Gozatuz gozarazi

Natalia Salazar Orbe

Baso baten aniztasunaren antzera garatu da bertsolaritza Bizkaian. Berez zein lagunduta hazi den ekosistema oso baten irudiarekin islatuta aurkeztu du Maite Berriozabal gai jartzaileak. Bizirik eta mugimenduan dabilen munduarekin parekatuta. Eta beti ere, hazten, arbolen adarrek gora eta alboetara egiten duten antzera, sustraiek lurrari sendo heltzen dioten bitartean. Artez zein bihurrituta hazi diren zortzi adar berri zein helduagok baso aberats horren atal baten egoera zein den erakutsiko dute bihar, Bilbao Arena aretoan. Bizkaiko 23. Bertsolari Txapelketaren finala jokatuko dute han Aitor Bizkarrak, Eneko Abasolok, Etxahun Lekuek, Jone Uriak, Miren Amurizak, Nerea Ibarzabalek, Onintza Enbeitak eta Xabat Galletebeitiak. 17:00etan abiatuko da Bizkaiko bertsolaritzaren festa. Jon Enbeitak jantziko dio txapela irabazleari.

Bertsolari gazteak baina esperientzia handikoak dira gehienak. Ione Narbaiza txapelketaren arduradunak eman ditu datuak: “Gazteenak 22 urte ditu, eta nagusienak, 42. Lauk 30 urtetik behera dituzte. Gazteak eta oso gazteak izan arren, horietako batzuk hainbat final lehiatutakoak dira. Esperientzia handia ikusiko da oholtzan”.

Lekue txapela jantzita iritsiko da finalera, duela bi urteko lehiaketako txapeldun gisa. Aitor Bizkarrak debuta egingo du Bizkaiko koplagintzaren finalean. Ibarzabalek eta Abasolok bigarrena dute, eta, gainontzekoentzat, agertokia oso ezaguna da.

Final ona aurreikusi du Narbaizak. “Pozik gaude ikusita zer nolako kanporaketak eta finalaurrekoak izan diren. Eta finala ere halakoa espero dugu: ona”. Biharkoa bertsoaren festa izatea nahi du Bertsozale Elkarteak. “Finala ondo pasatzeko eta gozatzeko leku bat da. Bertsolariek izango dute presiotxoa eta estutu beharko dute burua, baina tira. Ikusita zein zaila izan den horrenbeste bertsolariren artean lehiatuta horra heltzea, argi dago heldu direnak merituz iritsi direla”.

Guztira 87 bertsolari aritu dira aurten txapela lortzeko lehian. 78k hasi zuten ibilbidea Udaberriko fasean. Kanporaketa eta finalaurrekoetan, berriz, aurreko urteetako txapelketetako finalistak sartu dira.

Jende berria eta gaztea batu zaio txapelketari. “Horrek erakusten du bertsolaritzaren transmisioan egiten den lana”. Prozesuak etenik gabe jarraitzen duela baieztatu dute. “Jende asko umetan hasten da lantzen. Gero bertso eskoletan egiten duten lana bereziki aipagarria da. Urtetik urtera jende berria sartzeak erakusten du ekosistema hori edo guk kasu honetan baso batekin irudikatu dugun bide hori osasuntsu dagoela”.

Txapelketa erakusleiho bat baita, baina ez bakarra, Narbaizak berak zehaztu duenez. Adierazpen horrek isla du biharko agertokiak erakutsiko duen parekidetasunean ere. Zortzi lehiakide ariko dira oholtza gainean: lau emakume eta lau gizon. Laugarren final parekidea izango da Bizkaian, gainera. “Argazki hori ematea positiboa da. Batez ere, bertsotan ari diren gazteentzat erreferenteak izatea oso garrantzitsua da. Ez bakarrik txapelketetan, baita plazan ere. Baina jakitun gara finalak zer nolako oihartzuna duen, eta hor laugarren aldiz lau gizon eta lau emakume egotea bereziki poztekoa da”. Dena den, jakitun dira oraindik bide luzea dutela egiteko. “Finalak ematen duen irudia ez da txapelketaren argazkia”.

Hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen duten umeei zein bat-bateko taldeei eta bertso eskoletako gazteei erreparatuta, parekatuta daude neska eta mutilak. “Hala ere, adin batetik aurrera edo txapelketarako saltoa emateko orduan gutxiago izaten dira emakumeak. Eta txapelketa honetan ere gauza bera gertatu da: dezente gehiago izan dira gizonezkoak emakumezkoak baino. Horren kontzientzia badugu. Gizarte osoan gertatzen den gauza bat da, ez bertsolaritzan bakarrik. Hori aldatzeko lanean ari gara”.

