Erronka eta arriskuei helduta

Erronka eta arriskuei helduta

Natalia Salazar Orbe

Haitz bizigabea bizipen amaigabeen sortzaile. Mundu osoko zaleak erakartzen ditu mendiak eragiten duen lilurak. Sariak eta zigorrak ditu ausardia horrek. Denetariko uzta dakar: irudi ikusgarriak, erronkak, arriskuak eta adrenalinaren gorakada, natura bare eta ikusgarria zein bortitz eta beldurgarria, gizakiaren hobetze nahia… Eta zergatik lilura hori? Ez da erantzun bakarreko galdera bat.The Dawn Wall filma saiatuko da horixe argitzen, Tommy Caldwell protagonistaren bidez. Bilbo Mendi Film Festival jaialdiko sail ofiziala zabalduko du film horrek, gaur, Euskalduna jauregiko auditorium nagusian. Nazioarteko mendiko zinemaldia abiatzear da.

Jaialdiaren muinari errotik heltzen dion filma aurkeztuko dute Caldwellek eta Peter Mortimer zuzendariak. Muturreko egoera bat bizi izan ostean, barruan sortu zitzaion ezinegona baretu nahian-edo, betidanik izan zuen ametsa eta erronka betetzeari ekin zion The Dawn Wall-eko protagonistak: AEBetako Yosemite parkeko El Capitan haitz bertikalera igotzea. Helburuei eustearen eta obsesioaren arteko muga non dagoen jarriko du mahai gainean filmak.

19:30ean proiektatuko dute lan hori. Hortik aurrera, abenduaren 16ra arte, mendi zinemagintzarik onenaren lagin zabala eramango du jaialdiak hiriburura.

55 filmek osatuko dute Bilbo Mendi Film Festival-eko sail ofiziala, baina denera 58 lan jarriko dituzte ikusgai aurten: bi, lehiaz kanpo proiektatuko dituzte Zabalandi atal berrian, eta Mendi Short film labur amateurren lehiaketako irabazlea ere aurkeztuko dute.

Antolatzaileek lan gogorra izan dute jaso dituzten 158 lanetatik 55 hautatzeko. Bost kontinenteetako filmak iritsi zaizkie; orain arteko kopururik eta bidalketa jatorririk handiena eta zabalena izan dela aitortu dute.

Euskal Herriko lau film ere izango dira horien artean: Tor, Pastoreak, Marierrauskin eta Bayandalai-Lord of the Taiga. Jaialdian ikusi ahalko diren kontakizun anitzen lagina erakusten dute horiek ere. Inguru ikusgarriak, muturreko erronkak, barne borrokak zein bizitza eredu jakinen hausnarketa sakonak. Mendia, abentura, natura, etnografia… Interpretazio eta planteamendu ugarik bat egingo dute bateko eta besteko aretoetan. Eskaintza guzti hori BBK aretoan eta Golem Alhondiga zinema aretoetan ikusi ahalko da, hamar egunetan.

Mendi zinemagintzako zuzendari ospetsuen lanak jaso dituzte jaialdiko karteldegian. Eta horietako batzuk Bilbon izango dira, euren filmak aurkeztu eta horiei buruz eztabaidatu ahal izateko. Besteak beste, Michael Brown, Arunas Matelis, Lukasz Borowski eta Lara Izagirre izango dira Bilbon. Lan horietako protagonista batzuk ere gerturatuko dira.

Barrutik kontatutako istorioak iritsiko dira Bilboko aretoetara. Baita batzuek eta besteek abiatutako abenturetan aurkitu dituzten herritarren egunerokoak ere. Gizarte eredu eta ohitura anitzen agertoki bihurtuko da jaialdia; egokitu zaien bizitzaren aurrean gauzatutako bizimodu eta egiteko eren lagin zabal baten agertoki.

This Mountain Life da lan horietako bat. Emakume bat eta 60 urteko haren ama ditu protagonista. Sei hilabeteko zeharkaldia abiatuko dute Kanadako mendi arriskutsuetan barrena. Paraje ikusgarrien lekuko izateaz gain, izaera indartsuko hainbat pertsona ere ezagutuko dituzte bidean. Hala, mendietan barrena egindako ibilbideak pertsonen bizitzetan barrena egindako ibilbideekin uztartuta aurkeztuko dituzte.

Gertuagoko istorioetan, artzaintzaren bilakaera aztertuko du Pastoreak dokumentalak. Euskal Herrian antzinatik errotuta egon den lanbidea artzainik gabe geratzen hasia da aspaldi. Puy Arrietak eta Jon Etxeberriak osatutako familiaren egunerokoa erakusten du dokumentalak. Artzainen bizitzan erabat murgilduta egonik, XXI. mendean ogibide horretan aritzeak zer esan nahi duen ikusaraziko dute. Bizitza eredu jakin horrek gizartearen bilakaerari buruz hausnartzeko ildoak ere ezarriko ditu.

Hitzaldiak eta erakusketak

Filmen emanaldiez gain, mendiarekin lotutako hainbat gairi buruzko hitzaldiak ere izango dira aurtengo jaialdian. Gai horietako bakoitzean, adituak eta arituak diren profesionalek euren esperientziak kontatuko dizkiete ikus-entzuleei. Besteak beste, Alberto Iñurrategi mendizalea eta Jim Herrington argazkilaria gonbidatu dituzte.

Eta 11. jaialdi honetarako, hiru erakusketa ere antolatu dituzte. Euskal Museoan jarri dituzte ikusgai bi: Everest: herri oso bat gailurrean komiki liburua nola egin den aurkezten duen erakusketa, eta Mendi bete diru. Zabalguneko Mendi BCn, berriz, Jim Herringtonen The Climbers argazki erakusketa ikus daiteke.

Dozena bat kategoriatarako sariak aurreikusi dituzte antolatzaileek. Kategoria horietako filmik onenei dirutan emango dizkieten sariez gain, Iñigo Aristegi artistak sortu duen garaikur berria ere eskuratuko dute: eguzkilore berritua, babesaren eta iraganeko aztarnek eskaintzen duten laguntzaren arteko sinbiosia irudikatzen duen ikurra.