Emandako hitza bete

Emandako hitza bete

Natalia Salazar Orbe

Sineskeriaz betetako lurraldea izan da Bizkaia. Dela erlijio katolikoak aurre-ikusitako bekatuen zigorren beldur, dela mitologiari eta bestelako sinismenei traizio egiteko ikarak bultzatuta, sineskeria horiei jarraitu diote belaunaldiz belaunaldi batean eta bestean. Horixe du ardatzetako bat hurrengo kondairak. Eta protagonista nagusia, denentzako da ezaguna: Mari, euskal mitologiako jainkosa nagusia.

Hainbat bizileku ditu Marik. Bizkaian ezagunena Anboto mendia da. Horren ondorioz, Anbotoko Mari edo Anbotoko Dama bezala ezaguna da bereziki.

Izadiaren eta bertako elementu guztien erregina da. Hainbat eratara irudikatu izan badute ere, gehienetan emakume gorputza eta aurpegia dituen andre eder bezala azaldu da.

Kondairak dioenez, Maju, Sugaar edo Sugoi du senar. Hala ere, batzuetan gizon hilkorrekin ere ezkontzen da Mari. Eta haiekin ere seme-alabak izaten ditu. Hala ekarri du gogora Toti Martinez de Lezeak Euskal Herriko Leiendak liburuan jaso duen kondairan. Don Pedro Barcelos kondeak XVI. mendean idatzitako Libro dos Linhagens liburutik hartu du.

Elezahar ugariren protagonista izan da Mari. Beldurgarri irudikatu dute batzuetan; emakume bihozberaren izaera aitortu diote beste zenbaitetan. Kondaira ugarietako bat besterik ez da ondokoa: XVI. mendea zen. Diego Lopez Harokoa Bizkaiko Jauna zen. Izugarri gustuko zuen ehizan egitea, eta ahal zuen guztietan ateratzen zen basurde edo beste piztiaren baten bila.

Ehizan ari zen egun horietako batean, emakume batek bereganatu zuen haren arreta. Haitz batean zegoen, kantari. Oso emakume ederra zen. Begi beltzak zituen, eta urre koloreko ile luzea. Diego Harokoa maitemindu egin zen. “Nor zara?”, galdetu zion. “Anbotoko Dama”, erantzun zion Marik. “Zu Anbotoko Dama zarenez, eta ni Bizkaiko Jauna, nahi al duzu ezkondu nirekin?”.

Marik onartu egin zuen, baina baldintza bat jarrita: “Nire aurrean ez duzu inoiz aitarenik egingo”. Lopez Harokoak onartu egin zuen baldintza. Hala, ezkondu egin ziren eta semea eta alaba izan zituzten: Iñigo Gerra eta Urraka, hurrenez hurren.

Egun batean basurde bat ehizatu zuen Bizkaiko Jaunak. Etxera eraman eta afaltzeko prestatu zuten sukaldariek. Familia osoa mahaian eserita zegoela, etxeko bi txakur sartu ziren zaunka, janari eske. Bata ehiza-txakur handia zen; oso oldarkorra. Bestea, ur-txakurra, eta askoz txikiagoa. Diego Lopez Harokoak basurde izter bat bota zien. Biek heldu zioten, eta norgehiagokan hasi ziren. Inork ez zuena espero gertatu zen orduan: txakur txikiak handia hil zuen, eta basurde hanka hartuta alde egin zuen. Harridura ezin disimulatuta, aitaren egin zuen Bizkaiko Jaunak, “Jaungoiko nirea! Bizitza osoan ez dut ikusi horrelakorik”, esanez. Une hartan bertan Marik alabari eskutik heldu zion eta biak atera ziren hegan leihotik.

Urteetan ez zuten izan elkarren berri. Hainbat negu, udaberri, uda eta udazken igaro ziren, eta Diego Lopez Harokoa preso hartu zuten gerra batean, eta Toledoko gotorleku batera eraman zuten. Iñigo Gerrak ez zuen aurkitzen modurik aita askatzeko. Inork ez zion ematen gomendiorik. Orduan agure bizarzuri batekin egin zuen topo: “Iñigo, laguntza behar baduk, hoa heure amarengana. Hark esango dik zer egin”.

Esan eta egin. Anbotorako bidea hartu zuen Iñigo Gerrak. Haitz baten gainean aurkitu zuen ama. Bazekien semea zertara joana zitzaion bisitan. Marik oihu egin zuen, eta zaldi zuri eder bat agertu zen bien aurrera. Ez zen edonolako zaldia. Konturatu orduko, aita preso zuten gotorlekura eraman zuen Iñigo. Bilatu, eskutik heldu eta handik atera ziren biak, inor jabetu ere egin gabe, ikusezin bihurtu zirelako.

Orduz geroztik, Bizkaiko Jaunaren etxean hiltzen zituzten behien barrukiak haitz baten gainean uzten zituzten Marirentzat. Ofrenda hori bete beharrekoa zela esaten zuten, etxe hura gaitzen batek jo ez zezan. Kontatzen dutenez, Diego Lopez Harokoaren birbiloba batek utzi egin zion opariak egiteari eta begi bat galdu zuen. Sineskeriek urte luzeetan izan duten indarraren adierazgarri dira han kontatutakoak.