Iaz 2.201 eraso matxista zenbatu zituzten Bizkaian; 2016an baino 140 gehiago

Iaz 2.201 eraso matxista zenbatu zituzten Bizkaian; 2016an baino 140 gehiago

Aitziber Laskibar Lizarribar

Kezkagarriak dira datuak, kezkagarriak jarrerak, eta are kezkagarriagoak joerak: iaz, 2.201 eraso matxista zenbatu zituzten instituzioek Bizkaian; eguneko sei, eta aurreko urtean baino 140 gehiago. Gainera, pentsa zitekeenaren aurka, gazteen artean egoera ez da hobera egiten ari: hiru biktimizaziotik bat 31 urtetik beherako emakumeek jasan zituzten; adin horretatik beherako andreek 765 kasu salatu zituzten.

Nerabeen egoera bereziki larria da, joera matxistak errepikatzen ari direla erakusten duelako: 14 eta 17 urte arteko neskek jasandako 116 eraso zenbatu zituen iaz Emakumeen Aurkako Biolentziaren Bizkaiko Behatokiak, eta 18 eta 20 urte artekoei egindako 98; guztira, beraz, 214 eraso 14 eta 20 urte arteko nesketan. Kontuan hartu behar da zenbatu dituzten kasu guztietan poliziek parte hartu behar izan dutela, eta, beraz, pentsatzekoa da beste kasu asko salatu gabe, isilean igaro direla.

Adin tarte guztietan dira handiak zenbakiak, eta ez dago eraso matxistetatik salbu geratzen den adinik. Helduarora gerturatzen ari diren neska gazteek 21 eta 30 urte artekoek jasandako 467 eraso zenbatu zituzten iaz. Haurren kontrako eraso matxistek ere alarma pizten dute: 14 urtetik beherako neskatoek jasandako 84 eraso salatu zituzten iaz.

Eraso matxistak jasan zituzten emakume gehienen erasotzaileak haien bikotekideak edo bikotekide ohiak izaten dira; iaz, Bizkaian zenbatutako 2.201 kasuetatik 1.574tan. Horietatik 515 erasotako biktimak gazteak ziren, 31 urtetik beherakoak. Familia giroan ere uste baino ohikoagoak dira erasoak. Iaz 458 eraso matxista izan ziren familiartekoak; 133, 31 urtetik beherako nesken aurkakoak.

Sexu askatasunaren aurkako erasoek indar berezia dute gazteen artean. Nabarmen gehitu dira horiek azken urtean: 169 eraso zenbatu ditu Emakumeen Aurkako Biolentziaren Bizkaiko Behatokiak, 2016an baino %38,5 gehiago. Sexu askatasunaren aurkako 169 erasoetatik gehien-gehienak (117), 31 urtetik beherakoek jasan zituzten.

Balioak errepikatzen

Behatokiak urtero egiten duen datu bilketarekin, egoeraren erradiografia egitea da helburua, aurrera begirako neurriak zehazte aldera. Eta ondorioak kezkagarriak dira, batez ere gazteenen artean jarrera matxistak errepikatzen ari direla agerian uzten dutelako. Etorkizunera begira egoera iraultzeko gazteengan joera aldatzea ezinbestekoa delako jarri du arreta haiengan Emakumeen Aurkako Biolentziaren Bizkaiko Behatokiak. Bada, txostena eskuetan, oharra igorri du Teresa Laespadak, Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak: “Nerabeek eta gazteek desberdintasuna iraunkortzen duten eta indarkeria sustatzen duten balioak ikasten jarraitzen dute”. Adibide gisa, ohartarazi du maitasun gisa onartzen dutela jeloskortasunez bikotekidea kontrolatzea eta hari mehatxu eta eraso egitea.