Equok uste du autobide elektrikoa gerarazteko aukerarik badagoela

Equok uste du autobide elektrikoa gerarazteko aukerarik badagoela

Natalia Salazar Orbe

Energiaren kontsumoa eta haren etorkizuna kezka iturri handia dira. Europako Batasunean eztabaidatzen ari diren gai garrantzitsuenetakoa da. Hala azaldu du Florent Marcellesik, Berdeak taldearen barruan ari den Equoko eurodiputatuak. “Eztabaida sakona egin da energia berriztagarriei, eraginkortasun energetikoari, trantsizio energetiko horren barruko parte hartze publikoari eta merkatu elektrikoari buruz”.

Autobide elektrikoak bezala ezagunak diren interkonexio elektrikoak ere eztabaidaren erdigunean kokatu dituzte, Marcellesik azaldu duen gisan, kasu batzuetan izan ditzaketen onurei erreparatuta. Gatika Cubzenais herriarekin (Akitania Berria, Frantzia) lotzeko autobide elektrikoarena Europako Batasunak herrialdeen artean energia konexioa egiteko bultzatzen dituen proiektuetako bat da. Inongo onurarik ez duela izango deritzo Equok, eta hala uste dute Gatikako eta inguruko hainbat herritarrek ere. Zaila bada ere, proiektua gerarazteko aukera badagoela esan du Marcellesik.

Euskal Herria eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linea da gauzatu nahi dutena. 370 kilometroko luzera izango du, eta zatirik handiena urpetik joango da. Europako Batzordeak estrategikotzat duen proiektua dela azaldu arren, Equoko ordezkariak adierazi du politikan beti dagoela gauzak aldatzeko aukera. Herritarrek agertu duten kontrako iritziaren indarrari garrantzia handia eman dio. Baita erakundeetan zenbait alderdi egiten ari diren lanari ere. 2020an indarrean sartuko da Klima Aldaketaren Aurkako Parisko Akordioa, eta, han jasotako neurriak betetzeari gero eta garrantzia handiagoa ematen ari zaiela ikusita ere, zaila izan arren, proiektua gerarazteko aukerak egon badaudela uste du.

Era horretako azpiegitura elektriko erraldoi bat egiteko erabakia hartzeko zenbait baldintza kontuan hartu behar direla azaldu du Marcellesik: “Kontuan hartu behar ditu argindar mozketak saihesteko horniduraren segurtasuna, kontsumitzaileentzako energiaren prezioa jaitsiko duela, eta klima aldaketaren aurkako borrokaren desafioei erantzungo diela”. Horrez gain, batez ere, Gatikakoaren kasu honetan, energia berriztagarrien sarrera sustatu beharko lukeela dio. “Planteatu duten azpiegitura erraldoi honekin ikusten duguna da ez duela ahalbidetzen helburu horietako bat ere”. Hori ikusita, Equoko ordezkariak zalantzak agertu ditu Europako Batasunak eta interkonexio hori babesten duten gobernuek proiektua erabakitzeko izan dituzten arrazoiei buruz.

EBk herena ordainduko du

Lanek 1.750 milioi euroko kostua izango dutela aurreikusi du Inelfek, lanen ardura izango duten REE Red Electrica Españolak eta Frantziako energia sareen kudeatzaileak osatu duten enpresak. Beren beregi sortu dute enpresa hori Iberiar penintsularen eta Frantziaren arteko interkonexio egitasmoetarako. EBk 578 milioi euroko laguntza iragarri du 2021ean hasi eta lau urte geroago bukatu nahi dituzten lanetarako. Hain zuzen, aurrekontuaren herena ordainduko du. Equo alderdiak laguntza horren inguruan azalpenak emateko eskatu dio Bruselari.

Europako Batasunak proiektu energetiko batentzako aurreikusitako laguntzarik handiena da. Duela astebete eta erdi erregistratu zuen Equok informazioa zehazteko eskaera. “Zeintzuk dira laguntza hori justifikatzen duten txostenak? Erabakia hartzeko oinarri gisa hartu dituzten agiri tekniko, finantzario eta ekonomikoak ikusi nahi ditugu. Ez baita normala era horretako azpiegitura bati buruzko informaziorik ez ematea hala eskatzen dugun herritarrei zein politikariei”. Europako Batzordeak hiru hilabeteko epea du, gehienez, era horretako galderei erantzuteko.

Bizkaian proiektuaren kontrako adierazpen ugari izan dira. Hain zuzen, 6.800 alegazio baino gehiago aurkeztu dira “eta Espainiako Gobernuaren adituen batzordeak berak ere ez gauzatzeko aholkatu du”.

Goi tentsioko lineak Bizkaia eta Frantzia lotzea du helburu, REEren txostenaren arabera, “energia berriztagarriak gehiago integratzeko”. Hala ere, Frantziak ia ez du energia berriztagarririk sortzen. Ekoizten duen energiaren %75 nuklearra da. Bestalde, EEE Euskadiko Energia Erakundearen azken datuen arabera, %7koa da berriztagarrien tasa Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Gainera, Espainiako eta Frantziako estatuen artean jada badaude interkonexioak, “eta gutxiegi erabiltzen dira. Batez ere, Frantziatik energia nuklearra inportatzeko erabiltzen dira. Zertarako erabiltzen diren aztertu behar da, izan ere, energia nuklearra inportatzeko bada, horrek zalantzan jartzen du energia berriztagarriak ezartzeko helburua beteko dutenik”.

Datu horiei erreparatuta, zer dela eta egiten dute Europako Batasunak eta hainbat gobernuk era horretako proiektuen alde? Marcellesik bere iritzia eman du: “Erakundeen garapenaren ikuspegiaren arabera, azpiegitura erraldoiak dira edozein herri garatzeko onena”.

Ekologikoena, bertakoa

Europako merkatu elektrikoa osatzearen alde agertu bada ere, bestelako ikuspegia defendatu du Marcellesik. “Pentsatu behar dugu baita ere tokian bertan ekoitzitako energia kontsumitu behar dugula. Hori da sistemarik ekologikoena: bertan kontsumituko dugun energia bertan ekoiztea”.

Egoera horri erreparatuta, Equoko ordezkariaren ustez, “herritarren etorkizun energetikoarentzat onena zer den eliteek erabakitzen duten aro honetatik atera behar dugu. Etorkizun energetikoa parte hartzailea da; pertsonak, komunitate energetikoak izan behar ditu proiektuaren erdigunean. Pertsonak eta herritarrak gara biharko energiaren protagonistak”.