Oso txikitatik erein daiteke bertsozaletasuna, koplagintzara apurka gerturatuta. Bihar izango da umeak hartu eta finalera gerturatuko denik. Horretan ere pentsatu du Bertsozale Elkarteak, eta haurrentzako gunea egokitu du Bilbao Arenan. Hezitzaileak ere izango dira bertan. Hiru urtetik beherako umeek heldu batek lagunduta egon beharko dute gunean. Umeak gunean izan nahi dituztenei aurretik izena emateko gomendioa egin diete, izena eman gabe bihar bertara jotzen dutenak kopuru jakin bat bete arte besterik ez baitituzte hartuko. Izena emateko 688 74 13 98 telefonora deitu edo bizkaikotxapelketa@bertsozale.eus helbidera idatzi behar da.

Bertsolaritzaren une handia bizitzeko prest daude guzi-guztiak: antolatzaileak, bertsolariak, gai jartzaileak, zaleak… Denak. Bi urtean behin egiten den txapelketako “momentu gorena” baita finala. Narbaizak argi du: “Gurako nuke finalistek eurek gozatzea eta publikoari gozaraztea. Hori da helburua”.

Etxahun Lekue:
“Ez dut sentitzen
pisu edo ardura berezirik”

Finalera txapela jantzita iritsiko zara. Presioa areagotzen al du horrek?

Ez, berdin antzera nago. Ez dut sentitzen pisu edo ardura berezirik alde horretatik. Urteekin ikasi dut txapelketari daukan garrantzia ematen. Hasieran nahiko txarto pasatzen nuen. Aspaldiko urteetan, ordea, derrigorrezkoa den tentsio puntu hori egoten da, baina ez beste munduko ezer. Eta aurreko txapelketatik hona ez dut nabaritzen alde handirik. Biharkoa bederatzigarrena izango da niretzat.

Nola ikusten duzu zure burua?

Aspaldi honetan gusturen nabil. Baita plazan ere. Txapelketarako astero elkartu naiz Ibon Ajuriagojeaskoa eta BeƱat Ugartetxearekin eta asteroko elkartze horietan ere sano gustura ibili naiz. Aspaldion egiten ari naizenarekin oso gustura nago eta hori transmititu nahiko nuke finalean ere.

Ezer berezirik egin duzu saioa prestatzeko?

Ez. Astean behin elkartu naiz Ajuriagojeaskoa eta Ugartetxearekin. Arkaitz Estiballes ere etorri izan da, eta baita bertso eskolako beste kideren bat ere. Errimak errepasatzen ere aritu naiz, baina ezer berezirik ez.

Kortan elkartzen jarraitzen duzue?

Korta ez dago ondo aspaldian, baina inguruan elkartzen gara, bai.

Nerea Ibarzabal:
“Urduriago ez,
baina ardura gehiago dut”

Zer nola zaude biharko, lehenengo finalean baino urduriago ala lasaiago?

Ez nago urduriago; baina ardura gehiago dut. Lasaitzen nau jakiteak zer den Miribillan egoten dena, eta behin kudeatu banuen jendetzaren aurrean egotea, egingo dut berriro, baina beste ardura batzuk ditut orain.

Nola ikusten duzu zure burua?

Ondo. Duela bi urte baino plaza gehiago egin dut. Horrek lasaitzen nau. Izan ere, txapelketako presioak lausotzen duen edo nerbioek irteten uzten ez duten plazako bizkortasun edo momentuko dir-dira hori lortzeko errazago izango dudala uste dut.

Zer nola ari zara prestatzen saioa?

Markinako bertso eskolan, batetik. Bestetik, ostegunero elkartzen gara Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Ander Elortegi eta laurok, Lekeition. Denok aritu gara txapelketarako prestatzen, eta hori ekipoa egiteko ona da.

Zer izango litzateke Bizkaiko txapela janzten duen lehen emakumea izatea?

Sekulako ohorea eta poza. Onintzak, Jonek edo Mirenek jantziko balute ere poz maila ia bera lortuko nuke. Detaile historiko ederra izango litzateke. Plazan islatzen ari den maila txapelketan ere islatzeko unea ere bada.

Aitor Bizkarra:
“Beste patxada batekin
joango naiz finalera”

Lehen finala duzu biharkoa. Zer nola zaude, errepikatuko bazenu baino lasaiago ala urduriago?

