Lan trebea gutizia ontzietan

Natalia Salazar Orbe

Hasi nintzenean, aldagelarik ere ez genuen. Ormaza enpresan iltze bat genuen arropak aldatu eta han eskegitzeko. Botak, mantala… Den-dena eraman behar genuen guk etxetik”. Aintzane Larrabaster Mendiguren Bermeoko Salicako langilearen berbak dira. Hogei urte daramatza kontserba enpresetan lanean. Eta hala gogoratu ditu bere hastapenak. Gaur egun, bestelako irudia eta baldintzak dituzte era horretako enpresek. Salican ari da lanean bera: “Enpresa handienetakoa da, eta hoberen antolatuta dagoena. Protokoloei jarraitzen diete, eta beste leku batzuetan ez dituzten jarduteko moduak dituzte bertan”. Baina azaldu du hobetu beharreko gauza asko daudela sektorean oraindik.

Eskuz egin beharreko lan astunak desagertu egin dira ia; makinek hartu dute langileen eskulanaren zati handi bat. Lehiakortasuna bermatzeko nahitaezko premisa da. Hala azaldu du Joseba Leniz enpresa bereko Operazio zuzendariak. “Automatizatuta egoteak ez du esan nahi jende gutxiago egon behar dela lanean. Zenbat eta efizienteago izan, merkatura merkeago atera ditzakegu produktuak. Eta, merkeago ateraz gero, eskari handiagoa izango dugu. Hala, jende gehiago beharko dugu. Soilik artisau lana eginda, langile asko izango dugu, baina gutxiago salduko dugu. Oreka bilatu behar da, produktua ez garestitzeko”. Oreka hori bilatu guran lanean ari dira Bermeoko kontserba enpresan. “Erosoago badaude, lan gehiago egingo dute langileek. Hobetzen ari gara apurka. Horretarako inbertsio asko egin dugu”.

Enpresa horietan egindako kontserba lata edo poto bat zabaldu eta itsasoko gutiziak dastatu aurretik, ikusten ez den lan handi bat dago atzean. Langileek eurek aitortzen dute baldintzak asko hobetu direla. Esfortzu fisiko handiko lanak ziren arraina tratatzekoak. Orain, bestelako zailtasunak dituzte bereziki emakumeena den sektore horretan. Izan ere, historikoki gertatu den bezala, gaur egun ere emakumeak dira produkzio katean ari diren langile gehienak. Lenizek ekarri du gogora: “Antzina, gizonak itsasora joaten ziren, eta emakumeak, lantegietara, arrantzatutako arraina lantzera. Gaur egun, ia ez dago baxurako itsasontzirik Bermeon, eta jende gutxi joaten da itsasora. Gurearen moduko lantegietakoa beste edozein lantegitako lanen modukoa bihurtu da, beraz”. Hala ere, aitortu du emakumeak direla gehiengoa.

Hain zuzen, mila langile inguru ari dira, urte osoan, sektore horretan lanean Bizkaian. Horietatik %92 dira emakumeak. Bermeon ez ezik, Ondarroako, Berriatuko, Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Mundakako enpresetan egiten dute lan.

Makinek esfortzu fisiko gogorra murriztu diete langileei. Bego Arenazak azaldu du nola aldatu den egoera. Berrogei urte bete ditu lanean enpresan. “Antzina, dena izaten zen eskuz egitekoa. Mozteko xafla horiekin ebakitzen genuen arraina. Gaur egun, makina automatikoz ebakitzen da”. Eta, horren antzera, prozesuaren zati handi batera hedatu dituzte makinak. Ikusgarria da latak zintan barrena doazela makinak bat-batean arrainez betetzen dituela ikustea. Handik gutxira olioz betetzeko eremutik pasatu, tapa jarri eta hutsean nola ontziratzen duten ikustea. Segundo gutxi batzuetan prest daude latak, denak ezarritako arrain eta olio kopuru berez beteta.

Arenaza potoak edo ontziak betetzen dituzten sailean ari da beharrean. Eta aldea nabari du. “Antzina, indarra erabiltzen genuen. Gaur egun, erosoago gaude lanean, baina abiadura eskatzen da”. Langile bakoitzaren produkzioa neurtu egiten dute. Hala ere, Salican behintzat, horrek ez dakar alderik soldatetan, eta ez dute saritzen gehiago ekoizten duena. Aldea da azkarrago lan egiten dutenak arraina potoetan sartzen aritzen direla. Astiroago ari direnak, mozketa lanetan jarduten dira. Azken atal horretan, zutik egiten dute lan.

Amaia Roman ere sail horretan ari da lanean. Hamasei urte daramatza berak Salican lanean. Potoak betetzen aritzen da. “Emakume askok nik baino askoz urte gehiago daramatzate lanean, ni baino nagusiagoak dira, ni baino geldoago egiten dute lan, eta zortzi ordu egin behar dituzte zutik”.

