“Konkordatuaren aitzakiagaz, moralki zigortuta eduki gintuzten”

“Konkordatuaren aitzakiagaz, moralki zigortuta eduki gintuzten”

Nerea Bedialauneta Alkorta

Abade frantziskotarra izan zen Juan Mari Zulaika Aizpurua (Zarautz, 1942) Bilboko bizilaguna. Diktadura garaian Francoren zapalkuntzaren aurka aritu zen, beste hainbat abade gazterekin batera. Garai nahasi haietatik mende erdia igaro dela, gertatutakoa ezagutarazteko lanean ari dira orduko apaizak.

1968an, asko indartu zen diktaduraren aurkako erresistentzia. Euskal Herriko apaizgo gaztea ere oso inplikatua zegoen diktaduraren aurkako borrokan, eta hainbat ekintza egin zituen.

Ekintza asko norbanakoenak izan ziren; Gogortasuna taldea osatu gabe zegoen oraindik. 1961ean, 300 bat abadek agiri nahikoa ezaguna idatzi zuten diktadura salatzeko. Handik urte batzuetara, beste hainbat ekintza esanguratsu ere egin zituzten.

Zein, esaterako?

Manifestazio handi bat egin zuten abadeek Bilbon, sotana beltzak soinean, Bandasko grebalarien alde. Gero, bakarka ere hainbeste gauza egin zituzten. Alberto Gabikak, esaterako, meza ematen ari zela sermoi batean salatu zuen Enbeita aita Urretxindorra eta beste hainbeste gazte torturatu zituztela.

Ekintza horiek inolako ondoriorik ekarri al zuten?

Hori salatzeagatik, Alberto Gabika zigortu egin zuten, eta Dueñasko monasteriora bidali zuten. Sasoi hartan isun asko ipintzen zituzten, eta isunengatik kartzela zigorrak ezartzen zituzten. 1968ko Donostiako Aberri Eguna oso esanguratsua izan zen. Ehun lagunetik gora atxilotu zituzten; ni ere horien artean nengoen. Urte hartan, egia esan, ekintzak askotarikoak izan ziren. 1968ko Maiatzaren Lehenaren baitako manifestazioetan ere zenbait abade atxilotu zituzten. Gerora, horiek guztiak zigortu egin zituzten espetxeratuta.

Protestei dagokienez, berezia izan zen 1968a.

Berezia izan zen alderdi guztietatik. Gizartea bera ere oso mugitua zegoen. Txabi Etxebarrieta ETAko militantearen hilketa ere urte berean izan zen, eta ez zen elizarik gelditu Etxebarrietaren alde mezarik eman gabe. Mezekin batera, manifestazioak ere egin ziren. Felipe Eizagirre eta ni abade frantziskano langileak ginen Eibarren, eta, Etxebarrietaren aldeko mezatara gindoazela, ez genuen ailegatzeko aukerarik eduki.

Zergatik?

Sekretak gure atzetik zetozen. Heldu, eta atari batean sartu gintuzten, eta pistola batekin biok jo gintuzten buruan; odola dariola utzi gintuzten. Kolpatu ondoren, etxera joateko agindu ziguten, eta zin egin ziguten egurra emango zigutela mezatan edo manifestazioan ikusten bagintuzten. Gero, arrebaren etxean afaltzen ari ginela, Guardia Zibila etorri zen gure bila, derrigorrean kuarteletik pasatu behar genuela esanaz. Guk ez genuen joan nahi, baina inoren etxean geunden, eta, ez genuenez guardia zibilen aurka oldartu nahi, eurekin eraman gintuzten. Behin kuartelean, eta inolako azalpenik eman gabe, ostiaka hasi ziren gure aurka. Gau osoa jo eta jo eduki gintuzten: oso haserre zeuden.

Zergatik zeuden haserre?

Geroago jakin nuenaren arabera, Eibarren egun horretan Guardia Zibilari buruz egundokoak esaten zituen panfleto bat banatu zuten, eta, nire ustez, horrexegatik zeuden haserre. Gau hori pasatu ondoren, Martuteneko kartzelara bidali gintuzten zuzenean. Konkordatua zegoen garai hartan, eta, konkordatuak ez zuenez onartzen abade bat ohiko kartzeletara bidaltzea, kartzelako erizaindegian eduki gintuzten. Erizaindegian denbora luzez ezin gintuztenez eduki, aske utzi gintuzten. Handik hilabetera —1968ko uztailean—, berriz Martutenen espetxeratu ninduten, Zamorako kartzela konkordatu estreinatu berrira bidaltzeko asmoarekin.