Errepikatzea zer den ez dakit. Final-laurdenak sortu zidan niri tentsio handiena. Aurreko txapelketan final aurrekora iritsi nintzen, beraz, baneukan gutxienez aurrekoa berdintzeko helburua. Hori dela eta, final-laurdenetan pasatu nuen txarto. Finalerdietan lasaiago egon nintzen, eta finalera beste patxada batekin joango naiz.

Zer nola ikusten duzu zure burua?

Lehian nago, nik nahi izan zein ez. Ez naiz joango egun pasa bakarrik, baina ez daukat presiorik, eta horrek ematen didan ausardia puntu horrekin, gozatzera eta jolastera joaten saiatuko naiz. Eta hori ondo ateratzen bada, jokoan ere parte har nezake.

Zer nola prestatu duzu finaleko saioa?

Ez nabil saioa prestatzen, bereziki. Bolada luze bat izan dut udaberritik hona beti errimak eta bertsoak buruan nituela. Iruditzen zait aste bitan ez dagoela hobetzeko aukera handirik. Beraz, orain artekoari eusteko bizpahiru entrenamendu egin ditut bertso eskolan hainbat lagunekin, baina ez ezer espezifikorik finalerako. Gainera, ariketak aurreko faseetako berdinak dira. Mentalizatzeko behar handiagoa dut entrenatzekoa baino.

Xabat Galletebeitia:
“Inoiz baino gogo handiagoa dut
nire arrastoa uzteko”

Finala ezagutzeak lasaitua ematen al du?

Hirugarren finala dut. Lehenengoan sentitu nuen nahikoa zela bertara iristea. Esperimentatzera joan nintzen. Aurrekoan pauso bat gehiago eman nahi izan nuen: nik ere bertsotan hobeto egin eta gusturago sentitu. Eta aurten, lasaiago nago. Finalera pasatzeak berak karga bat kentzea suposatzen dit. Inoiz baino gogo handiagoa dut finalean disfrutatzeko eta nire arrastoa uzteko.

Nola ikusten duzu zure burua?

Finalerdian asko sufritu nuen. Atzean geratzeko arriskua ikusten nuen eta horrek sortzen zidan sufrimendua. Jakin nuen sufrimendu horri buelta eman eta erakusten egindako lanaren zati bat. Gustura nago egindako lanarekin, daukadan jarrerarekin eta finaleko kideekin. Baina jakin badakit norberak egin behar duela hortik aurrerako dena. Eroso sentitzen naiz finalera begira.

Zer nola ari zara prestatzen saioa?

Txapelketa guztia prestatu dudan moduan. Lekeition batzen gara Ander Elortegi, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta laurok. Eta lau horietatik hiruk lortu dugu finalera sailkatzea. Horrek gauzak ondo egin ditugun lasaitasuna ematen digu. Azken ariketaren batzuk ere egin ditugu baina ezer berezirik ez, gure konfiantzazko taldea batzea baino.

Eneko Abasolo:
“Oso zaila da, baina
txapela irabaztera goaz”

Lehenengo finalerako baino urduriago ala lasaiago al zaude?

Oraingoan askoz lasaiago. Finalean sartu nahi nuen, baina ez zen helmuga bat finalera iristea. Izan ere, aurten maila handia egon da eta zail ikusten nuen. Oso pozik nago sartu izanagatik, eta dena ematera joango naiz.

Nola ikusten duzu zure burua?

Maila onean, nire onenean. Hala ere, finala egun bateko gauza da; ez dakit zer gertatuko den, baina gogotsu nago; nire burua fresko ikusten dut, eta bertsotan egiteko gogotsu. Bigarren finala dut; 2010ean egon nintzen lehenengoz. Orduko hura niretzako ezustea izan zen, eta gauzak eginda baleude legez joan nintzen. Oraingoan ez; oraingoan bertsotan egitera eta gozatzera noa. Txapela irabaztea oso zaila da, baina, behin aurkeztuta, irabaztera goaz.

Zer nola ari zara prestatzen saioa?

Orain arte ibili gara astean behin geratzen bertsotan egiteko. Aurreko astea lasaiago hartu genuen, gorputza lasaitzen. Asteon taldetxo bat elkartu gara, ohi bezala; Durangaldeko taldea aritzen gara. Baina batez ere lasai joatea da asmoa. Lasai hartu gauzak eta gozatu; aurreko egunak ere disfrutatu behar dira, horretarako ere badira eta. Azken eguna [gaur] ikusiko dugu zer moduz doan, kontzentratu egin beharko dugu.

