Abran egiten ari diren draga lanak gelditzeko eskatu dute

Abran egiten ari diren draga lanak gelditzeko eskatu dute

Peru Azpillaga Diez

Bilboko Portu Agintaritzak 2016an jarri zuen martxan bere instalazioak handitzeko proiektua. Horretarako, Erdiko Kaia izeneko eremu berri bat eraikitzen ari dira: 39 hilabete iraungo dute obrek, eta itsasoari lapurtutako 33 hektarea gehituko dizkiote portuari. Lehenengo bi urteetan kai berriaren inguratze lanak egin dituzte, besteak beste, hormigoizko 22 bloke kokatuz zona berria mugatzeko.

Orain, betetze lanak hasi dituzte. Guztira, 8,5 milioi metro kubo hondar eta harri behar dituzte, eta gehiena 6,3 milioi metro kubo itsas hondar Luzuero lurmuturraren kanpoaldeko itsas hondoetatik ateratzen ari dira. Lan hori egin ahal izateko, Portuko Agintaritzak draga erraldoi bat alokatu du. Draga horrek, harea pilatu, kai berriraino garraiatu, eta bertan pilatuko du. 73,6 milioi euroko kostua izango dute lanek, eta etorkizunean beste fase bat egongo dela aurreikusten da. Alta, draga lanek izan ditzaketen ondorioez kezkatuta, Getxoko zenbait auzokide batu, eta Abra Bizirik plataforma eratu dute, harea erauzteak ingurugiroan eragingo dituen kalteak salatu eta lanak eten daitezela eskatzeko.

Kosta legearen arabera, debekatuta dago itsas hondotik eraikuntzarako materialak ateratzea, baldin eta hondartzak sortzeko eta leheneratzeko ez bada. Hala ere, 2013ko ingurugiro adierazpen batek baimena eman zion Bilboko Portuari Luzuero lurmuturraren aurrean harea erauzteko, betiere baldintza batzuk betearazita. Geroztik, Bilboko Portu Agintaritzak birritan egin ditu draga lanak: 2016an eta 2017an. Abra Bizirik plataformak dioenez, bi lan horiek egiteko ez zen Ingurugiro Zaintza Programa martxan jarri; gainera, hondartzen bainu denboraldia hasita zegoela egin ziren 2017ko erauzketa lanak, eta horrek arriskuan jarri zuen herritarren osasuna.

Ostera, 2018ko urrian hasi ziren portuko Erdiko Kaia betetzeko lanak. 8, 5 milioi metro kubo hondar eta harri beharko dituzte horretarako: Luzuero lurmuturretik gertu dagoen harrobiaren egonkortze lanetatik atera dituzte 2,2 milioi, eta zuzenean itsas hondotik ateratzen ari dira gainontzeko 6,3 milioiak. Inoiz eremu horretan egindako draga lanik handienak izango dira, eta lauzpabost hilabete iraungo dute.

Abra Bizirik plataformaren aburuz, tamaina horretako erauzketa lanek “kalte konponezinak” egiten dituzte itsas hondoan. Horrekin batera, salatu dute faunan eta floran ere kalte larriak eragingo dituztela, eta azaldu dute itsas hondoa hustuz gero olatuen indarra handituko dela; inguruko hondartzen egonkortasuna arriskuan jarriko dela. Era berean, ohartarazi dute dragatze gunearen kutsadura handiaren ondorioz arriskua egon daitekeela material kutsagarriak hedatzeko eta ingurugiro eta osasun arazoak sortzeko. Halaber, gogoratu dutenez, erabiliko duten erauzketa teknika debekatu egin zuten Xixongo portuko lanetarako, eta antzeko kutsadura dago han.

Tamaina handiko lanak

Herbehereetatik ekarritako draga bat erabiltzen ari dira draga lanak egiteko. 230 metro luze eta 32 metro zabal den itsasontzi horrek ahalmena du bidaia bakar batean 35.500 metro kubo itsas hondar garraiatzeko. Bi bonba xurgatzaile erabiliz erauzten du harea. Itsasontziak etenik gabe egingo du lan, eguneko 24 orduz, asteko egun guztietan. Portuko zuzendaritzak gogoratu duenez, halako itsasontzi bat portuan lotuta edukitzeak eguneko 7.000 dolarreko kostua eragin lezake.

Rikardo Barkala Portuko Agintaritzako presidenteak adierazi duenez, Bilboko portua ia beteta dago gaur egun (%87), eta %75etik gora beteta dagoenean “inbutu” efektua izaten du. Horregatik, erabaki dute kaia handitzea. Dragak erauzitako hareari esker, 334.000 metro koadroko eremu berri bat izango du portuak. Behin urbanizatuta, besteak beste, trafikorako eta merkantziak biltegiratzeko erabiliko dute. 2019ko abenduan irekiko da lizitazio epea, eta, Barkalak azpimarratu duenez, zenbait enpresak erakutsi dute jada interesa.

Mozioa Getxoko Udalean

Obrek ingurunean izan dezaketen arriskua dela eta, Getxoko EH Bildu eta GUK talde politikoek Abra Bizirik plataformak helarazitako mozioa aurkeztuko dute udalean, kostaldea, hondartzak, itsasoa eta itsas hondoak natur gune gisa babestu ditzatela eskatzeko. Mozioan, Getxoko Udalari eskualdeko baliabide naturalak errespetatzeko eskatuko diote; aldi berean, itsas hondoak babestea eta gero horiek harrobi gisa ustiatzea bateraezinak direla gogoratu dute. Azkenik, udalari dei egin diote Luzuero lurmuturrean egiten ari diren erauzte lanak gelditu ditzatela eskatzeko.