Bilboko Arte Liburu Azoka sormenaren topaleku izango da asteburuan

Bilboko Arte Liburu Azoka sormenaren topaleku izango da asteburuan

Peru Azpillaga Diez

Banizu Nizuke elkarteak antolatu du aurtengo BALA Bilboko Arte Liburu Azokaren seigarren edizioa. Joan den urtean La Granja eraikin historikoa sormenez bete ostean, aurten ere bilbotarrentzat enblematikoa den beste eraikin bat hautatu dute: Calzados La Palma zapata denda zenaren lokala, hain zuzen ere.

Han, asteburu osoan, leku emango zaie formatu konbentzionalez harago doazen edizio formei, bai eta esperimentazioa eta ikerkuntza artistikoa oinarri duten egitasmoei ere. Zazpikaleetako bihotzean kokatutako eraikinean, 50 stand baino gehiago izango dira, hemengo zein nazioarteko liburu, fanzine eta artisten presentziarekin. Denak jardunbide berarekin: autoedizioa. Postuetan, kolektibo horien sormen lan berriak eta material anitz saldu eta erakutsiko dira: besteak beste, produktu bakan ugari, liburu denda arruntetan nekez lortu ahal diren horietakoak.

Gainera, azokari bizitza emateko, asteburu osoko egitaraua osatu du Banizu Nizuke elkarteak. Batetik, egunero hitzaldiak egongo dira argitalpen grafikoen munduan diharduten pertsonekin. Gaur, Enric Jardi diseinatzailea izango da inaugurazioaren ostean. 2009ko Kataluniako Generalitatearen Diseinu Sari Nazionalaren irabazlea liburuen argitaratze prozesuei buruz ariko da. Bihar, Enrique Bordesek hartuko du hitza, arkitekturaren eta komikien inguruan mintzatzeko. Azkenik, igandean, Ana G. Lartitegi irudigileak eta Jose Sotes Euskal Irudigileak elkarteko kideak emango diote amaiera asteburuari. Lartitegik 2015eko Ilustrazioen Euskadi saria irabazi zuen eta hitzik gabeko liburuei buruz arituko da BALA azokan. Aldi berean, gainera, doako kontzertu bat izango da: Lazybone Ramblers.

Horrekin batera, gaurtik hasita iganderaino, ordainpeko ikastaroak ere izango dira azokan, Euskal Herriko zein nazioarteko artisten eskutik. Gaur, Werker Collective talde holandarra argitalpen prozesu kolektiboen inguruan mintzatuko da. Bihar, Nagore Legarretak ontziekin argazkiak egiteko saioa eskainiko du. eta, ostera, Sarcofaga kolonbiako kolektiboak gerrilla serigrafiari buruzko ikastaro bat egingo du. Amaitzeko, igandean umeentzako ikastaro bat izango da, Aran Santamaria artistaren eskutik.