Bat nahi ez, eta bi irabazi

Bat nahi ez, eta bi irabazi

Natalia Salazar Orbe

Istorioak ez ezik, historian atzean geratutako ohiturak, tradizioak, egunerokoak, usteak, irakaspenak eta sineskeriak ere transmititzen dituzte herrietako kondaira, elezahar eta ipuinek. Ahoz aho zabaldu dira, belaunaldiz belaunaldi. Asko galduak dira. Baina badira horiek jaso dituzten hainbat lan.

Bi lepotxen ipuina da horietako bat. Lea Artibaiko ipuinak liburuan bildu du Jabier Kaltzakortak, beste hainbat istoriorekin batera. Rufo Atxurrarengandik jaso zuen, 1998an, eta Kantauri itsasoaren parean girotuta dago.

Lea-Artibaiko eskualdea aberatsa izan da kontakizun, elezahar, ipuin eta antzekoetan. Hala ere, gutxi batzuk baino ez dira bildu eta jaso. Horietako bat da Bi lepotxen ipuina. Konkordun bi gizon eta laminak edo sorginak ditu protagonista nagusi Lekeition girotutako kontakizun horrek. Atxurrak ez du zehazten pertsonaiak laminak edo sorginak ziren; biak aipatzen ditu.

Udazkenean gertatutako istorio horretan, sorginkeriak ageri dira. Zapatari konkordun bat du protagonista. Antzoriz lurmuturraren pean dauden haitzetara joan zen arrantza egitera. Garai batean haitzetako arrantzale ugari egoten zela kontatu zuen Atxurrak. Kanabera hartu, eta itsaslabarrean egoten ziren, zer harrapatuko zain. Sarri, behar zuten baino arrain gehiago eramaten zuten etxera, lehenago ez zelako izaten gaur egungo kontrolik.

Zapatari konkorduna arrantzan zegoela, euria hasi zuen. Aterpe bila jo zuen gaztainondoak zeuden Eruntzeta eremura. Gaztainondo oso handiak zeuden garai hartan, eta horietako batzuek hutsik izaten zuten enborren barrena, ustelduta. Hala, horietako baten barruan sartu zen zapataria. Iluntzea zen, eta loak hartu zuen.

Zaratak inguruan

Gauerdian itzartu zen, bat-batean, zaratak entzun zituelako: “Astelehena, martitzena, eguaztena, eguena, barixakue…”, zioten ahots batzuek. Gaztainondoaren inguruan saltoka eta bueltaka zebilen norbait sumatu zuen konkordunak. Eta, nahi gabe, “zapatua!” oihukatu zuen berak.

Norbait zelatan zutela jabetuta, zapatari konkorduna ikusi zuten han zeuden sorgin edo laminek. “Konkordun bat da. Atera ezazue kanpora”, esan zuten.

Gizona aterarazi, eta eskua pasatu zioten bizkarretik. Konkorra kendu zioten, eta gaztainondoaren adar batera lotu zuten kendutako atala. Zapataria herrira itzuli zen. Larunbata zen; hurrengo eguna, beraz, igandea zen, eta elizara joan zen. Denek begiratzen zioten harrituta, artez, konkorrik gabe zebilela ikusita.

Herritarrak, harrituta

Batzuek eta besteek galdetu egin zioten zer gertatu zitzaion, nolatan desagertu zitzaion konkorra. Berak gertatutako guztia kontatu zuen, xehetasun guztiekin. Inguruan adi-adi zegoen beste konkordun batek entzun zituen kontakizun haiek. Zapatariari gertatu zitzaiona ikusita, hurrengo egunean kanabera hartu eta Antzoriz azpiko haitzetara joan zen hura ere, arrantza egitera. Hark ere konkorra ken ziezaioten nahi zuen.

Egun hartan ez zuen euririk egin, baina zapatariak kontatu zuen guztia egin behar zuela pentsatu zuen. Logurarik ez zuen, baina, aurrekoak egin zuen bezala, Eruntzetako gaztainondora jo zuen hark ere, atseden hartzeko asmoz.

Zapatariari gertatutakoa berari gertatzeko ordua noiz iritsiko zain, urduri jarria zen. Bat-batean, zaratak entzun zituen. Sorginak edo laminak azaldu ziren, saltoka, arbolaren inguruan biraka. “Astelehena, martitzena…” segidari zapatariak egin zuen bezala erantzun zion hark ere: “Zapatua!”, bota zuen. Sorginek edo laminek eskua bizkarretik pasatu zioten, eta konkorra nabaritu zuten. “Ostera ere? Orain ere? Duela egun gutxi egon da-eta konkorduna hemen!”, esan zuen batek. “Konkorduna da! Aurreko egunekoa!”, beste batek. “Ez da egia izango!”, hirugarrenak.

Kanpora atera zuten orduan. Zapatariari kendu zioten konkorra hartu zuten eskegita utzi zuten adarretik, eta bular aldean jarri zioten. Era horretan bidali zuten herrira: konkor bat aurrean eta bestea atzean zuela. Hala kontatzen omen zuten Rufo Atxurraren arbasoek. Eta hala egin zuen berak ere. Orain, idatzita geratu da istorioa, galduak diren beste asko ez bezala. Norberak den bezala eta daukanarekin bizitzen ikasi beharko lukeen irakaspena zabaltzea nahi zuen ipuinak? Auskalo! Bakoitzak egin dezala bere irakurketa.