Pankartak dioena eta errealitatea

Lander Muñagorri Garmendia Aitziber Laskibar Lizarribar

Naval ontziola ez ixteko eskatzen duen pankarta bat daukate langile batzordeko kideek. Hala dio: Naval ez itxi. Espainiako Gobernua-Jaurlaritza negoziazioa. Ezkerraldeko lanpostuen alde. Aldarrikapen argia dauka pankarta horrek, eta mezu hori hamaika bider atera behar izan dute kalera urte osoan zehar. 2017. urtean hartzekodunen konkurtsoan sartu zen ontziola, baina aurten urrats berri bat eman, eta uda ondoren likidazio prozesuan sartu da ontziola historikoa. Horrekin guztiarekin, Ezkerraldearen desindustrializazio prozesuan urrats bat gehiago eman dela esan daiteke, industria lantegi handien garaiko azken lekukoa delako Sestaoko ontziola.

Enpresa hasi da dagoeneko langileen kontratuak eteteko gutunak bidaltzen, baina horien kaleratzeen inguruko negoziazioak abiatu gabe daude oraindik. Beharginek ez dakite zein izango den euren etorkizuna. Bien bitartean, Murueta ontziola eta Ingeteam ingeniaritza enpresa bizkaitarrak egin dituzte egoeraren erantzule. Naval ontziolaren jabe nagusiak dira, eta bankuekin 150 milio euroko zorra pilatzearen arduradunak direla leporatu diete langileek behin eta berriro. 2017an hartzekodunen konkurtsoan sartu zirenetik inongo inbertitzailek ez du ontziolaren lema hartzeko aurrera urratsa egin, eta horren eraginez irailean likidazio fasera igarotzeko eskaera egin zuen zuzendaritzak.

Inbertitzailea. Hori izan da langileen eta erakunde publikoen arteko ika-miken jatorria. Eguna joan eta eguna etorri, langileek erreskate publikoaren aukera mahai gainean jarri diete Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Naval publikoa izan da, baina 2006an Zapateroren gobernuak pribatizatu egin zuen, eta orain, ixteko bidean egonda, lantegia erreskatatzeko ardura erakunde publikoena dela argudiatu dute beharginek. Eta horregatik egin dute erreskate publikoaren alde ontziolaren egoeraren inguruko edozein balorazio egin dutenean.

Baina parean Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburua eduki dute, eta hark beste horrenbeste aldiz erantzun die aukera hori ez dela posible. Bere argudioa ere argia izan da: Europako Batasunak mugak jartzen dizkiela instituzio publikoei kolokan dauden enpresak laguntzerako garaian. Alegia, erakunde publikoek ezin dutela Navalen akzioen %51 erosi, eta beraz, ontziola publiko bihurtzea ezinezkoa dela. Horren ordez, ontziolaren lema hartzeko prest legokeen inbertitzailea laguntzeko prest azaldu da Tapia. Halakorik agertu ezean, baina, ontziola itxieraren atarian geratuko litzatekeela leporatu diote langileek eta zenbait alderdi politikok.

Izan ere, lan gatazka soil bat baino gehiago da Navalen auzia. Eskualde oso baten beheranzko bilakaera erakusten duen lekuko bihurtu da, eta horrek joko politikoaren erdian jarri du auzia. Alde batetik, EH Bilduk lantegian inbertituko lukeen enpresa talde bat sortzeko gidaritza hartzeko eskatu dio Tapiari, eta bestetik, Elkarrekin Podemosek Naval publiko bihurtzeko bideak urratzeko eskatu dio Jaurlaritzari. Ezberdintasunak ezberdintasun, auzia Eusko Legebiltzarrera iritsi zen urrian, eta alderdi guztiek aho batez onartu zuten Jaurlaritzak ontziolan parte hartu dezan eskaera, betiere inbertitzaile baten laguntzarekin baldin bada.

‘Vox Alexia’ dragaontzia

Jaurlaritzak inbertitzaile baten beharra aldarrikatu du bere parte hartzerako. Baina ez da hori eskatu duen bakarra. Van Oord armadoreak ere hala eskatu izan du. Navali bi dragaontzi egiteko eskaera egina zion armadoreak: Vox Amalia eta Vox Alexia. Baina lantegia hartzekodunen konkurtsoan sartu zen 2017an, eta dragaontziak egiteko lanak bere horretan geratu ziren. Geldirik. Konkurtsoan sartu eta berehala negoziazioak abiatu zituen zuzendaritzak armadorearekin, dragaontzi horiek non amaitu erabakitzeko.

Otsailean akordio batera iritsi ziren bi aldeak: Vox Amalia dragaontzia Santanderreko (Espainia) Astander ontziolan amaitzea, eta Vox Alexia Navalen egitea. Lehen dragaontziaren lanak amaitzeko gutxi falta zen, eta ahal bezain lasterren eskuratu nahi zuen hura armadoreak. Baina Vox Alexia-ren kroskoak Navalen jarraitzen du. Ez atzera ez aurrera.

