Mami eta azal aldaketa

Mami eta azal aldaketa

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Mugarria izan da 2018. urtea Bilboko Arte Ederren Museoarentzat, eta ez soilik 110 urte bete dituelako. Museoa “modernizatzeko” asmoa iragarri zuen Miguel Zugaza zuzendariak, 2017ko martxoan, kargua hartu eta berehala, eta iragarritakoa gauzatzeko neurriak hartu ditu bukatzear den urtean: eraikin zaharreko 31 areto berritu eta bi erakusketa handi antolatu ditu azken hilabeteetan—ABC Museoaren alfabetoa eta 68aren ostean—. Bilboko Arte Ederren Museoa XXI. mendeko hiriburuan txertatzea beharrezkoa dela uste du Zugazak, eta, bide horretan urratsak egiteko, 2019-2022 urte arterako plan estrategikoa ere ondu du.

Abendu hasieran aurkeztu zuen plana, eta bertan eman zuen Zugazak bere asmoen berri: gaur egungo eraikina 5.000 metro koadro handituko dute heldu den urtean, eta 3.000ko beste bat “eskuratuko” dute. 22 milioi euro baino gehiago gastatuko dituzte lanetan, eta 2022rako gauzatu nahi dute. Museoaren patronatuak ordainduko ditu: Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak.

Bigarren aldiz hartu du Zugazak museoaren zuzendari kargua, postu berean aritu baitzen 1996. urtetik 2001. urtera, eta handitze lanak egin zituen orduko hartan ere. Orotara, 6.450 metro koadro gehitu zitzaizkion museoari orduan, eta 15 milioi euro inbertitu zituen patronatuak. Orduan gidatutako obrei buruzko autokritika ere egin berri du, baina, zuzendariak: “Eraberritze lanak ez zuen aurreikusi hiriburuak ordutik hona izan duen eraldaketa; are gehiago, aintzat hartuta Iberdrola dorreak eta Euskadi plazaren eraikuntzak museoari eman dion kokapen zoragarria”. Adibidea ere jarri du: museoaren eraikin zaharraren ate nagusia, Euskadi plazara begira dagoena, itxita dago gaur egun, ondoren eraikitako kristalezko eraikin modernoan baitago sarbidea. Hori da, besteak beste, handitze lanekin aldatu nahi dituzten elementuetako bat.

Gauzak ondo bidean, 2021. urtearen erdialdean jarriko dira martxan handitze lanak, eta, azaldu dutenez, museoa itxi egingo dute obrek iraungo duten hamazortzi hilabeteetan.

Kanpotik eta barrutik

Azala eta mamia aldatzea da Zugazaren helburua; eta, azpiegitura handitzeaz gain, museoaren filosofia eta antolaketa berritzeari ekin dio horregatik. Horren isla dira aurten irekitako bi erakusteka handiak. “Ezin gara konformatu egiten dakiguna egitearekin”. Hala aitortu zion, urrian, Zugazak BERRIA egunkariari. Museoaren bildumarekin “narratiba berriak” dituzten erakusketak antolatzeko beharra ere azpimarratu zuen. “Arte Ederren Museoa ezin da mugatu artearen historia egitera”.

Gaur egungo arte eztabaiden erdigunera eraman nahi du zuzendariak Arte Ederren Museoa, eta, ildo horri erantzunez, Euskal Herriko artea eta emakumeek egindakoa bultzatzeko neurriak hartuko dituztela jaso dute plan estrategikoan. Adierazpide artistiko berriak indartzeko bideak ere aipatu dituzte.

Gizartearekin batera “aldatu” behar du museoak, eta hori bermatzeko museoaren antolaketa ere aldatu dute. Artelanen kontserbazioaren esparruan hiru sail berri sortu dituzte: antzinako artea eta dekorazio arteari dagokiona; arte moderno eta paper gaineko artearena; eta arte garaikidea eta ikus-entzunezkoena. Ikerketari dagokionez, berriz, euskal arteari buruzko ikerketa eta dokumentazio zentro bat sortu nahi dute, dagoeneko museoak martxan duen Arteder euskal artearen datu basea oinarri hartuko duena. Litekeena da dokumentazio zentroa, hain zuzen, museoak eskuratu asmo duen eraikin berrian kokatzea.