Erasoak jasan dituzten zortzi emakume artatu behar izan dituzte aurten

Erasoak jasan dituzten zortzi emakume artatu behar izan dituzte aurten

Natalia Salazar Orbe

Urteko markagailua martxan jarri da berriz ere. 2019a hasi denetik egun gutxi batzuk besterik igaro ez badira ere, indarkeria matxistak eragindako hainbat eraso gertatu dira jada Bizkaian. Zortzi emakume artatu egin behar izan dituzte: sei, ospitaleetan edo osasun etxeetan; eta beste bat, anbulantzia bateko profesionalek. Beste bati ukituak egin dizkiote. Ertzaintzak sei gizon atxilotu ditu. Beste bati eginbideak zabaldu dizkiote, eta 17 urteko beste bat identifikatu egin dute, eta prozesua abiatu, ofizioz.

Bizkaiko Foru Aldundiak azaroan eman zituen datuen arabera, batez beste 2.600 eraso gertatzen dira urtean. Kopuru hori antzeko mantentzen da.

SESTAO

Jaurlaritzako Segurtasun Sailari jakinarazi zaizkion zortzi erasoetan azkena Sestaon gertatu zen. 56 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak igande goizaldean, emazteari eraso egitea leporatuta. Salaketan jaso dutenez, etxean zeuden, eta, gauerdi aldera, emazteari irainka eta erasoka hasi zitzaion. Etxetik atera zen orduan biktima, baina erasotzaileak atzetik jarraitu zion. Kalean zeudela, ukabilkadaka jarraitu zuen erasoa. Ertzaintza bertaratu zen, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan zuten emakumea. Handik gutxira, gizona atxilotu zuten. Aurrekariak zituen.

PORTUGALETE

Larunbat arratsaldean 30 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Portugaleten, alde zaharreko etxe batean. Bikotekideak salatu zuen aurreko egunean eraso egin ziola. Saman zituen lesioak, eta osasun etxera eraman zuten.

GETXO

Ertzaintzak eginbideak zabaldu dizkio 37 urteko gizonezko bati, genero-indarkeria delitua leporatuta. Abenduaren 31ko gauean eraso egin ziola salatu zuen emakume bikotekideak. Lesioen ondorioz, Gurutzetako ospitalera eraman zuten. Areetako etxe batean gertatu zen erasoa.

Bestalde, urteko lehen egunean emakume bati ukituak egin zizkion 18 urteko gizon bat atxilotu zuen herenegun Ertzaintzak. Areetan gertatu zen erasoa.

DURANGO

Urtea hasi berri zela, 18 urteko emakume bat Galdaka oko ospitalera eraman zuten eraso bat jasan eta gero. Emakumeak ez zuen salaketarik jarri, baina Ertzaintzak bikotekide ohia identifikatu zuen, eta prozesua abiatu zuten, ofizioz, epaitegian. 17 urte ditu ustezko erasotzaileak.

Erasoa urtarrilaren lehenengo egunean gertatu zen, 08:00etan, Ezkurdi plazan. Ertzain batzuk handik pasatu, eta emakumea aurkitu zuten, sudurrean kolpea zuela. Emakumea ospitalera eraman eta bikotekide ohia identifikatu zuten orduan. Biktima Elorrion bizi da, eta ustezko erasotzailea, berriz, Zornotzan.

Durangoko Udaleko Berdintasun Kontseiluak eta Berdintasun Batzordeak aho batez gaitzetsi eta arbuiatu zuen emakume horren kontrako indarkeria kasua eta beste edozein motatako indarkeria, dela fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, sexuala edo emakumearen pribatutasunaren kontrakoa.

Bestalde, Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak deituta, manifestazioa egin zuten atzo iluntzean, Gure bizitzak defendatuz, ekintza zuzenak leloari jarraituta. Gogora ekarri dute azken hiletan bost eraso sexista gertatu direla Durangon; horietako bi Gabonetan izan dira. Datuak ere eman dituzte: iaz eraso sexistekin lotutako 41 salaketa jarri zituzten emakumeek Durangoko komisarian.

Hilaren 1eko biktima Elorriokoa zela kontuan hartuta, udaleko Bozeramaileen Batzordeak arbuiatu eta gaitzetsi egin zuen erasoa. Irmo salatu dituzte Elorrion eta handik kanpo gertatzen diren eraso matxista guztiak, eta “babesa eta gertutasuna” eskaini dizkiote biktimari eta haren ingurukoei. Prest azaldu dira emakumeak behar duen laguntza psikologikoa eta juridikoa eta behar dituen osasun eta babes baliabideak emateko, betiere konfidentzialtasuna eta intimitatea bermatuta.

BILBO

Urteko lehen egun hauetan, Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Bilbon indarkeria matxistarekin lotuta. Urtarrilaren 1eko eguerdi aldera, gizon batek bikotekide ohiari mehatxu egin zion, eta aurpegian jo zuen. Cocherito kalean gertatu zen erasoa. Horrez gain, emakumeak zeraman haur kotxeari ostikoa eman zion. 18 urte ditu ustezko erasotzaileak. Emakumea ospitalera eraman zuten.

Hurrengo egunean, 36 urteko beste gizon bat atxilotu zuten Gordoniz kalean, emakume bati aurpegian zauri bat egiteagatik. Lekuko baten arabera, edalontzi batekin jo zion aurpegian gizonezkoak emakumeari. Erietxera eraman zuten andrea.

ERANDIO

Emakume bat antsietateak jota aurkitu zuen Ertzaintzak urtarrilaren 1ean, Erandion. Berarengandik urruti egoteko agindu judiziala zuen gizon bat zuen ondoan, auto berean. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Lutxanako etxebizitza batean hasi zen erasoa, baina gero auto batean sartu ziren erasotzailea eta erasoa jasan zuena. Poliziak BI-735 errepidean harrapatu zituen. Emakumea nola zegoen ikusita, anbulantzia bat eskatu zuten. Gizonezkoak sakelakoa eta ibilgailuaren giltzak kendu zizkion emakumeari, eta mehatxu egin zion. 23 urteko gizona atxilotu egin zuten, genero-indarkeria delitua eta epaileak ezarritako urruntze agindua urratzea leporatuta.