Zer dela eta?

Komentuetan gurekin denokin ez zekiten zer egin, eta Zamorako kartzela konkordatua eraiki behar izan zuten abadeentzat, Zamorako kartzela penaleko angulu txiki batean. Hilabete gutxian hamahiru bat abade egon ginen bertan espetxeratuta.

Zamorakoa munduko kartzela konkordatu bakarra izan zen.

Ez dugu beste kasurik ezagutzen. Gu bestelako presoengandik aparte edukitzea nahi zuten, egoera hura pribilegio bat izango balitz modura. Baina gure kartzela besteena baino txarragoa zen, hainbat gauzatan. Gure nahia, egia esan, gu ohiko kartzela batera eramatea zen, beste preso politiko guztiekin batera. Konkordatuaren aitzakiagaz, moralki zigortuta eduki gintuzten. Kartzela denak dira pertsonak suntsitzeko, desegiteko eta izorratzeko sistema, baita gu geunden kartzela konkordatua ere. Sekulako gorrotoa genion kartzela konkordatuari, eta gutariko batek abadetzari bertan kartzelan geundela uztea erabaki zuen, handik atera eta beste kartzela batera eraman zezaten. Abadetza utzi zuenez, ezin zen beste abadeekin kartzela berean egon. Egia esan, oso egoera kaskarrean geunden, eta horrek abadetza uzteko erabakia hartzera bultzatu zuen. Konkordatua oraindik existitzen da, eta agintzen du; estatuaren zutabeetako bat da. Ezin da pentsatu konkordatua Zamoran gelditu zenik.

Zuri dagokizunez, epaiketa militarra ere izan zenuen.

Manifestaziora joateko nahiagatik epaiketa militarra izan genuen militarren Loiolako kuartelean, handik urte batzuetara. Hiru urteko kartzela zigorra eskatzen zuten gure aurka, baina, azkenean, zortzi hilabeteko zigorra ezarri ziguten. Zamoran hirugarren aldiz arrazoi horregatik espetxeratu ninduten, 1970ean. Lehenagotik beste bitan joan behar izan nuen, isunengatik.

Eta aurrekoetan zenbat denbora egon zinen?

Lehenengo aldian hilabete eta egun batzuk gehiago. 1969an, bigarren aldiz espetxeratu ninduten beste isun bategatik, eta beste hilabete egin nuen.

Kartzelatik irten zinenean, abade izaten jarraitu zenuen?

Lehen aldiz kartzelan egon nintzenean, oraindik kristaua nintzen. Baina, eliza diktadurarekin bat eginda zegoela ikusita, eta diktaduraren aurka joanda kartzelatik pasatu ginela ikusita gainera, ez nuen denbora askorik behar izan burutik eliza eta kontu horiek guztiak kentzeko.

Zergatik?

Elizaren aurkako jarrera berehala hartu nuen. Garai hartan abade lanak egiten jarraitu nuen, baina estamentu ofizialetik kanpo. Ondarroan, esaterako, hainbat bikote ezkondu nituen eukaristia eta guzti, Elizari baimenik eskatu gabe. Aurrerago, baina, Eliza ofiziala salatu eta kanporatu egin nahi izan nuen. Bien bitartean, abadetzan jarraitu nuen beste urte batzuez. Bilbon, esaterako, beste bi frantziskanorekin batera anaidi bat sortu genuen Rekalde Berrin, Eibarren egin genuen modura. Izan ere, Eibarren lehen aldiz atxilotu ondoren, hara ez bueltatzeko agindu ziguten. Horiekin batera, bi bat urte egin nituen. Hainbat meza ematen genituen, askotan etxeetan. Baina, gero, abade izateari utzi nion, ez nengoelako batere ados hainbat gauzarekin. Eliza ofizialaren hierarkia hasieratik Francorekin nola portatu zen ikusita, izan ere, eliza estatuaren eta diktaduraren morroia zen, eta gureganako izan zuen jokabidea ikusita, eta bizi genuen egoera baimentzearren, alde egitea erabaki nuen; hortxe amaitu zen nire abade ibilbidea, 1970 inguruan.

Prozesua luzea izan zen?