Azarora arte lortutako akordio horri eusteko asmoari heltzen zion Van Oordek, baina dragaontzia Navalen amaitzeko bankuen oniritzia zuen inbertitzaile baten konprimisoa ere eskatzen zuen. Izan ere, tamaina horietako ontzi bat egiteak ahalegin finantziero handia eskatzen du, eta bankuen oniritzirik gabe armadorea ez zegoen aurrera egiteko prest. Baina halakorik ez da iritsi Navalera, eta armadorea nekatu egin da. Azaro hasieran armadorearen, Pymar ontziolen elkarteko nahiz Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariek egindako batzarrean jakinarazi zien dragaontzia Sestaon ez amaitzeko erabakia hartua zutela.

Horrek are gehiago korapilatu zuen Naval ontziolaren egoera, Vox Alexia bertan amaitzeak arnasa emango liokeelako. Dragaontziak hogei hilabeteko lana bermatuko luke Sestaoko ontziolan, eta denbora hori inbertitzaile berri bat topatzeko baliatu ahal izango luke zuzendaritzak edo Jaurlaritzak berak. Hori ere ez da horrela izan, Jose Ignacio Escribese ontziolako arduraduna baikor zegoen arren. Vox Alexia Sestaon ez amaitzeko erabakia jakinarazi zen egun berean “hiru edo lau” inbertitzaile Navalen interesatuta zeudela esan baitzuen, baina betiere hemendik hainbat hilabetera. Ordurako, ordea, 175 langileak kaleratuta leudeke.

Pasa den astean, langileek hordagoa bota zioten Jaurlaritzari: kalte-ordainak baliatuta, beharginak eurak inbertitzaile bihurtzea. Horrek ontziolaren %40 erostea ahalbidetuko lieke, lau edo bost milioi euroko ekarpena eginez. Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari gainontzeko %60 erosteko eskaera egin zioten. Baina berriz ere erantzun bera jaso zuten, eta inbertitzaile pribatuaren baldintza gogorarazi zien Tapiak, Jaurlaritzak jarritako kapital publikoak kapital pribatuaren “parekoa edo txikiagoa” izan beharko lukeela gogoraraziz.

Navalen etorkizuna, beraz, itxieratik gertuago ikusten da beste edozein aukeratik baino. Azken urtean eman dituen urratsak, behintzat, norabide horretara doaz. Pankarta nahi beste aldiz aterako dute langileek, baina bertan jartzen duen Naval ez itxi leloa gero eta urrunago dagoela dirudi, gaur-gaurkoz.

Eta Navalen itxierak amaierara gerturakuko luke Bilbo Handiko desindustrializazio prozesua. Industrializazioaren oinarri izan ziren lantegi handien azken ikurretakoa galtzea litzateke, eta Bilboko itsasadarrean gora eraiki ziren lantegi erraldoien amaiera. Luzea izan da prozesua, baina agerikoa da emaitza. Euskalduna lantegia zena ikusi besterik ez dago: langileen borroka gogorren ondoren indarrez itxi zuten ontziola 1985ean, istilu larrien artean. Ia 2.500 langile geratu ziren kalean. Euskalduna jauregia eraiki zuten bertan. Labe Garaien fabrika handiaren lekuan, BEC erakustazoka dago egun, Barakaldon, Max Center eta Mega Park merkataritza guneen ondoan.

Trapagaranen, Babcock Wilcox galdara enpresa izan zen Bizkaiko industria handien beste ikurretako bat. 2011n itxi zutenetik utzia dago, eta Amazon banaketa enpresa multinazionalak aurten iragarri du bertan biltegi erraldoi bat ezartzeko asmoa. Hartarako lursailaren kalifikazioa aldatu beharra dago, eta, EAJ eta PSE hartarako prest agertu diren arren, tramiteek denbora beharko dute, eskualdeko Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra aldatu egin behar baita. Bitarterako, biltegi txikiagoa ireki dute, aurten, Lezaman.

Industria pisutsuaren lekua zerbitzu alorreko guneek betetzen dute, dagoeneko, gehien bat. Baina horrekin, beste industria mota bat ere sustatzen ari dira instituzioak. Euskadiko Teknologia Parkeen sarea, esaterako, 4.0 industriara bideratutako teknologia parke bat eraikitzen ari da Abanton. Bilboko Portuan, Haizea Wind lantegia inauguratu dute maiatzean: itsasoko haize errotentzako dorreak egingo dituen enpresa. Hala ere, teknologiari lotuta sortzen ari diren enpresa berriek ez dute garai bateko industriek behar zuten langile kopuruen premiarik, eta gehien sustatzen ari diren lanpostuak zerbitzuei eta turismoari begirakoak dira; unean uneko joerei lotuegi dauden lanpostuak.