Lore zelai bat, usain txarrei aurre egiteko

Lore zelai bat, usain txarrei aurre egiteko

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bizkaiko hondakin uren araztegi nagusia da Galindokoa. Sestaon dago, eta milioi bat biztanle baino gehiagoren ur zikinak jasotzen ditu egunean. Azken urteetan azpiegitura hobetzeko hainbat lan egin diren arren, usain txarrak eragiten ditu araztegiak. Hondakin uren biltegiak zabalik egonik, bistarako itsusia da, eta eltxoz josten ditu inguruko etxebizitzak. Udan jasangaitza dela salatzen dute bizilagunek. Horri guzti horri aurre egiteko proiektu berritzaile bat aurkeztu du Ur Partzuergoak: ur zikinen biltegia estali, eta lore usaindunak landatuko ditu gainean. Urrutitik begiratuta, izpiliku zelai baten itxura hartuko du eremuak, sustatzaileen arabera. Usain txarrei dagokienez, hatsa xurgatzeko azpiegiturak hobetuko dituzte, eta landareen usaina gailentzea espero dute.

Oraingoz, biltegi bakarrean

Araztegiak dituen sei biltegietatik batean gauzatuko dute, oraingoz, egitasmoa. Urtegia uhin itxura duen aluminiozko estalki batekin itxiko dute, eta, gainean, landare usaintsuekin osatutako estalki begetala jarriko diote. Hiru landare mota aukeratu dituzte: izpilikua edo lavanda, salbia eta kamamilaren antzekoa den astakamamila. Usaintsuak izateaz gain, lehorteak zein hotza ondo jasaten dituztelako, ur eta mantentze lan gutxi behar dutelako, eta iraunkorrak direlako aukeratu dituzte landare horiek. Estetikaren ikuspuntutik, sabaiaren egiturak argi eta itzal efektua sortuko duela eta horrek izpiliku sailek paisaian sortzen duten efektua eragingo duela diote adituek.

Biltegi bakarrean egingo dute moldaketa, oraingoz. Izan ere, proba bat izango da. Lanak irailean hasi, eta bi urte beharko dituzte horiek amaitzeko. Lanak bukatuta, aldaketaren eragina aztertuko dute, urtebetez, eta azterketa horren emaitzaren arabera erabakiko dute gainontzeko bost biltegiak ere landarez estali edo ez. Lehen saiorako aurrekontua 7,8 milioi eurotik gorakoa izango da.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidente Kepa Odriozolak, Josu Bergara Sestaoko alkateak eta Miguel Gomez Martinez de Lahidalga Teknologia eta Berrikuntza Saileko zuzendariorde eta proiektuaren arduraduna ere badenak aurkeztu dute egitasmoa. Pozarren agertu dira proba pilotua izango denarekin. Konponbide tekniko berritzailea dela nabarmendu dute, eta proba arrakastatsua izango den esperantza agertu: araztegiko tratamendu biologikoa estalita eta desodorizatzeko proiektuarekin, eragin bisuala eta usainak murriztea lortuko dela.

Estaltze lan horiez gain, usainak xurgatzeko instalazioak hobetuko dituzte, eta obra zibila eta ekipo elektromekanikoak berrituko. Dagoeneko hogei urte dituzte. Araztegia bera 1990. urtean jarri zen martxan. “90eko hamarkada hasierako planta industriala zena 2019ko azpiegitura berritzaile bat izateko lanean ari gara”, esan du Odriozolak.