“Ingurua erabat hondatuko da; Bilboko naturagune aberatsena”

“Ingurua erabat hondatuko da; Bilboko naturagune aberatsena”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bolintxu ezagutzen dutenek “salbatu” egin behar dela argi dutela dio Juan Pallares Ekologistak Martxan-eko eta Super-sur Handitzeari Ez plataformako kideak. “Nahiz eta txikia izan, Bilboko azken basoa da, oso aberatsa, Bilboko elementu naturalik aberatsena”. Hegoaldeko saihesbidearen luzapenak inguruan eragingo dituen kalteak direla eta, proiektua geldiarazi beharra dagoela dio. Plataformak bihar egingo duen manifestaziora joateko deia egin du, hargatik. 18:00etan abiatuko da, Arriaga plazatik.

Hegoaldeko saihesbidea luzatzearen aurkako manifestazioa antolatu duzue, “urgentziaz”, Bolintxu bizirik lelopean. Zergatik larritasun hori?

Urgentzia, obrak hastear daudelako. Eta orain arte ez dugu lortu elkarrizketarik foru aldundiarekin. Egon gara haiekin, baina ez dugu datuei buruzko eztabaidarik egin, ez digute inolako arrazoirik eman… Supersurren helburua hasieratik izan da A-8 autobidearen trafiko arazoak konpontzea, eta bertatik egunean 24.000 ibilgailu igarotzea aurreikusten zen. Pasoko trafikoaz aritu dira beti: erkidego batetik bestera doan trafikoa da bertatik pasatzen dena; ez barrukoa. Eta trafiko guztiaren %6 bakarrik da hori. 2011n zabaldu zen lehen zatia, eta zazpi urteotan ikusi dugu aurreikusitako erabileraren erdia soilik duela eta A-8ko trafiko arazoak ez direla konpondu. Hala ere, hori kontuan hartu gabe jarraitzen dute Supersur handitzeko proposamenarekin. Saiatu gara eztabaidatzen, datuak eskuan. Adibidez, haiek esaten dute ailegatu nahi dutela 9.000 kamioi hartzera, baina Bilbo metropolitano guztian 4.000 inguru izaten dira. Beraz, ez du zentzurik. Datu horiek ezin izan ditugu eztabaidatu foru aldundiarekin, eta, orduan, gizarteari erakusten saiatu gara.

Biztanleek Bolintxuren aberastasuna, biodibertsitatea ikus dezaten ere saiatu gara. Bolintxu salbatu behar dela esatean egin dugu indar handiena, natur balio aldetik Bilboko udalerriko gunerik baliotsuena delako. Leku txikia da Bolintxuko arroa; bost kilometro karratu inguru da, baina izugarrizko biodibertsitatea du.

Zer dauka berezia?

Errekatxo batzuk dauzka; maldetatik behera jaisten diren errekatxoen urak ditu, eta ur hori ekologikoki oso egoera onean dago. Horren inguruan dago harana; estua da, baina badaude baso askotarikoak: hariztiak, altzadiak, ibar basoak. Haran txikiak ditu, eta, flora eta fauna aldetik, oso biodibertsitate aberatsak: urari lotuta, arrainak eta anfibioak; basoetan, zuhaiztiak eta askotariko animalia eta hegaztiak. Pagasarri inguruko espezieen ikerketak eginak daude, eta espresuki Bolintxuri buruzko zehatzak ere bai, bertako saguzarrei, anfibioei eta bestelako espezieei buruz.

Hegoaldeko saihesbidearen luzapenak arriskuan jarriko lituzke espezie horiek?

Bertan dauden espezieak, habitatak, ekosistemak, paisaiak, suntsitu egingo lirateke. Alde batetik, izugarrizko lur mugimenduak izango direlako zona guztian. Nahiz eta tuneletako lurra beste aldera, Arnotegi aldera, aterako duten, horrek ere eragina izango du. Uraren habitatean eragingo da. Bestalde, bideak zabaldu behar dira, eta zuhaitzak moztuko dituzte horretarako… Gero, noski, tunelen ahoak egin behar dituzte; horretarako, makineria sartu behar da, eta, horretarako, bideak zabaldu behar dira, betelanak egin, ezpondak, murruak… Ingurua erabat hondatuko da obrengatik, mozketengatik, mugimenduengatik; Bilboko naturagune aberatsena. Eta, gero, geratuko da autobide bat paisaiari erabat eragingo diona, eragin akustikoa izango duena, eta argi kutsadura ere sortuko duena.

