Ehun urteko lanari gorazarre

Ehun urteko lanari gorazarre

Natalia Salazar Orbe

Euskara batuaren 50. urteurrena presente egon da urte osoan. Hainbat iritzi eta artikuluk jaso dituzte hizkuntza estandarizatzeko beharrari eta prozesuari berari buruzko hausnarketak. Denek utzi dute agerian hizkuntza bateratzeak izan zuen garrantzia. Euskaltzaindia euskararen akademiari lan hori aitortu dio orain Bizkaiko Foru Aldundiak, Ohorezko Lauaxeta sariarekin. Astelehenean egin zuten ekitaldia, eta Andres Urrutia akademiako buruak jaso zuen saria.

Hizkuntzaren estandarizazio prozesuan Euskaltzaindia “giltzarria” izan dela nabarmendu zuen ekitaldian Unai Rementeria ahaldun nagusiak. “Euskara biltzen, normalizatzen eta modernizatzen egindako lana izugarria izan da. Eta ezinbestekoa”. Euskalkiak “altxorrak” izanik, “eredu bateratuaren beharra” aipatu zuen. “Hizkuntza zenbat eta garatuago eta arautuago egon, orduan eta errazago ikasteko eta erabiltzeko. Ohorezko Lauaxeta sari honek hori guztia lortzeko egindako lana eskertu nahi dio ehun urte bete dituen gure akademiari”. Andres Urrutiak, berriz, ekitaldia Euskaraldiaren azken egunean egin izana baliatu zuen gogorarazteko egitasmo hori bukatzean iristen dela unerik garrantzitsuena.

Euskara eta euskal kultura sustatu, zabaldu eta normalizatzeko ahalegin berezia egiten duten norbanakoei, taldeei eta erakundeei aitortza egin nahi diete Lauaxeta sariek. Ohorezko sariaz gain, Poesiaren eta Ikus-entzunezkoen ataletako sariak ere eman zituzten astelehenean. 35 urtetik gorakoen Poesia saria Luis Garde Iriartek eskuratu du. Adin horretatik beherakoen kategorian, berriz, Martin Bidaur nagusitu da. Azkenik, ikus-entzuneko lanetan Josu Martinez Martinezen lana saritu dute.

Martinezek Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala ondu du. “Lezo Urreiztietaren begietatik epika, intriga, drama eta umorea” uztartzen dituen lan gisa definitu du epaimahaiak.

Barbaroak baratzean poema-bilduma saritu diote Garderi. “Muga iradokitzen duten irudien inguruan antolatu du poesia. Muga horrek ereferentzia zehatza du: Mendebalde aberatsaren inguruan eraikitzen saiatu den muga, kanpokoek bertaratzerik izan ez dezaten”. Azkenik, Bidaurri “poeta gazte batek, pultsu ondratuz, gauzak eder bezain gordin esateko trebetasuna” aitortu diote.

Literatur sariak, Bilbon

Durangoko Azokaren atarian eman zituen aldundiak Lauaxeta sariak. Beste horrenbeste egin du Bilboko Udalak ere. Saiakerako Miguel Unamuno, poesiako Blas Otero eta ipuingintzako Gabriel Aresti lehiaketen sariak banatu dituzte asteon. Euskarazko eta gaztelerazko lanak saritzen dituzte hiruretan.

XI. Blas Otero poesia lehiaketan, euskarazko atalean Barakaldoko Paula Rodriguez Miñambres saritu dute, Oroimenaren xaflakortasunaz lanagatik. Gaztelerazko irabazlea Madrilgo (Espainia) Angela Alvarez izan da.

XIV. Miguel Unamuno saiakera lehiaketari dagokionez, Galo Martinez de la Pera idazle eta filosofo arabarraren lana nagusitu da euskarazkoen artean. Hirutasun santuaren misterioa edo Paulok egindako faltsutze eta lapurtzeak kristautasuna sortzeko idatzi zuen. Gaztelerazko atalean, Ivan Olano Duqueren El sueño de la especie. Siete ensayos al borde del abismo saritu dute.

Azkenik, 35. Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren sari nagusia Gilen Mejuto Garciak eskuratu du euskaraz, Mutxikina eta zuztarra lanarekin. Gaztelerazkoa, berriz, Marcelo Britos argentinarrak, Vienen kontakizunagatik.