Onintza Enbeita:
“Nire burua ondo
ikusten dut, fresko”

Finala ezaguna duzu. Lehenengoan baino urduriago ala lasaiago zaude?

Lehenengoa balitz legez ez, seigarrena da-eta. Orain beste zalantza batzuk sortzen dira: noiz arte egongo zaren tira eta tira; azkena izango ote den, hurrengo baterako indarrik izango duzun… Oraingo zalantzak desberdinak dira. Urduri egon naiz txapelketa osoan, aspaldiko urdurien. Baina betiko antzean nago, apur bat urduriago eta lehenengo finalean baino zaharrago.

Nola ikusten duzu zure burua?

Nire burua ondo ikusten dut, fresko. Finalerdietan ere freskotasun hori erakutsi nuen. Ofizioetan egin nuen plazako saio bat balitz legez eta finalean ere hori lortu nahiko nuke.

Zer nola ari zara prestatzen saioa?

Denok egiten ditugun antzerako gauzak eginez: tarteka elkartu eta elkarrekin konpartitu eta bertsotan egin dugu, eta gero etxean sartu eta albisteak irakurri, errimak errepasatu, neurriak buruan sartu eta ideia bati bueltak eta bueltak eman agortu arte.

Zer izango litzateke Bizkaiko txapela janzten duen lehen emakumea izatea?

Pertsonalki, nire buruari nik egin ez diodan aitortza bat egitea litzateke; eta kolektiboki, orain dela 30 urtetik plazan leku bila ibili diren emakume guzti horiei aitorpen bat.

Miren Amuriza:
“Eguna iristen denean
estutuko naiz”

Aurreko finaletarako zeundena baino lasaiago edo urduriago zaude biharko?

Lasai samar nago. Eguna iristen denean estutuko naiz, eta hori ere komeni da apur bat. Bertan egoteko gogotsu nago. Laugarren finala dut. Urteek tresna gehiago ematen dituzte finalaren ostean datorrena kudeatzeko. Azken bi finaletan ez nuen amaitu oso ondo. Saioaren osteko egoera erlatibizatzen eta gauzei bere lekua ematen ikasi dut.

Nola ikusten duzu zure burua?

Kantatzeko gogotsu nago. Finalaurrekoan ez nintzen geratu sentsazio borobilarekin. Badakit ez dela nire saiorik onena izan. Ordukoa hobetu guran nago.

Zer nola ari zara prestatzen saioa?

Aurten bakarlan asko egin dut. Beste urte batzuetan bertso eskolara joan izan naiz gehiago. Etxean landu dut gehiago, koadernoa eskuan hartu eta betikoa eginez: ideia, errima batzuk, gai posibleak landu…

Zer izango litzateke zuretzat Bizkaiko txapela janzten duen lehen emakumea bihurtzea?

Emakume naizen aldetik azpimarra gehiago jarriko nuke finalean lau emakume egotean, plazetan gero eta leku gehiago hartze horretan. Txapelak ikusgarritasuna ematen du, baina indarra taldean ipinita goaz gu.

Jone Uria:
“Nota ona ateratzeko
asmoz noa”

Lehenengo finalerako baino urduriago al zaude aurten?

Lehenengoan sailkatu izana bera ospatzera zoaz. Beste denetan sailkatzea erronka bat izaten da. Bosgarren finala dut. Nahiko nuke lehenengoan nuen patxadarekin etortzea, baina seguraski ez da izango hala, nire buruari beste lan batzuk jarriko dizkiodalako. Nahiko nuke hori ere nabaritzea: ez natorrela jolasera bakarrik, baizik eta lanera ere bai.

Nola ikusten duzu zure burua?

Ondo; karreran azterketetara joaten nintzen bezala, lanak egin ditudan eta ikasita natorren sentsazioarekin. Egunean bertan ikusiko dugu zer sartzen den azterketan eta zein gorputzaldi daukagun guk, baina nota ona ateratzeko asmoz noa.

Zer nola ari zara prestatzen saioa?

Bertso eskolako kideekin elkartu naiz, saioak egin ditut, eta papera eta boligrafoa hartuta errimei zein gaiei bueltak eman dizkiet, irakurri han-hemen, entzun, eztabaidatu… Gertatzen denari ohi baino adiago ibili naiz, eta bigarren buelta bat ematen.

Zer izango litzateke Bizkaiko txapela janzten duen lehen emakumea izatea?

Poza; egun historikoa izango litzateke. Lehenago ere izan zitekeen eta larunbat honetan ez bada geroago ere izango da. Presarik ez dugu izan behar, etorriko delako laster.