Unai Rementeriak proiektua aurkezteko agerraldian esan zuen ingurua babestuko duen proiektu bat dela. Adibidetzat jarri du Bolintxu gaineko zubibideak ez duela zutaberik izango.

Argi dago hori hobea dela zutabeak jartzea baino, baina horrek ez du esan nahi kalterik egingo ez denik. Aurkezpenean, bazirudien gauza berriak esaten ari zela, Bolintxu ez dela ukituko… baina proiektua berbera da: ez da aldatu. Hasieratik esan zuten lurra Arnotegitik eta Seberetxetik aterako dutela. Guk indar egin dugu Bolintxun, elementurik inportanteena delako, baina eragina Pagasarri osoan izango du. Arnotegi Pagasarri barruan dago, plan bereziaren barruan; eta Seberetxe ere Bolintxuren arroan dago. Bolintxu ez da erreka bat; haran bat da, eta Seberetxe guztiz suntsituta geratuko da. Eta kontuan hartu behar da tunelen ahoak-eta egingo direla, zubiaren materialak ekartzeko Bolintxuren goiko aldeko bideak zabalduko dituztela, eta kamioiak, makinak eta abar igaroko direla bertatik… Gero, Iertura jaitsi, eta bertan zabalduko dira bideak. Pagasarrirako bidean dago Iertu; hortik jaisten da Bolintxura. Beraz, uste dut hitzekin jolasten ari direla, zeren argi dago eragina izango duela, sinpleki bideak zabaltzen direlako, kamioiak-eta mugitzen direlako, lurrak mugitzen direlako, hormak egiten direlako eta abar.

Trafikoa Bilboko metropolitik atera eta bizikletek eta oinezkoek lekua hartzea nahi dutela adierazi dute proiektuaren sustatzaileek, eta horretarako ezinbestekoa dela egitasmoa.

Nik uste dut gauza batek eta besteak ez dutela zerikusirik. Gainera, haiek esaten dute trafikoa handitu egin dela, eta ez da egia. Eta berriro diot: Supersur pentsatuta dago paseko trafikoarentzat, eta hori trafiko osoaren %6 bakarrik da. Demagun paseko trafiko guztia igarotzen dela Supersurretik. %6 izango da. Gainontzekoak Bilbo metropolitanoaren barruan jarraituko du, eta, beraz, arazoak hor jarraituko du. Hau egiten badute, gero errepide gehiago egiteko izango da. Erantzunak ematen dituztenean, autoei ematen zaie beti lehentasuna. Hori gertatzen da horrelako azpiegitura erraldoiekin; beti dira autobideak eta autobideak. Auto pribatuei ematen zaie lehentasuna beti.

Helegite bat aurkeztua duzue, ingurumenari egingo dion eraginaren adierazpenari buruz. Tramiterako onartua dago. Oraindik badago proiektua geldiarazteko aukerarik?

Ez dugu esperantza galdu. Pentsatzen dugu posibilitateak badaudela, baina erabakia ez dago gure eskuetan. Helegitearen kontua teknikoa da. Eraginari buruzko adierazpena iraungita dago, eta beharrezkoa da eraginaren gaineko beste deklarazio bat. Horrek esan nahiko luke berriro egitea azterketa, eztabaidatzea, alegazioak egitea, ikustea aukerarik badagoen hori salbatzeko… Eztabaida zabalduko luke. Aukera badagoela uste dugu, baina legearen interpretazioa dago tartean. Zati honetako eraginari buruzko adierazpena foru lege batekin onartu zen. Lege horretan esaten zen iraupena bost urtekoa zela, eta amaitzekotan luzapen bat eskatu behar litzatekeela. Pasatu dira bost urte horiek, epea amaituta dago, eta luzapena ez dute eskatu. Zergatik? Badago beste lege bat estatu mailakoa luzapenetarako. Baina lege hori epea zehaztua ez duten adierazpenetarako pentsatuta dago. Kasu honetan, badauka epea, bost urte, eta hori da gure argudioa. Horretan dago legearen interpretazioa.