Basauri erdigunea berritzea ekarriko duen akordioa sinatu du udalak Adifekin

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hamar urte baino gehiagoren ondoren, Basauriko Udalak lortu du herriaren erdigunean dagoen Bidebieta, San Fausto eta Pozokoetxe ingurua itxuraldatzeko ezinbesteko zuen urratsa: Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailearen esku dagoen burdinbide multzoa udalaren esku uztea onartzen duen akordioa sinatu dute bi aldeek. Ondorioz, burdinbide multzoak herri erdigunean eragiten duen arrakala ezabatu ahalko du udalak, eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean aurreikusia duen eraberritze plana gauzatu ahalko du: etxebizitzak eta aisiaguneak oinarri dituen proiektua.

Adifenak diren lur horiek desjabetu eta herriaren esku gera daitezen, lau milioi eurotik gora ordainduko ditu udalak: zehazki, 4.037.029 euro gehi BEZa. Horren truke, Pozokoetxeko trenbide multzo zaharrak hartzen duen 14.435 metro koadroko lur eremua eskuratuko du Basauriko Udalak. Hor, alokairuan dauden bi etxebizitza ere udalaren esku geratuko dira, eta lurrazalean dagoen eta eraikitzeko baliagarria den 9.663 metro koadroko eremua ere bai.

Bidebietako tren geltokian eraikin berri bat ere egingo du Adifek, udalak emango dizkion lau milioi euroen truke. Hain zuzen, Bilbo eta Urduña lotzen dituen C-3 aldirietako lineak Basauriko Bidebietan duen geltokia erabat eraberrituko du. Bi aldeek hitzarmenean idatzia utzi dutenez, irisgarritasuna eta funtzionaltasuna nabarmen hobetuko ditu geltoki berriak, eta hirigune berrituan erabat integratuta egongo da. Izan ere, San Fausto plaza estaltzen duen harlauzaren luzapena izango den eremuan eraikiko da. Luzapen hori udalak ordaindu beharko du.

Horrekin guztiarekin, eremu oso bat herriarentzat berreskuratuko dela nabarmendu dute sinatzaileek. Burdin multzoa besterik ez zegoen eremuan etxebizitzak, aparkalekuak eta berdeguneak sortuko direla, herritarren erabilgarri.

Bide luze eta korapilatsua

Bide luzea egin du egitasmoak, 2008an onetsitako HAPOn baitu jatorria. Basauriko Udalak 2016an aurkeztu zuen proiektua, baina gorabehera asko izan ditu martxan jartzen saiatu denetik. Oposizioaren babesik ez-eta, herri galdeketa bidez saiatu zen proiektuarentzako babesa lortzen udala. Iazko irailerako iragarri zuen lehen galdeketa, baina Espainiako Estatuko Abokatutzak galdeketa eteteko eskatu, eta bertan behera uzteko agindu zuen Bilboko epaitegiak. Bigarren saialdian, galdeketa egiteko baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari. Lortu zuen baimena, eta iazko abenduan egin zuen galdeketa. Baina udalak ez zuen esperotako erantzuna lortu. Galdeketa baliagarri izateko herritarren %20k parte hartzea behar zuen, gutxienez, eta ez zuen lortu.

Hartara, planaren alor batzuk aldatu, eta oposizioan eskuratu du proiektuak aurrera egiteko gutxieneko babesa. Adifekin ere aurten lortu du akordioa. Ekainean ados paratu ziren, eta orain, sinadura ofizialak bermatu du egitasmoa. Lanak hasten direnetik, hamar-hamabost urte beharko dira erabat amaitzerako.