Gora doa Bilbok duen eskaintza unibertsitarioa

Peru Azpillaga Diez

Mondragon Unibertsitateak Bilbon duen presentzia indartu, eta egun egiten duen eskaintza zabaldu egin du: bi gradu eta hiru graduondo berri emango ditu aurten hasita Bilbon duen egoitzan, Bilbao Berrikuntza Faktorian. Alta, Zorrotzaurreko irlan ere instalazio berriak izatea aurreikusten du Mondragon Unibertsitateak, eta horiek, berez, profesionalen formakuntzara eta haztegi bat sortzera bideratuko badira ere, etorkizunean unibertsitate graduak ere eskaini ditzake bertan.

“Merkatuan eta hezkuntza arloan antzeman ditugun beharrizanei erantzungo dien eskaintza akademikoa taxutu dugu”, ebatzi du Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak. Hala, Mondragon Unibertsitateak eskainiko dituen bi graduak dualak izango dira, eta beraz, ikasleek, haien formakuntza klaseen eta enpresetako praktiken bidez jasoko dute.

Lehenengoa datuak aztertzen eta ateratzen espezializatutako gradua izango da, Business Data Analytics izenekoa. Atxak azaldutakoaren arabera, egun ez dago profesional nahikorik eremu horretan enpresen eskakizunari erantzuteko eta horregatik erabaki dute gradu hori martxan jartzea. Gaztelaniaz eta ingelesez izango da eta alderantzizko gradu dual bezala definitu dute; hots, ikasleak enpresetara joan beharrean, enpresek hartuko dute parte graduan, ikaskuntza sisteman bertan. Gradu horren bitartez, ikasleek, datuak biltzeko eta biltegiratzeko prozesuak ulertzen ikasiko dute, eta ondoren datu horiek aztertzen, bistaratzen eta emaitzetan oinarritutako erabakiak hartzen.

Bigarrena Enpresa Administrazioa eta Zuzendaritza gradua izango da. Formatu duala izango du horrek ere eta beraz, ikasleek, lehen mailatik laugarren mailaraino, enpresa munduan jarduteko aukera izango dute. Ostera hiru graduondo ere zabalduko ditu. Bi MBA enpresak kudeatzeko masterra, Bezeroen Kudeaketa Estrategikoa eta Executive deiturikoak, eta Kirol Berrikuntza Aditu Ikastaroa, kirolaren arloko enpresen sektorean negozioak garatzera bideratuta. Hortaz, Mondragon Unibertsiteak Bilbon duen graduondoko eskaintza bikoiztu egingo du.

Unibertsitateen hazkundea

Mondragon Unibertsitatea, ordea, ez da Bilboko eskaintza indartu nahi duen unibertsitate bakarra. Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi du egun Leioan dagoen Medikuntza eta Erizaintza fakultatea Basurtoko ospitalearen albora lekualdatuko duela 2024an. Horrekin batera, Fisioterapia gradua ere estreinatuko du. Era berean, Digipen bideo jokoen unibertsitatea aurten bertan lekualdatu da Muskizetik Zorrotzaurreko irla berrira.

Nafarroako Unibertsitateak ere Bilbo kokatu du bere hedapen estrategiaren baitan eta martxan jarri du arkitekturarekin lotutako bi master eskaintzeko proiektua. Horrekin batera, asmoa du egun eskaintzen duen Diseinu graduko moda espezialitatea Bilbon ezartzeko.

Euskal Herriko unibertsitateez gain, Bilbok atzerriko zenbait unibertsitateren atentzioa ere deitu du. Hortaz, zenbait zentro hasiak dira Bilboko Udalarekin harremanetan jartzen eta hiriarentzako ikasketa proiektu propioak aurkezten. Momentuz, Erresuma Batuko lau unibertsitate pribatuk azaldu dute haien ikasketak Bilbon eskaintzen hasteko intentzioa: modarekin lotutako Central Saints Martins eta London College of Fashion; arkitektura ikasketak eskaintzen dituen Bartlett School; eta kazetaritzan, iragarkietan eta zineman espezializatuta dagoen London College of Communication. Eta Gotzone Sagardui Bilboko Alkatetza zinegotziak baieztatu du badirela interesa azaldu duten beste herrialdeetako unibertsitateak.