Abian da andrazkoen larru paletako I. Bizkaia torneoa

Abian da andrazkoen larru paletako I. Bizkaia torneoa

Peru Azpillaga Diez

Pixkanaka bada ere, euren tokia bereganatu, amateur izateari utzi, eta profesional izateko bidean jarriak dira emakumezko pilotariak. Joan den hilabetean, adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik, andrazkoen Bizkaiko lehenengo esku pilota torneoa jokatu zen. Bertan, pilotariak, estreinako aldiz, lan kontratu profesional batekin aritu ziren. Esku pilotan hartutako bideari jarraituz, eredu berari heldu diote, orain, larru paletan: modalitate horretako Andrazkoen I. Bizkaia Torneoa abiatu berri da. Sei bikote murgildu dira txapela lortzeko lehian, eta bi multzotan banatuta arituko dira. A multzoan, Olatz Arrizabalaga-Leire Etxaniz, Amaia Araiztegi-Maider Mendizabal eta Ane Ibañez-Laura Saez bikoteak izango dira. B multzoan, Amaia Irazustabarrena-Maider Huizi, Miren Larrarte-Itsaso Erasun eta Nagore Martin-Maria Saez.

Torneoa Bizkaia frontoian jokatuko da, eta zazpi partida izango ditu guztira, hiru jardunalditan. Saio bakoitzean multzo bakoitzeko partida bat jokatuko da. Irabazleak bi puntu jasoko ditu, eta galtzaileak, bakarra. Partida bakoitzak zortzi tantoko bost joko izango ditu, eta bost joko horietan nagusitzen dena izango da irabazlea. Multzo bakoitzean puntu gehien lortzen duen bikotea abenduaren 29ko finalera igaroko da. Azken partida hori, gainera, ETB1ek emango du, zuzenean.

Gaur, bigarren jardunaldia

Arrizabalagak eta Etxanizek ez dute ondo hasi txapelketa. Bizkaiko bikoteak joan zen larunbatean jokatu zen jardunaldiko estreinako partidan zortzi tantoko hiru set jokatu, eta hirurak galdu zituen. Egoerari buelta emateko aukera izango dute gaur, 11:00etan jokatuko duten bigarren partidan. Bertan, Ibañez eta Saezen aurka arituko dira. Martin eta Saez, berriz, Larrarteren eta Erasunen aurka lehiatuko dira. Azken horiek ere irabazteko beharra dute, lehenengo jardunaldian Irazustabarrena-Huizi bikotearen aurka galdu egin baitzuten.

Datorren asteburuan erabakiko dira abenduaren 29ko finalistak. A multzoan, Ibañezek eta Saezek Araiztegiren eta Mendizabalen aurka jokatuko dute, eta B multzoan, Irazustabarrena eta Huizi Martinen eta Saezen aurka.

Espinar eta Aldai nagusi, Master Cupen
Bizkaira eraman dituzte Lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako lehen eta promozio mailetako txapelak. Patri Espinar usansolotarrak (lehenengoa eskumatik) eskuratu du lehenengoa, eta Amaia Aldai dimoztarrak (bigarrena eskumatik), bigarrena. Asteburuan jokatu zen finala, Azkoitiako (Gipuzkoa) Gurea pilotalekuan. Aise gailendu ziren Espinar eta Aldai, aurkariekiko alde handiekin.