Barakaldoko Trueba institutua itxiarazi egin dute, eraisteko

Barakaldoko Trueba institutua itxiarazi egin dute, eraisteko

Natalia Salazar Orbe

Ezusteko izugarria hartu zuten asteartean Barakaldoko Antonio Trueba institutuko ikasleek eta haien familiek. Ikastetxeko zuzendaritzak jakinarazi zien hurrengo egunean ezin izango zirela itzuli ikastetxe horretara. Eraikina eraitsi egin behar dute, eta berria egin. Hango 408 ikasleak Bilboko Artazu Goikoa ikastetxera joango dira astelehenean.

Eusko Jaurlaritzak urte hasieran hasi zituen 2014-2018ko aldirako Hezkuntza Azpiegituren Planean jasota zeuden lanak, eraikina handitzeko. Hala azaldu zuten prentsaurrekoan, asteartean bertan, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Amaia del Campo Barakaldoko alkateak. Haien arabera, berriki jaso duten txosten tekniko batek agerian utzi du eraikinak kalteak dituela egituran bertan, eta hori eraistea gomendatu du. Hori dela eta, asteazkenaz geroztik hutsik dago 53 urte zabalik egin dituen Antonio Trueba institutua.

Bilboko Artazu Goikoa ikastetxera joateko, autobus zerbitzua jarri du Hezkuntza Sailak. 08:20an abiatuko da Barakaldoko Labe Garaiak etorbidetik. Aurreikusitakoaren arabera, Barakaldoko ikasleek Gabonetako oporretara arte egin beharko dute Bilborako joan-etorria. Urtarriletik aurrera, berriz, ikasleok ikasketak herriko Minas eraikinean jarraitzea nahi du administrazioak.

Oraingoz, ez dute aurreratu noiz bukatuko dituzten eraikin berria egiteko lanak. Hala ere, gutxienez hiruzpalau urte beharko direla uste du sailburuordeak.

“Premiazko neurriak”

Erabakiak ezustean harrapatu ditu ikasleak, familiak eta irakasleak. Amaia del Campo alkateak azaldu du zergatik hartu dituzten halako erabaki muturrekoak: “Ezusteko egoera bat gertatu da, eta premiazko neurriak hartzera behartu gaitu”.

EH Bilduk, berriz, eskandalutzat jo du asteartean institutua hustu eta ixteko premiazko agindua eman behar izana, instalazioek ez dituztelako segurtasun baldintzak betetzen. Hala, Rebeka Ubera legebiltzarkideak iragarri du azalpenak eskatuko dizkiola Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari Legebiltzarreko hurrengo kontrol saioan. Haren esanetan, hezkuntza komunitatea hamar urtez egon da zain eraikina berritzeko. Horrez gain, ez-legezko proposamena erregistratu du, Jaurlaritzak Barakaldoren eskola mapa azter dezan eta herriaren beharren araberako plan egoki bat egin dezan, “kalitatezko hezkuntza bermatze aldera”.

Alkartukoak ere, Minasen

Del Camporen ustez, Minas eraikina “lekurik onena” da Antonio Trueba institutuko ikasleak hartzeko. Argitu du erabaki horrek ez duela baldintzatuko Alkartu ikastolako ikasleak ere han hartzeko erabakia.

Izan ere, abiatzear dira ikastola hori handitzeko lanak ere. Eta prozesu horrek polemika piztu du. Udalak, besteak beste, gela gehiago eta jantoki bat hartuko dituen beste eraikin bat egiteko tramiteak hasi ditu, EAJ, PSE-EE eta PPren babesarekin. EH Bilduk eta Irabazik, berriz, oposiziotik, salatu dute Juan Ignacio Gorostizak egin zuen eraikin historikoaren zati bat eraitsiko dutela lan horiek egiteko. Hori saihesteko, EH Bilduk arauz besteko proposamena aurkeztu zuen Bizkaiko Batzar Nagusietan joan den astean, Euskara eta Kultura Batzordean eztabaidatzeko. Han, Jaurlaritzari eskatu diote eraikina ondare babestu izendatzeko espedientea abia dezan. Bestalde, aldundiak udalak egingo dituen lanak geldiarazteko prozesua abia dezan nahi du koalizioak.

Jon Andoni Uria Barakaldoko Hirigintza zinegotziak argitu du ez dutela eraitsiko ikastolaren eraikinaren atzeko fatxada. Gogora ekarri duenez, urrian osoko bilkurak herriko babes katalogoa moldatzea erabaki zuen, Eusko Jaurlaritzak eraikineko lanak egiteko tramiteak hasi ahal izateko. Eraikin historikoari eraso egingo diotela gezurtatu du. Haren arabera, beiraz hornitutako eraikina aurreikusi du proiektuak. Eraikin berri hori Alkartu ikastolaren atzeko fatxadara lotuko dute bi puntutan. “Ez da kalterik gertatuko eraikinaren ezaugarrietan. Izan ere, atzeko fatxadaren bi gune zehatzetan besterik ez du eragingo. Hain zuzen, egungo eraikina handitzeko konexioa egiten den lekuan”.

Barakaldon antzemandako kalteek ondorioak izango dituzte. Antonio Trueba institutua dagoen eraikinaren egituran aurkitu dituzten gabeziak direla eta, Hezkuntza Sailak iragarri du azterketa sakonak egingo dituela esku hartzerik izan ez duten hezkuntzako eraikinik zaharrenetan.