Zerotik

Nerea Ibarzabal

Lagun batek esan zidan berak eskertzen duela hilekoa etortzen zaion une hori, askotan mingarria eta neketsua izan arren, garbiketa bat iruditzen zaiolako, baita mentala ere. Hilabeteko gertaera mingarriak, haserreak, zikinkeriak… denak ezabatuko balitzaizkio bezala, hilabete berri bat zerotik hasteko.

Denok behar ditugu hasierak eta amaierak, sentitzea zerbait ixten ari garela betirako. Uste dut horretarako ere asmatu genituela urteak, aurrekoak ahazteko aitzakia bat izan genezan. Orrialdea pasatu. Imajinatu bestela dena linealki irudikatzea, zein luzea egingo zitzaigun bizitza, zein gertu iragana beti.

Gustatzen zaizkit egun hauek, badakit iaz ezetz idatzi nuela, baina aurten bai, ez dakit. Amaiera usaina darie, eta amaieretan nostalgia eta familia eta mimoak ere badaude. Hilekoaren aurreko egunetan bezala, barrutik lehertzear eta zaurgarri, baina goxo. Jakinda laster garbituko dela dena.

Ni neu nekatuegi egoten naiz urtearen balantzea egiteko ere. Betiko akatsak, betiko injustiziak betikoen eskutik. Askok ez familiarik, ez etxerik, ez mimorik. Egunkariei utziko diet errepaso kronologikoa egiten, etorkizuneko Wikipediako orrialdeek esan dezatela zer gertatu zen. Zer izan zen 2018a? Aurrerantz joan ginen ala atzerantz? Euskaraldiak salbatu al zuen euskara azkenean? Emakume gutxiago hil zituzten 2019an baino? Urterik epelena izan zen? Zertan? Pinuaren amaieraren hasiera? Eukaliptoaren bigarren gaztaro errebeldea? Zer gehiago hasi zen amaitzen? Zenbat azken-aurreko manifestu gehiago egin dira ordutik euskal kulturaren alde? Zein protestak eman zituen fruituak gerora? Etorkizuneko katastroferen bat saihestu zitekeen 2018an? Nor jaio zen historiara igaroko zena? Futbolariren bat? Epaiketa injustu gehien egon ziren urtea izan zen, akaso? Hori ez dute inoiz Wikipedian jarriko. Zertan genbiltzan oker? Azken lan-istripua ez zen 2018an izango, ezta? Eta itotako azken errefuxiatua? Gauza batzuek lineal diraute.

Honegatik guztiagatik behar dugu zerbait berria, gizarte berririk ez badator, egutegia etor bedi behintzat, Durangoko Azokan erosia gure asmo koherente guztiak bertan proiektatzeko. Markagailuak zerotik has daitezen nahi dugu, aurreko tragedia guztien batura jasanezina litzaigukeelako. Odol-berritzeko behar larria dugu denok hemen.

Gero iristen da urtarrilaren bata, elur zapaldu bakoa izan behar zuena, eta esnatzen zara desmakillatu barik eguerdian, burua bueltaka oraindik eta botaguraz. Eta urte zaharraren antz gehiegizkoa hartzen diozu berriari, nahikoa jakiteko zerotik hastearen sentsazioak ez dizula iraungo luzaroan. Behar zenuela, baina ez dela egia.