Rutinaren morroi

Igor Elordui Etxebarria

Hertzainak taldearen Aitormena kantak dioen legez, denbora aurrera etengabean. Bihar sartuko gara abenduan; hor ditugu Gabonak, ate-joka. Begi-bistan ditugu, honezkero, saltokietan eskaintzak, kaleetan apaingarri eta argiztapenak eta telebistan iragarkiak… Pentsatzen dut aurten uxual-marka baten spotak emango duela zeresana. Ez dut, egia esan, telebistan ikusi, baizik eta WhatsApp bidez. Lagun batek bota du, polita dela esanez eta ikusteko, merezi duela, zer pentsatua ematen duela e.a.

Hori anuntziori lau minutuko bideo bat da. Bertan gutxi elkar ikusten duten lagunak agertzen dira, batera zein gutxi egoten diren komentatzen eta zer dela-eta horrela den berbaz. Horri buruz hausnartzea da, agidanean, bideoaren helburua (Gabonetan uxual marka hori erostera bultzatzeko asmo ez hain altruistaz gain, jakina). Eta ustezko sakoneko mezua? Ba, mugikorra begiratzeari utzi eta joan zaitez lagunekin.

Sortu da Whatsapp-taldean eztabaida, iragarkiaren aldeko eta kontrakoen artean. Polita eta hunkigarria denik ezin uka, baina, hasteko, kuriosoa da, behinik behin, bideoa heldu izana heldu den bezala. Eta lagunekin ez egotearen erru osoa sakelakoari begira gauden denborari botatzea, ez dakit ba nik… Beste morrontza batzuk ere badaude. Zenbat denbora ematen dugu lanean? Zenbat telebista aurrean?

Interneten kuxkuxean ibili naiz (badakizue denetariko ikerketa eta estatistikak daudela egun) eta, halako sasi-azterketa bat aintzat hartuta, bizitzan, adin handira heldutakoan, hauetan egitekoetan ematen dugu egun/hilabete/urte gehien, hurrenez hurren: lotan 25 urte, lanean 10 urte, telebista ikusten 9 urte, jaten 3 urte eta erdi, bazkaltzen bi urte eta erdi, dutxan urte eta erdi, garbitzen urtebete pasatxo, auto-ilaretan hiru hilabete, komun-ontzian 92 egun, txortan 48 egun eta musuka 14 egun. Mugikorrarekin ematen dugun denboraren berri ez du ematen, baina, horiek horrela, argi dago lagunekin eta familiarekin egoteko denbora-tartea nondik atera beharko genukeen, bai eta beste eginkizun atsegingarri batzuetarako ere; ez ala?

Aipatu iragarkira itzulita, tranpatxoa ere egiten du: elkartzen dituen lagun gehienak bata bestearengandik urrun antzean bizi dira. Eta egia da WhatsApp-taldeko lagun batek esan zuena; alegia, bera orain ehunka kilometrora bizi diren lagunekin eta senitartekoekin ari dela, lehenago sekula ez bezala, hartu-emanean.

Bestela da, eta hor dago koxka, nire ustez, mugikorra eskuan egiten dugunean pelikula bat ikusi, musika entzun, hitzaldi bat aditu, jan, kaka, lagunekin egon…

Edo, zertan ari garen eta zein ondo pasatzen ari garen erakutsi beharraren beharraz, mementoaz guztiz ez gozatzeaz gain, denak gogaitzen ditugunean Facebooken, Instagramen, Twitterren eta Whatsappen ibilita. Imajinatzen dut, gauza guztietan bezala, neurria dela gakoa, baina, azken batean, gizaki hutsak gara.