Eskolako elikadura birpentsatzen

Eskolako elikadura birpentsatzen

Peru Azpillaga Diez

Beren seme-alabek ikastetxean jasotzen duten elikadurak kezkatuta, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko zenbait ikastetxe publikotako gurasoak biltzen hasi ziren. Eskoletan izan beharreko jantoki ereduaren inguruan eztabaidatzeko, Gure Elikadura Gure Ardura plataforma eratzea erabaki zuten. Urte bateko hausnarketaren ostean, egungo jantoki ereduak “eskola komunitatearen beharrak betetzen ez dituenez”, bestelako jantoki eredu bat marrazten duen manifestu bateratua aurkeztu dute.

Hor, egungo eredua ezbaian jartzeaz gain, eredu “osasuntsu eta hezitzaile” baten aldeko apustua egiten dute, eta dei egiten diete erakundeei hori lortzeko bidean pausoak eman ditzaten. Horrekin batera, Jaurlaritzak eskoletako jantokiak moldatzeko egindako proposamena baztertu egin dute, kudeaketa guztia gurasoen gain uzten duelako: “Gure ahotsa entzuna izatea nahi dugu, eta gure proposamenak aintzat hartzea, baina betiere administrazio publikoaren jardunaren baitan”, azaldu dute.

Gure Elikadura Gure Ardura plataforma hemezortzi ikastetxetako kideek osatzen dute, eta Muskizen abiatutako egitasmo bat da. Berriki aurkeztu duten manifestuan, jantoki ereduak izan beharreko helburuak zehaztu eta erakundeentzako hiru eskaera plazaratu dituzte. Izan ere, plataformako kideen arabera, egungo jantoki eredua zerbitzu “osagarri” bat da eta ez zaio “merezi duen balio eta garrantzirik” ematen: “Elikadura industrialaren sisteman oinarrituta dago, eta ez elikadura osasungarri, jasangarri eta pedagogikoa ardatz dituen eredu batean”.

Hori lortzeko, hurbilean ekoitzitako elikagaiak oinarri dituen jantoki eredu “osasungarri eta hezitzailea” proposatzen dute, aldi berean tokiko ekonomia bultzatuko duena. “Haurrek eskubidea dute kalitatezko elikadura osasuntsu bat izateko”, aldarrikatu dute. Horregatik, ikastetxean “bertako” elikagaiak jan ditzatela eskatzen dute, sasoikoak, eta, “ahal den heinean”, ekologikoak.

Horrekin batera, jantokiak balio hezitzailea izan beharko lukeela deritzote eta ikasteko eskaintzen dituen aukerak “baliatu” behar direla. “Ikastetxearen curriculumean txertaturik egongo den eta jantokia barnean bilduko duen espazio pedagogiko bat eskatzen dugu”. Hala, ikasleek, sasoiko produktuak jateaz gain, horiek zeintzuk diren, nondik datozen eta zein ezaugarri dituzten ikasteko aukera izango dutelako.

Azkenik, hurbileko produktuak bultzatzean, tokiko ekonomia ere bultzatzen dela argudiatu dute, “lehen sektorea berrindartuz, eskualdearen iraunkortasuna ere susta daitekeelako”.

Bestelako jantoki eredu bat lortzeko, ordea, Gure Elikadura Gure Ardura plataformak argi du “ezinbestekoa” dela erakundeekin batera lan egitea, eta, horregatik, eskatu egiten diote Jaurlaritzari ikastetxe publikoen inguruko araudia alda dezan: “Zerbitzua, gaur egun, catering enpresen bidez egiten da, eta, gure ustez, ikastetxeek zer jantoki eredu nahi duten erabakitzeko eskubidea dute”. Era berean, haiek proposatutako ereduarekin ikastetxeak sortuko lukeen beharra betetzeko “plan integral” bat aldarrikatu dute. Foru aldundiaren, eskualdeko landa garapenerako elkarteen eta lehen sektoreko bestelako erakundeen artean osatu behar litzateke hori.

Azkenik, “benetako zerbitzu eredugarri bat” eskaini ahal izateko, tokiko administrazioaren lankidetza beharrezkotzat jo dute, “behar diren egitura finkoak sortu” eta udal eremuko giza baliabideak jar ditzan. “Guztion ardura da gure seme-alabek modu osasuntsuan jateko aukera izatea, eskualdearen iraunkortasuna eta bertako ekonomia sustatuz”.

EHIGEk ere ez du onartu

Jaurlaritzak ikastetxeetako jantokietarako proposatu dituen moldaketek hautsak harrotu dituzte. Kristina Uriartek ikastetxe bakoitzak bere jangela kudeatzeko aukera izango duela jakinarazi ostean, Gure Elikadura Gure Ardura plataformako kideak bezala, EHIGE guraso elkartea ere moldaketaren aurka agertu da. Izan ere, bertako koordinatzaile Lurdes Imazek adierazi duenez, “atzerapausoak” ekarriko ditu: “Guraso elkarteak ezin dira ibili sukaldeko langileak kontratatzen; departamentuaren langileak izan behar dira”. Hori dela eta, EHIGEk ere eredu berri baten aldeko apustua egin behar dela deritzo.