Gatikako goi tentsioko sarea gelditzeko eskatu dute Bruselan

Gatikako goi tentsioko sarea gelditzeko eskatu dute Bruselan

Peru Azpillaga

Europako Batasunak herrialdeen arteko energia konexioa bermatzea ezarri du helburutzat. Horretarako, Europako zenbait herrialde beren artean energetikoki lotzeko proiektuak jarri ditu martxan. Horien artean, “estrategikotzat” jo du Gatika Bordeletik gertu dagoen Cubzenais herriarekin (Akitania Berria, Frantzia) lotzeko autobide elektrikoa. Gatikako herri plataformako kideak, ordea, “zentzurik gabeko” azpiegitura dela salatu dute, eta, Autobide elektrikorik ez lelopean, Bruselan izan dira “megaproiektua” salatzeko.

Euskal Herria eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko lineak 370 kilometroko luzera izango du, eta, oro har, urpetik joango da —280 kilometroan. Lemoizko zentral nuklearra erabiliko dute Gatikatik kostara joango den goi tentsio linea hedatzeko, eta, Gatikan eta Cubnezaisen transformazio estazio bana eraikiko dute hara iristen den korronte elektrikoa eraldatzeko. Hain zuzen ere, Bizkaiko sei udalerri hartuko ditu egitasmoak REE Red Elektrica Española enpresak zabaldutako txostenaren arabera: Lemoiz, Bakio, Gatika, Laukiz, Jatabe eta Mungia. REE izango da lanen arduraduna, eta 2021ean hasi nahi ditu obrak. Orotara, 1.750 milioi euroko kostua izango dute.

Azpiegitura hori gauzatu dadin, Europako Batasunak argindar konexioak hobetzeko emandako laguntzarik handiena emango dio Cubnezais eta Gatika arteko obrari: aurrekontuaren herena ordainduko du.

“Plataformakook argi dugu gure helburua ez dela proiektua Gatikatik kanpo ateratzea: argudioak entzun genituenean adierazi genuen ez genuela azpiegitura hau eraikitzerik nahi, ez hemen eta ez inon”, azaldu du Isusko Alboniga Gatikako Interkonexio Elektrikorik Ez elkarteko kideak. Albonigak azaldu du proiektua orain dela urtebete inguru ezagutu zutela, zurrumurruak lehenago hasi ziren arren. Europako Batasunaren babesa izanik, ordea, REEk zenbait pauso jarraitu behar dituela adierazi du Albonigak. Lehenik, parte-hartze fasea izan zen. Fase horretan, herritarrei galderak egiteko aukera eman zieten, “egitasmoaren parte sentitzeko”, eta bilera informatiboak egin zituzten kaltetutako herrietan. “Guk asko kritikatu dugu fase hori”, salatu du Albonigak. Haren esanetan, ez da benetako parte hartzerik izan: “Aurkezpen bat egitera etorri ziren, eta denborarekin ikusi dugu esandako gehiena gezurra dela”.

Egitasmoa aurkeztu zutenean informazio gehiagoren bila hasi ziren Alboniga eta beste hainbat kide. “Aragoin eta Katalunian bizipen berbera izan duten elkarte eta plataformekin harremanetan jarri ginen. Haiek dokumentazio eta argudio mordoa eman dizkigute”. Ondoren, Ekologistak Martxan elkarteko tekniko batekin eta EHUko bi irakaslerekin jarri ziren harremanetan azpiegituraren nondik norakoak ondo ulertzeko. “Gure harrigarri, ez dago argudiorik egitura hau martxan jartzeko”. Behin parte-hartze fasea burututa, REE azpiegituraren inpaktuaren ingurumen azterketak egiten hasi dela azaldu du. Gainera, salatu duenez, txosten horiek egiteko, era ilegalean sartu dira zenbait lursailetan, eta, salaketa bi jarri dituzten arren, ez dute erantzunik jaso. 2020an baimen teknikoak eskuratu ostean, 2021ean abiatuko dituzte eraikuntza lanak.

