“Jakintza da istripuak saihesteko biderik eraginkorrena”

Peru Azpillaga Diez

Formakuntza eskola berri bat irekiko du Bizkaiko Mendizale Federazioak Arratiako Ubide herrian. Hutsik zegoen aterpe bat baliatuz, klubak indartzeko eta jakintza teknikoak irakasteko erabili nahi dute eskola. Pozik mintzatu da Victor Vivar (Malaga, Espainia, 1951) Bizkaiko Mendizale Federazioko presidentea eskolaren inguruan, eta, toki txikia bada ere, ziur da kokalekuari eta inguruko baliabideei esker etekin handia aterako diotela. Besteak beste, federazioak saio teknikoak eta praktikoak eskainiko dituela aurreratu du, eta umeentzako udalekuak egitea ere proposatu du.

Zein da eskola berriak federazioaren formakuntzari egingo dion ekarpena?

Normalean, Miribillako egoitzan [Bilbon] egiten dira formakuntza saioak. Eskola berriarekin, zerbait bereziagoa eskaintzeko aukera izango dugu: elkarbizitza, ingurune naturala… Bi norabide izango ditu. Batetik, federaziotik ikastaro zehatzak eskainiko ditugu, teknikoak eta mendiko pertsonaia garrantzitsuen presentziarekin. Adibidez, egitasmoa martxan jartzeko, Silvia Trigueros kirolariarekin batera, emakumeentzako mendi lasterketei buruzko ikastaro bat egingo dugu.

Eta bestetik?

Bestetik, Bizkaiko kluben esku egongo den espazio bat izatea nahi dugu, haien eskaintza propioa egiteko balia dezaten eskola. Proiektuaren atzean dagoen ideia nagusietako bat klubak indartzea da. Udan, gainera, umeentzako udalekuak antolatu nahi ditugu, tokia txikia den arren, larre zabalak daudelako inguruan eta gauza asko egiteko balia daitezkeelako.

Zenbaterainoko garrantzia du formakuntzak mendian?

Mendira joandakoan, jendeak argi izan behar du nora eta nola doan. Ez da soilik sasoi kontua. Federazioaren eremuan, oro har, oso erreskate gutxi izaten dira. Dena dela, jendeak bere kabuz maneiatzeko gai izan behar du, baliabideak izan behar ditu egoera eta arrisku desberdinei aurre egiteko. Ogibideak ez dira bi egunetan ikasten, eta mendian berdin gertatzen da; hor klubek egiten duten lana ezinbestekoa da.

Hortaz, mendian beti dago arriskua, ezta?

Hori da. Beti dago presente, eta ezin da guztiz desagerrarazi. Hala ere, soilik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, asteburuero, 60.000 pertsona joaten dira mendira, eta istripuen portzentajea oso txikia da. Jendea ondo prestatuta doa normalean, eta hori da indartu nahi duguna: jakintza da istripuak saihesteko biderik eraginkorrena. Zenbait ezaugarri menperatzen badituzu, asko murrizten da arriskua.

Zer-nolako egoeran dago, gaur egun, Bizkaiko Mendizale Federazioa?

11.000 federatu inguru ditugu aurten. Gorabeherak izan ohi dira, baina ondo ari gara lanean, eta kopuru polita da. Pozik gaude. Egoera iraultzen ari gara, pixkanaka. Hori da eskola berriaren helburuetako bat. Klubekin konektatu nahi dugu, eta harreman sendoa izan gure artean. Egin behar duten lana egiteko aitzakiak ematea da gure asmoa. Klubak dira Bizkaiko Mendizale Federazioaren oinarria, guztiok gara boluntarioak. Gaur egun, Bizkaian 110 klub daude, eta horietako askok ez dute funtzionatzen; horri aurre egin behar diogu.

Zergatik gertatzen da hori?

Batzuetan, gehiegi sortzen dira. Bilbon, adibidez, 26 daude; hori ez da erreala, ez dagoelako horiek kudeatzeko gaitasunik, ez eta boluntario nahikorik. Belaunaldi arazo bat ere badago. Klubetan dabilen jende gehiena nire adinekoa da, eta hori aldatu egin behar dugu: jende gaztea erakartzea da helburuetako bat orain.

Zer-nolako eskaintza egiten dute klubek?

Klubak dira mendiaren munduan murgildu eta jakin beharreko guztia ikasteko tokirik aproposena. Besteekin batera ikasteko aukera ematen dute, tokiak ezagutzekoa eta taldeko irtenaldiak egitekoa. Oinarrizkoak dira; haiek gabe, federazioaren egiturak ez du zentzurik. Mendiko giroaren euskarri nagusia dira klubak: parte hartzen dute, ardurak hartzen dituzte, jakintzak banatzen dituzte elkarren artean, ekintzak antolatzen dituzte, mendi irtenaldiak…

Egungo gizarteari begira, zein da Bizkaiko Mendizale Federazioak duen erronka nagusia?

Gaur egun, jendea ez da federazioarekin identifikatuta sentitzen. Oro har, aseguru bat lortzeko federatzen dira. Ez dakite zer den federazioak eskaini ahal diena, ez eta zer gauzatan parte har dezaketen ere. Horregatik, benetako eskaintza bat egin nahi diegu federatuei: asegurua baino askoz gehiago garela erakutsi eta egiten dugun guztia mahai gainean jarri. Horretarako erarik onena formakuntza delakoan gaude. Horren aldeko apustua egin dugu maila guztietan.

Etorkizunera begira, zer beste proiektu ditu federazioak?

Eskaladari lotutako proiektu bat aurkeztu berri diogu diputazioari. Bost urtekoa. Bizkaiko eskaladako eremu guztia berriro hornitzea da helburua: denborarekin materiala hondatzen da, eta zenbait araudi aldatu egin dira. Hortaz, egun dauden ekipamenduak berrikustea eta mantentze lanak egitea proposatu diegu, segurtasuna bermatzeko. Horretaz gain, mendiko bideekin ari gara lanean. Diputazioak gure ardurapean uzten ditu mantentze lanak. Aurten, gainera, liga bat sortu dugu mendi bideak sustatzeko. Klub bakoitzak irtenaldi bat antolatu du, eta mila pertsona inguruk hartu dute parte. Horrekin, bide horien ezagutza sustatu nahi dugu. Bide erraz eta seguruak izan ohi dira, familia guztiarekin egiteko modukoak. Hurrengo urtera begira, berriz egingo dugu dinamika, eta egutegia erdi itxita dago jada.