Elizarekiko agurra nahikoa luzea izan zen. Kontzienteki egin beharra izan nuen, neure buruari arrazoiak emanaz. Prozesu luzea izan zen, egia esan; abadetza ezin da egun batetik bestera utzi, hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Erabaki hori hartzeko, hainbat liburu irakurri eta gaiari buruz asko sakondu ondoren, elizaren gaineko sinesmena galdu nuen. Eliza gezurrezko estamentu bat zela ikusi nuen, beti boterearen alde egiten zuena.

Garai hartan gehiagok laga al zuten abadetza?

Nire kasua ez zen bakarra izan. Zamorako kartzela konkordatuan egon ginen gehienok laga egin genuen abadetza; hamarretik zortzik edo bederatzik abadetza utzi zutela esango nuke.

Lehen aldiz atxilotu eta torturatu zintuztetenean, Elizari egoeraren berri eman zenioten. Zer erantzun jaso zenuten?

Gerritik behera ubelduraz beteta agertzen ginen argazkiak bidali genizkion Jacinto Araia gotzainari, baina argazki horiek galdu egin zituela esan zigun. Ez da kasu bakarra; hori beste hainbat gotzainekin ere gertatu zen, eta orain hori guztia aireratu nahian gabiltza, herria jakitun izan dadin.

Zer ari zarete egiten?

Besteak beste, Argentinako kereilan parte hartu dugu Zamoran egondako hemezortzi abadek. Gerora, Zamorako kartzela konkordatuan egon ez ziren baina torturatuak izan ziren beste biren testigantzak ere jaso ditugu.

Torturatuak izan ziren apaiz gehiago egon daitezkeela uste duzue?

Bai, dudarik gabe. Abadeak ere torturatuak liburuan agertzen diren hogei torturatuez gain, nire ustez beste dozena bi eta gehiago egon litezke.

Eta zergatik ez dute salaketa kolektiboan parte hartu?

Batzuk hilik daude, eta besteak adinez oso nagusiak dira. Ezagutzen ditudan beste bi kasutan, eta atzetik ibili ostean, ez dute parte hartu nahi izan.

Kereilari dagokionez, zelan dago egoera?

Oraingoz, Espainiako Estatuak erabat blokeatuta dauka. Bost urte daramatzagu kontu horrekin, eta ez dute Maria Serviniren eskaerarik onartu.

Eta hori zergatik izan litekeela uste duzu?

1977ko Amnistiaren Legeaz baliatuta, gaia itxi nahi dute guztiz. Denbora asko pasatu dela argudiatzen dute, eta delituak preskribatuta daudela diote. Baina, egia esan, giza eskubideen urraketa bat dagoenean, ez du sekula preskribatzen; doktrina unibertsalak hala dio, behintzat.

Argentinako kereilari bizkarra eman diote Espainian. Noiz arte jarraituko duzue borrokan?

Guk ez dugu itxaropenik galtzen. Estatua beldur da sistema dena jausiko delako; hor dago arazoa.

Garai haietako torturak eta arrazoirik gabe ezarritako kartzela zigorrak aipatzea askori ez zaio interesatzen.

Nik ez dakit zergatik isilarazi nahi duten kartzelen kapitulu hau. Torturak eta kartzela biak elkarrekin joaten dira. Kartzelak askatasuna kentzen dizu erabat.

Eusko Jaurlaritza, bestalde, torturak ikertzen hasi da. Zu zeu, esaterako, biktima modura aitortu zaituzte.

Euskal gobernuaren eskariz, hainbat torturatu elkarrizketatu dituzte, 4.000 lagunetik gora. Batzuen kasuan, gainera, torturatuak izan zirela onartu diete, euskal gobernuak emandako agiri batean. Eusko Jaurlaritzak aurrepauso handia eman du torturak onartzeko, baina oraindik ez ditu kartzela zigorrak aitortu. Francoren biktimak ez dira bakarrik hildakoak eta torturatuak! Tribunal frankista haiek ez ziren batere justuak izan; diktaduraren tribunalak ziren. Tribunal horiek guztiak eta sententziak ezabatzea eskatu behar litzateke. Kartzelan egondakoak ere biktima izan ginen, eta, bidegabekeriaz eramaten bazaituzte, oraindik ere gehiago. Bestalde, ikerketaren abiapuntua 60ko hamarkadan ipini dute, baina aurreko hamarkadak ere, 1936ko gerra eta ondorengo urteak esaterako, gogorrak izan ziren, eta horiek ere aztertu egin beharko lirateke, nire ustez.