Beharra ala negozioa

Zehaztu gabe dago Lemoiztik Gatikaraino joango den goi tentsioko linearen zatia airez edo lur azpitik joango den. Dena dela, Gatikan bertan eraikiko duten transformadoreak lau hektareako azalera hartuko du, eta hogei metroko altuera izango du. Transformadorea funtsezkoa da Frantziatik ekartzen den energia kontsumitu ahal izateko. Goi tentsioko lineak ondorio larriak ekarriko dituela dio Albonigak: zarata, kableen eremu elektromagnetikoa, lursailen degradazioa eta debaluazioa, osasun arazoak…

Horrekin batera, kableak Kantauri itsasotik igaroko direla azpimarratu du. Kantauri itsasoan Capbreton izeneko arroila dago, ehunka metroko sakonera duena. REEk asmoa du itsas hondoko gainazala zulatu eta kableak handik pasatzeko. “Mundu osoan ez dute halakorik inoiz egin; proiektu hau proba moduan ere erabili nahi dute. Bertako ekosistemari kalte handia eragingo dio”, kexatu da Alboniga.

Hiru dira REEk emandako argudioak azpiegituraren beharra justifikatzeko. Plataformaren aburuz, ordea, “zentzugabeak” dira, eta “interes ekonomikoak” daude proiektuaren atzean. Emandako lehenengo argudioa segurtasuna da, Albonigak azaldu duenez, elektrizitate mozketak gutxitzeko. “Gure datuen arabera, ez da horrela, eta, gainera, hemen ez da ia mozketarik izaten”. Beste bi “aitzakiak”, berriztagarrien erabilera areagotzea eta elektrizitatearen prezioa murriztea direla aipatu du. “REEk publikatzen dituen datuek kontrakoa adierazten dute”. PPren gobernuak batzorde berezi bat osatu zuen, adituekin, etorkizunera begira eredurik eraginkorrena zein den aztertzeko. “Aukera eta eredu asko aztertu zituzten, eta guztietan azpiegitura hau egintzat ematen zuten. Ondoriotzat aipatzen da interkonexio hau eginez gero ez dela berriztagarrien erabilera areagotuko, baizik eta gutxitu egingo dela. Elektrizitatearen prezioa ere ez dela jaitsiko azaldu zuten, eta, aldatzekotan, gora egingo duela”.

Gironan orain dela hiru urte martxan jarri zuten Gatikakoaren parekoa den goi tentsioko linea bat. “Ondorioak ez dira inondik inora REEk saldutakoak: prezioa ez da jaitsi, eta berriztagarriek behera egin dute”. Emandako datuen arabera, Espainiak askoz energia gehiago inportatzen du esportatu baino. “Interkonexioaren bidez Espainian sortzen den energia berriztagarria esportatzeko aukera egongo dela diote, baina ez da horrela gertatzen”, argudiatu du Albonigak. Azaldu duenez, Frantziatik energia nuklearra inportatzeko erabiltzen ditu goi tentsioko sareak Espainiak. “Energia nuklearra askoz merkeagoa da, eta hemen garestiago saltzen dute”. Kasualitatez ala ez, Gatikarekin lotuko den Cubnezais herriaren ondoan Blayais zentral nuklearra dago.

Albonigak azaldu du proiektuaren oinarrian Europako Batasunak herrialdeak lotzeko duen asmoa dagoela, Batasunetik kanpoko herrialdeekiko mendekotasuna murriztu dadin, EBko kide diren herrialdeen artean energia garraiatu nahi dute. Horretarako, irizpide batzuk ezarri ditu. Espainiak kalkuluak ekoizte gaitasunaren arabera egin dituela salatu du; ez benetan kontsumitzen den energiaren arabera: “Behar baino askoz energia gehiago sortzeko gaitasuna du; sare elektrikoa gaindimentsionatuta dago, eta kalkuluak ere halakoak dira”.

Bruselara jo dute, beraz, Albonigak eta elkarteko zenbait kidek. Gueñes-Itsaso (Gipuzkoa) plataformako kideekin batera egin dute bidaia. Hain zuzen ere, bi egitasmoek helburu berari erantzuten diotelako. Hamarkada bat igaro da Gueñes eta Itsaso arteko goi tentsioko linea eraikitzeko lanak iragarri zituztela. 48,9 kilometroko luzera izango duen sarea lozorroan egon da orain arte, eta obrak urte amaieran hasiko dira. Albonigak aipatu duenez, “azpiegitura horrek ez du zentzurik Gatikakoa egiten ez bada, linea hori Gatikakoa arintzeko erabiliko da”.