Lehen bi postuetan geratzen direnak pasatuko dira Txapeldunen Ligako final-laurdenetara. Hirugarrena Euroliga I-erako sailkatuko da. Beste hamar taldek bi multzotan banatuta jokatuko dute Txapeldunen Ligarako sailkapen fasea. Final-laurdenetan hiruna taldeko bi multzo osatuko dira, eta bakoitzeko bi lehenak sartuko dira Lauko Finalera.

Klubaren harrobia lantzeari garrantzitsu deritzo Bidaideak BSRko presidenteak. “Gutxienez jokalarien erdiak etxekoak izatea da gure filosofia. Gaur egun, hamarretatik sei bertakoak dira”. Jokalari galiziar batek eta beste liga batzuetatik iritsi zaizkien beste hiruk osatzen dute taldearen muina. Jokalarientzat talde erakargarria baita: “Europako liga lehiatuenean jokatuta, jokalari handi bihurtzeko aukerak erakarrita etorri zaizkigu. Badakite gurean jokatzeko aukera izango dutela; minutuak ematen dizkiegu. Izar handiak dituzten taldeetan zaila da kirol honen gorengo mailan ez dauden gazteek jokatzeko aukerak izatea”.

Gurpil gaineko saskibaloia mistoa da: gizonak eta emakumeak elkarrekin aritzen dira talde berean. Hogei jokalari ditu guztira Bidaideak BSRk. Talde nagusian ez dago emakumerik; B taldean, berriz, hiru daude.

Espainiako Estatuan jokatzen den gurpil gaineko saskibaloi ligan bigarren dago Bidaideak, Extremadurako Mideba taldearen atzetik. Gaizki hasi zuten denboraldia —lehen bi partidak galdu egin zituzten—, “baina taldea berriz egituratzea lortu genuen, eta energiak hartu”. Gainerako partidak irabazi egin dituzte. Urtarrilaren 16an, ordura arte lehiaketa horretan menderatu bako Extremadura Mideva ere garaitu zuten.

Ligako laugarren onenen artean sailkatu nahi dute. Horixe dute helburu: Lauko Finalean sartzea, alegia. ACE Gran Canaria aurkari zuzena zuten helburu horretara bidean. Eta garaitu dute. “Kanarietako taldeari irabazita, Lauko Finalerako sailkatzea errazagoa zaigu. Izan ere, gu kanpora gintzakeen zuzeneko aurkaria kanporatu dugu”. Partida zaila izango zen beldurrez zihoan taldea, etxean jokatu zuten aurrekoa irabazi zietelako. Baina kanariarrak menderatzea ez zen izan lan zaila. Bilbotarrek 95 puntu egin zituzten, eta kanariarrek, berriz, 54. Iaz iritsi ziren Lauko Finalera, eta aurten ere horixe dute helburu Espainiako Ligara begira.

Ez da bakarra. Hainbat helburu dituzte-eta buruan. Europako lehiaz gain, Kopara begira ere badaude. Otsailaren 23an eta 24an izango da finala, Valentzian. Sailkatuta daude jada. Jartzen dieten aurkariak asko baldintzatuko du Bidaideak taldeak lehiaketa horretan egingo duen bidea. “Lehen partidan oso talde zaila egokitzen bazaigu, baliteke lehenengoan gu kanporatzea”. Iaz gertatu zitzaien hori, eta arantza hura atera nahiko lukete. “Aurten gozatu egin nahiko genuke, eta finalera iritsi”.

Alonsok agerian utzi du nolako parekotasuna dagoen gurpil gaineko saskibaloian aritzen diren taldeen artean. “Ez du parekorik beste edozein kirolekin konparatuta. Izan ere, edozein taldek irabaz diezaioke edozeini”.

Ping-pong klubetik

Ibilbide luzea egin du Bidaideak BSR taldeak. 1990eko hamarkadako lehen urteetan sortu zen, ping-pong klub historiko baten sekzio propio gisa. Ordura arte, gurpil gaineko saskibaloia erabat ezezaguna zen Bizkaian. Sortu eta bi urtera, ping-pong taldetik bereizi eta kluba sortu zuten: gurpil gaineko saskibaloiaren kluba. 2013an babesle guztiak galdu zituen. Bidaideak elkartearekin batu zen orduan taldea, urritasunen bat dutenen elkartearekin, hain zuzen. Geroztik, elkarrekin egin dute bidea, “eliteko talde bat bermatzeko asmoz”.