Alberto Uribe-Etxebarria: Zazpi urteko esperientzia

Alberto Uribe-Etxebarria: Zazpi urteko esperientzia

P. Azpillaga

Alberto Uribe-Etxebarriak (Bilbo, 1959) hautagai izateko egindako ibilbidea ere, ez da guztiz lausoa izan. Urrutiak hauteskundeetara aurkeztuko ez zela jakinarazi ostean, hedabide guztiek ziurtzat ematen zuten bere zuzendaritza batzordeko pertsonaren bat aurkeztuko zela. Hainbat aukera zeuden. Alde batetik, Javier Aldazabal, Kutxabank-eko kidea, unibertsitate irakaslea eta profil euskaldunekoa. Bestetik, Jose Angel Corres, estrukturalagoa, Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea eta EAJko kidea. Eta azkenik, publiko handiari begira profil apalagoa zuen Alberto Uribe-Etxebarria bera, zazpi urtez Athleticeko kudeatzaile moduan lan handia egindakoa eta Deloitte enpresan ibilitakoa.

Uribe-Etxebarriak Gogoaren Indarra lelopean aurkeztu du bere hautagaitza, eta aurreko zuzendaritza batzordeko kide denez, ez du abalik jarri behar. Bere hautagaitzaren parte izango diren hamahiru kide aurkeztu ditu jada. Horietatik hamar, bera bezala, Urrutiaren zuzendaritza batzordean aritutakoak dira. Hiru kide berrien artean, azpimarragarria da Mario Fernandez Elejalderen presentzia, askoren ustez presidentetzarako hautagai posiblea zelako. Horretaz gain, taldera beste lau edo sei kide gehitzea aurreikusten du. Uribe-Etxebarriak argi utzi du ez dela “Urrutia bezalakoa” eta, hautagai kontinuista modura jotzen duten arren, kontsentsuzko talde zabala osatzea duela helburu nabarmendu du: “Ekonomikoan soilik gara kontinuistak, ez dugu marra gorririk ezarri eta ez dut ezer baztertzen”.