Larrabasterrek azaldu du prebentzioari dagokionez irizpide hori aldatu guran dabiltzala. Bera eta Roman ordezkari sindikalak dira LAB sindikatutik. “Errotazioa prebentzioa dela esaten dugu guk. Sail horretan potoak bete eta ontziotarako materiala prestatzen dugunok lau orduan behin txandakatu egin beharko ginateke, bakoitzaren ekoizpenari erreparatu gabe”.

Lan baldintzak hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa iragarri du ordezkari sindikalak, Bizkaiko arrain kontserba eta gazituen sektorean lan hitzarmen berria sinatzeko aurreakordioa adostu ostean. Bi aste barru sinatuko dute ituna, abenduaren 14an. Hitzarmen berria hiru urtean egongo da indarrean, eta soldata igoerak jaso ditu akordioak. Hainbat mobilizazio egin dituzte Bizkaiko sektore horretako langileek aurreko hiletan. Soldata duinak eta hitzarmena eguneratzea eskatzen zuten, besteak beste.

Orokorrean, negu partea garai lasaia izan ohi da Salica eta antzeko kontserba eta gazituen enpresetan. Lenizek azaldu du: “Aste Santutik Gabonetaraino egoten da lan gehiago; neguan, gutxiago. Atun freskoa ekainetik urrira edo azarora bitartean egoten da. Aurten abuztura arte besterik ez da egon. Saiatzen gara lana urte osoan banatzen, erritmoa antzekoa izan dadin. Baina ezinezkoa da. Aste Santutik aurrera lan handiko garaiak egoten dira; eskaera berriak iristen zaizkigu. Baina beti dago zerbait. Eta egon dadila aurrerantzean ere. Ez dagoen eguna egun txarra izango da-eta”.

Lan handiko garai horiek eragina dute langileen erritmoetan, noski. Eta kexu agertu da Larrabaster. “Prebentziorako ordezkari legez, urteetan ari gara eskatzen azterketa bat egin dezatela nabari dugun estresari buruz ikertzeko. Txandaka egiten dugu lan, merkatuaren eskariaren arabera. Lehen, ezarrita zeuden txanda zehatzetan aritzen ginen. Orain, sarri egun batetik bestera aldatzen dizkigute”.

Freskotik potora

Agurne Luzarragak hogei urte daramatza lanean Salican. Mendrezka garbitzen ari da. Hark ere badaki zer garrantzitsua den azkar eta ondo lan egitea. “Lan suabea da; ez da indarrik behar”. Mendrezka egosita iristen da berak lan egiten duen sailera. Haiek garbitu egiten dute, barrutik eta kanpotik. Atalak ondo ordenatuta jartzen dituzte zintan, latan sartu behar dituztenen lana errazteko. Dendetan aurkitzen diren obalatu itxurako latetan sartzen dute hegaluzearen gutizia. Enpresan egin dituen hogei urteetan lan egiteko erak asko aldatu diren arren, mendrezkarekin beti bezala jokatzen dutela azaldu du: “Mimo eta kontu handiz tratatzen dugu mendrezka. Asko mimatzen da”.

Arraina tratatzeko prozesu guztian nabari dira kontu handiz manipulatzeko irizpideak Salican. Osasun eta kalitate neurri zorrotzak ezarri eta betetzen dituzte Bermeoko enpresa horretan. Ekoizpena ikustera sartu ahal izateko, ezin da ez belarritakorik, ez eskumuturrekorik eraman soinean; ilea txapel batean ondo bilduta, zapatentzako estalkia, eta mantala eta txalekoa jantzita sartu behar da.

Arrain egosi berriaren usainak betetzen ditu ia espazio guztiak. Arrain freskoa zein izoztua iristen da Sollubera bidean kokatutako enpresara. Garbitu, azala eta hezurrak kendu, moztu eta egosi egiten dute batzuetan. Beste batzuetan, prozesu horiek eginda iristen zaizkie Galiziako zein Ekuadorko plantetatik.

Lau arrain espezie aurki ditzake kontsumitzaileak bere kontserbetan. Hegaluzea da bat; hegaluze argia izenarekin saltzen direnak yellowfin edo bigeye espezieak izan daitezke. Atun izenarekin saltzen dituzten laten barruan, berriz, atuntxikia dago.

Kontserbak egiteko prozesuan hainbat arlo zaindu behar dituzte. Leniz: “Lata ondo ixtearena da puntu garrantzitsuenetako bat. Puntu kritiko esaten zaio. Hori, esterilizazioa, egosketa eta garbiketa dira garrantzitsuenak”.

Buru-belarri ari dira lanean denak ekoizpen prozesuan. Lasaitasuna nabari dute, hitzarmenerako aurreakordioa lortuta. Lenizek esan du: “Garrantzitsua da ados jartzea lortu izana. Inori ez zaio gustatzen-eta halako egoeretan egotea”. Iritzi berekoa da Larrabaster: “Gatazka deserosoa da. Barne tentsioak sortzen ditu. Sindikatuetako ordezkariei ere ez zaigu gustatzen gure enpresaren fatxada komunikabideetan ikustea. Lana ondo egitea dagokigu”.